Osteguneko eta ostiraleko zartakoak ikusita, inbertitzaile eta analistak ia ziur ziren astelehenean beste ipurdiko bat izango zela merkatuan. Besteak beste, ostiralean Asiako merkatu askotan jaia izan zutelako, eta orduan saihestutako beherakadak gaur irentsi beharko zituztelako.
Bada, hemengo ordu txikitan jada zenbaki gorriak piztu ziren Asiako merkatuetako pantailetan, eta baita AEBetako baloreen gerokoen merkatuetan ere. Ikusmira ez zen hobea Europan, eta han ere gorria nagusitu da pantailetan.
Jaitsiera handiak izan dira Asian. Tokion, Nikkei indizeak ia %8ko beherakada izan du, Seulgo Kospi indizeak %5,57koa, Taiwango Taiex indizeak %9,7 egin du behera, eta, Txinan, Shanghaiko eta Shenzengo burtsak %7,34 eta %9,66 amildu dira hurrenez hurren; Hong Kongekoa, %13,2.
Europan ere, indize nagusiek beherakada handiak izan dituzte eguna hasi orduko. Stoxx Europ 600 indizea %5,7 amildu da; Alemaniako Dax indizean %10eko jaitsiera izan da tarte batean, baina, gero, %6,4ko zenbaki negatibora igo da. Parisko CAC 40 indizeak %6,8ko galera dauka, eta Madrilgo Ibex-35ak %5,9 ingurukoa.
Testuinguru ekonomikoaren eta balio merkatuen aldakortasuna AEBetako burtsan ere islatu da gaur arratsaldean. Zabaldu eta ordu gutxira irabaziak pilatzen hasi baitira indizie nagusiak. Arrazoia? Trumpen aholkulari ekonomiko batek zabaldu du tarifak indarrean sartzeko data 90 egunez atzeratzea aztertzen dabilela dela Etxe Zuria. Txina ez beste herrialde guztientzei eragingo lioke hiru hilabeteko menia horrek, CNBC telebista kateak zabaldu duenez. Washingtonek berehala gezurtatu du zurrumurrua, ordea, eta horrekin batera beheranzko joera hartu du berriz burtsak.

Funtsean, aurreko egunetako laino beltzek hor diraute. Azken batean, burtsetako eta merkatuetako galerek zera islatzen dute, zenbateko kezka sortu den Donald Trumpen Askapenaren eguneko muga zerga orokortuek ekonomian —AEBetan eta mundu osoan— eragingo duten kaltearen harira.
Eta, jakina, Trumpek ez du ez konfiantzarik ez lasaitasunik eskaini. Asteburua golfean pasatu ostean, Mar-a-Lagotik (Florida) Washingtonera itzultzeko hegaldian adierazpenak egin ditu bart gauean, Air Force Oneko ate batean. «Txinarekin, Europarekin dugun defizitaren arazoa konpondu nahi dut. Horri buruz hitz egin nahi badute, hitz egiteko prest nago, baina, bestela, zergatik nahiko nuke nik haiekin hitz egin?».
«Ez dakit zer gertatuko den merkatuekin. Ez dut ezer jaistea nahi, baina batzuetan, sendagai bat hartu behar da zerbait konpontzeko»
DONALD TRUMPAEBetako presidentea
Hala ere, Trumpek azaldu du mundu osoko liderrekin eta konpainia teknologiko handietako buruekin hitz egin zuela, nahiz eta ez zehaztu zer herrialdetakoak diren.
Merkatuak ere aipatu ditu: «Ez dakit zer gertatuko den merkatuekin. Ez dut ezer jaistea nahi, baina, batzuetan, sendagai bat hartu behar da zerbait konpontzeko».
Truth Social sare sozialean ere idatzi du Trumpek: «Txinarekin, Europarekin eta hainbat herrialderekin finantza defizit masiboa dugu. Hori sendatzeko modu bakarra TARIFAK dira: haien bitartez, dozenaka bilioi dolar ekartzen ari gara AEBetara. Indarrean daude jada, eta gauza ederra dira ikusteko».
62,7Brent upelaren prezioa, dolarretan Trumpen muga zergek munduko ekonomian atzeraldia eragingo dutelako eta petrolio eskaria apalduko delako kezka antzeman da petrolioaren merkatzean ere. Apirilaren 2an, Brent upela 74,95 dolarretan salerosi zen, eta horrek esan nahi du orduz geroztik haren prezioa %14,98 amildu dela.
Horiek horrela, Trumpek bere Askapenaren egunarekin sututako merkataritza gerran ez da antzematen apaltze, leuntze edo atzera-bueltarik oraingoz.
Ikusi beharko da, gainera, zer egiten duten gerra horretako beste partaide handiek. Trumpen muga zergei neurri bertsuak ezarriz erantzun die Txinak, eta are gehiago mugatuz material kritikoek AEBetarako esportazioak. Asteburuan, Xi Jinpingen gobernuak azaldu du bizkortu egingo dituela Txinan barne kontsumoa sustatzeko politikak.
Europan, berriz, Ekonomia eta Merkataritza ministroak Luxenburgon daude bilduta. Espero da eguerdian egingo dutela adierazpen ofizialen bat Trumpen azken erabakiaren inguruan
Europan, berriz, Ekonomia eta Merkataritza ministroak Luxenburgon daude bilduta; besteak beste, adosteko nola erantzun Trumpek aurretik altzairuari eta aluminioari ezarritako muga zergei. Espero da eguerdian egingo dutela adierazpen ofizialen bat Trumpen azken erabakiaren inguruan. Zalantza gutxi dago horren inguruan, eta uste da ministroak eta Europar Kontseilua batasun mezu bat ematen saiatuko direla.
Trumpekin negoziatzeko orduan irmotasun pixka bat erakutsi nahi badu, EBk ezinbestekoa izango du batasuna agertzea. Eguerdian ikusiko da, halaber, EBren jarrera zenbateraino den negoziatzailea, eta blokeak zenbaterainoko asmoa duen Askapenaren eguneko Trumpen erasoari kontraerasoa jotzeko.
Bitartean, zerk geratuko du merkatuetako odolustea? AEBetan, bada Erreserba Federalak larrialdiko neurriren bat hartzeko eskatzen duenik. Uste dute Jerome Powell Fed-eko buruak interes tasak jaitsiz gero balitekeela atzeraldiari izkin egitea, edo, behintzat, kolpea arintzea.
Beste aukera bat ere aipatu dute: AEBetako auzitegiek tarifak etetea, haien legezkotasuna zalantzagarria delako, Trumpen argudioak direla eta. Edonola ere, argi dago oraingoz Trumpek ez duela atzera egiteko asmorik. Panorama iluna dela oraindik ere merkataritza globalarentzat. Eta ondorioz, merkatuetan laino beltzak daudela.