Trumpek erdizka entzun du finantza merkatuen oharra

AEBetako presidenteak ziurtatu du mikrotxipak eta produktu elektronikoak ez direla «libratuko» muga zergetatik. Iradoki du autogileei denbora gehiago eman diezaiekeela. EBko Merkataritza komisarioa Washingtonera joan da negoziatzera.

Nayib Bukele El Salvadorreko presidentea eta Donald Trump AEBetakoa, Etxe Zurian, gaur. KEN CEDENO / EFE
Nayib Bukele El Salvadorreko presidentea eta Donald Trump AEBetakoa, Etxe Zurian, gaur. KEN CEDENO / EFE
Iker Aranburu.
2025eko apirilaren 14a
18:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Norbaitek uste bazuen Donald Trumpek finantza merkatuen ohar ozena entzun eta tarte batez tiradera batean sartuko zuela muga zergak handitzeko politika, oker dabil. AEBetako presidenteak asteburuan iragarri du «aurki» jarriko dizkiela aduana tarifa bereziak orain halakorik ez duten produktuei, hala nola botikei, erdieroaleei, sakelako telefonoei, ordenagailuei eta aparatu elektronikoei.

Trumpek merkataritza gerra hasi zuenetik, burtsak amildu egin dira  —AEBetako S&P 500 indizeak %12 egin du behera otsailaren erdialdetik—, dolarrak indarra galdu du —%10 azken astean euroarekin alderatuz—, eta AEBetako zorraren interesak igotzen ari dira. Merkatuek garbi erantzun diote Trumpi, eta neurri batean atzera egitea bultzatu dute, 90 egunez %10era mugatu baititu egun batzuk lehenago iragarritako «elkarrekiko» muga zergak —Txinari jarritakoak izan ezik—.

Tentu handiagoarekin jokatzeko asmoa zuela iradoki zuen ostiral arratsaldean, sakelako telefonoen eta aparatu elektroniko batzuen muga zerga horietatik kanpo utzita, eta merkatuek ongi hartu dute hori, gora egin baitute azken egunotan, eta baita gaur ere.

Baina baliteke finantza merkatuen su etenak gutxi irautea. Igande arratsean, golf partida bukatutakoan, Trumpek berriro ekin zion erasoari, Truth Social bere sare sozialaren bitartez, eta, nola ez, hizki handiz. «Inor ez da libratuko», ohartarazi zuen, eta iragarri zuen beste muga zerga bat jarriko ziela «aurki» erdieroaleei «eta produktu elektronikoen ekoizpen kate osoari». Txip horiek produktu elektroniko guztietan erabiltzen dira, eta, hortaz, denak garestituko lituzke.

%80

Zenbat iPhone telefono egiten diren Txinan. Appleren sakelako telefonoek sekulako arrakasta dute AEBetan, merkatuaren erdia baino gehiago (%51) kontrolatzen baitute —Euskal Herrian, lautik bat dira—. Telefono horietatik, %80 Txinan egiten dituzte, Foxconn-ek eta Taiwango beste konpainia batzuek.

Hori bai, azaldu zuen halako osagaiak Txinatik eta beste herrialde batzuetatik ekartzen dituzten enpresekin —guztiekin, alegia— hitz egingo zuela erabaki bat hartu aurretik. Uler daitekeenez, Txinako produktuei jarritako %125eko muga zerga berezia baino txikiagoa izango da mikrotxipei jarritakoa. 

Tarifa egon egongo dela ziurtatu du AEBetako Merkataritza idazkariak, Howard Lutnickek, eta berretsi egin du zein den Washingtonen asmoa: produktu elektronikoen hornidura katea AEBetara itzultzea. Edo aurreko astean Lutnickek berak modu grafiko batean azaldu zuen bezala: «Milioika eta milioika gizakiz osatutako armada bat torloju txikiak jartzen iPhoneak egiteko; horrelako gauzak izango dira berriro AEBetan».

apple
Emakume bat Appleren telefono berriaren iragarkiaren ondotik igarotzen, Pekinen. JESSICA LEE / EFE

Lutnicken ametsa gauzatzeko aukerak, ordea, nahiko urriak dira. Batetik, hilabeteak eta, are, urteak beharko lirateke fabrikak eraikitzeko eta langileak prestatzeko. Gainera, badira beste bi eragozpen: nahikoa langile egongo al dira horrelako lanak egiteko prest? Aurkituz gero, haiei ordaindu beharreko soldatek ia ezinbestean garestituko lituzkete Txinan egindako produktuak.

Autoak garestitzen ari dira ibilgailu horien inportazioei %25eko muga zergak jarri izanaren ondorioz. Autoen osagaien gaineko muga zergak, bestalde, maiatzaren 3an ziren indarrean jartzekoak, baina agian atzeratu egingo direla iradoki du Trumpek: «Autogileei laguntzeko zerbaiten bila ari naiz. Kanadan, Mexikon eta beste leku batzuetan egiten ziren osagaiak bilatzen ari dira, baina denbora behar dute, hemen egingo dituzte eta». Hori esan, eta General Motors, Ford eta Stellantisen akzioak asko igo dira burtsan. 

Komisarioaren hirugarren ahalegina

Trumpek muga zergen parte bat atzeratu izanak atea ireki die negoziazioei. AEBetako presidenteak ez du lortu helburu nagusitzat jo zitekeena, hots, Txina erreguka joan ziezaiola konponbide eske —edo «ipurdia miazkatzera», haren hitzen arabera—. Pekinek irmo erantzun dio, kolpe bakoitzari neurri bereko beste kolpe batekin aurre eginez.

Europako Batasunak, berriz, Trumpekin hitz egitea hobetsi du, nahiz eta behin eta berriro esaten duen prest dagoela zigor neurriak ezartzeko; hala egin zuen AEBek altzairuaren eta aluminioaren inportazioei jarritako %25eko muga zergekin, baina berehala eten zituen, Trumpen keinuari erantzuteko.

Negoziazio horietarako itzuli da gaur Washingtonera Maros Sefcovic EBko Merkataritza komisarioa. Hirugarren bisita izango du azken hilabetean, eta aurreko bietan esku hutsik itzuli zen Bruselara. Sefcovicek parean izango ditu EB mespretxuz ikusten duen administrazio bateko kideak; haren aurkako adierazpenak egin dituzte JD Vance lehendakariordeak eta Pete Hegseth Defentsa idazkariak, baina Trumpen esaldi bakar batekin laburtu daiteke presidenteak zer iritzi duen EBri buruz: «Merkataritza kontuetan Estatu Batuei kalte egiteko sortu zen Europako Batasuna» .

Uste denez, Merkataritza komisarioak gas gehiago erostea eskainiko dio Trumpi. Jada AEBak dira gas naturalaren hornitzaile nagusiak, Errusiaren ordez, baina AEBak azpiegiturak prestatzen ari dira are gehiago esportatzeko, eta gas horrentzat erosle bat nahi du Trumpek.

sefcovic
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea eta Maros Sefcovic Merkataritza komisarioa, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE

Edonola ere, Bruselak ohartarazi du enpresek erosten dutela gasa, eta haiek eskaintzarik errentagarrienei erreparatzen diete. Askok adierazi dute dagoeneko ahal bezainbeste gas erosten ari direla AEBetatik. Gainera, gas kontsumoa behera doa EBn, energia berriztagarrien mesedetan.

Sefcovicen beste proposamen bat izan daiteke %0eko muga zergak ezartzea industria produktuei Atlantikoaren bi aldeen artean. Trumpek berak baztertua du proposamen hori lehendik ere.

EBren arazoa da AEBetako produktu gutxiago zergapetu ditzakeela, AEBek gutxiago inportatzen baitute Europatik, Europak AEBetatik baino. Gainera, horien artean nagusia petrolioa da, eta ez zaio komeni haren gaineko muga zergarik ezartzea. Horregatik, EB aztertzen ari den beste zigor bat da AEBetako zerbitzuak zigortzea. Batez ere enpresa teknologikoak ditu buruan. EBren digitalizazio arauen aurkako kanpaina betean ari dira Apple, Meta, Amazon eta halakoak, baina haiei kalte egiteko aukera badu Bruselak: esaterako, haien publizitate sarrerei tasa bat ezarrita.

Are urrunago jo dezake, eta hertsatze tresna baliatu. 2023an onartu zuten araudi hori, EBk legez kanpokotzat jotzen dituen presio politikoei eta ekonomikoei erantzuteko. Bruselak ez du inoiz erabili, baina aukera ematen dio zerbitzu batzuk debekatzeko eta enpresa batzuei lehiaketa publikoetara aurkeztea galarazteko.

oposizioaren eskaerak Pradalesi

Donald Trumpek hasitako merkataritza gerrari aurre egiteko neurriak prestatzen ari dira mundu zabaleko gobernuak, baita Euskal Herrikoak ere. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak joan den astean iragarri zuen 2.150 milioi euro aktibatuko dituela muga zergen ondorioz AEBetako merkatua gal dezaketen enpresei laguntzeko. Gaur, neurri horien berri eman die Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiei, Voxekoei izan ezik. Oro har, harrera ona jaso du Pradalesek, baina oposizioak zenbait eskaera egin dizkio. PPk eskatu dio siderurgiari eta jaki industriari erreparatzeko, eta Sumarrek, berriz, enplegua babesteko konpromisoa harrarazteko laguntza jasotzen duten enpresei. Azken horrekin bat egin du Pello Otxandiano EH Bilduko bozeramaileak, baina deskarbonizazioa ere aintzat hartzeko eskatu. Gainera, Otxandianok «hutsune» batzuk ikusi dizkio Jaurlaritzaren planari, hala nola «ongi ez zehaztea» nola baliatuko diren I+G arlorako iragarritako 533 milioi euroren inbertsioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.