Altzairuaren eta aluminioaren inguruan hasitako gerra komertzialean, agian alkohola izango da hurrengo jomuga. Donald Trump AEBetako presidenteak mehatxu egin du %200eko muga zerga jarriko diela EB Europako Batasunaren ardoari eta beste edari alkoholdunei, baldin eta EBk bourbonari eta beste produktu batzuei %50eko tarifak jartzeko asmoei eusten badie.
AEBek %25eko muga zerga jarri zieten asteazken goizaldean altzairu eta aluminio inportazioei, eta berehala iritsi zen Europako Batzordearen erantzuna: apiriletik aurrera muga zergak handituko dizkie AEBeko 26.000 milioi euroren inportazioei. Zerrenda oraindik ez dago amaituta, baina zergapetuko dituzten produktuen artean agertzen dira Trumpen alde egin duten estatuetako produktu izarrak, hala nola Kentuckyko bourbona eta Harley Davidson motorrak —Wisconsinen eta Pennsylvanian egiten dituzte—.
EBk jakinarazi zuen apirila arte itxarongo duela muga zergak indarrean jartzeko, eta horrekin uler daiteke negoziaziorako tartea utzi nahi duela. Eta Trumpek negoziatzeko duen estiloari jarraituz, hordagoa jo du. Truth Social bere sare sozialaren bitartez iragarri du «Frantziatik eta EBtik datozen ardoei, xanpainei eta beste produktu alkoholdunei» %200eko muga zergak jarriko dizkiela, baldin eta bourbonak %50eko muga zerga «nazkagarria» jasotzen badu. Trumpek ez du alkoholik edaten.
Kaltea Euskal Herriari
AEBetako presidentearen iragarpenaren eraginez, Europako edari alkoholdunen sektoreak kolpe handia jaso du burtsan: %4 jaitsi da Pernod Ricard, %1,1 LVMH eta %0,2 Diageo. Hiru multinazional horiek ardoa, whiskia, koñaka eta beste edari asko esportatzen dituzte AEBetara.
Euskal Herriko ekoizleei ere kalte handia egin diezaioke %200eko muga zergak, AEBetakoa merkatu garrantzitsua baita esportazioentzat. Bereziki kaltegarria izan daiteke txakolinarentzat, haren atzerriko merkatu nagusia baita, eta bereziki, Getariako Txakolina sor-markakoentzat, hamar botilatik bat hara bidaltzen baitute —esportatutakoen %60—. Arabako Txakolinak, berriz, botilen heren bat-edo esportatzen du, eta Bizkaiko Txakolinak, %5 inguru. %200eko muga zerga batek merkatutik kanpo utziko lituzke.