Ostegun arratsaldean Donald Trump AEBtako presidenteak iragarri zuen muga zergak ezarriko dizkiela AEBtatik inportatutako produktuei zerga berdinak aplikatzen dizkieten hainbat herrialderi. Neurriak Europako Batasunari eragingo dio bereziki, batez ere autogintza sektoreari.
«Erabaki dut, justizia arrazoiengatik, elkarrekiko muga zergak ezarriko ditudala, eta horrek esan nahi du herrialde batek Estatu Batuei ordainarazten badio, guk ere berdin kobratuko diegula. Ez gehiago, ez gutxiago», adierazi die Trumpek kazetariei Etxe Zuriko bere bulegoan. «Mundu guztia aprobetxatu da AEBez, eta garesti ordaindu dugu. AEBek herrialde askori lagundu diete urteetan, eta horrek kostu finantzario handia izan du. Orain da garaia herrialde horiek beraiengatik egin duguna gogora dezaten eta modu justuan trata gaitzaten», gaineratu du.
Muga zerga horren inguruko hainbat xehetasun ere eman ditu. Neurria ez da berehalakoan indarrean sartuko, eta «asteak edo hilabeteak» edukiko dituzte inplikatutako aldeek negoziatzeko. Aurrena, AEBekiko zorrik handiena duten herrialdeei aplikatuko die neurria, eta zabalduz joango da. Halaber, muga zerga hori ez da guztientzat berdina izango. AEBei ezarritakoen araberakoak izango dira.
BEZa jopuntuan
Europako Batasunaren kasuan, BEZ zerga du jo puntuan. BEZa ez da muga zerga, kontsumoari aplikatzen zaion zerga bat baizik, eta herrialde bakoitzak berea dauka. AEBetan ez dago halakorik, edo ez behintzat modu uniforme batean; hala ere, estatu batzuetan aplikatzen da antzeko zergaren bat, baina EBkoak baino askoz ere txikiagoak dira. Trumpen asmoa da Europatik AEBetara bidalitako produktuei Europan ezartzen zaien antzeko BEZa ezartzea aduanetan, muga zerga bezala. AEBetako agintariak ikerketa bat agindu du BEZ horiek zenbatekoak diren aztertzeko.
Trump oso gogor mintzatu da horren inguruan. BEZaren bidez «merkataritzan erabat basatia» izatea eta «ezkutuko aduana zergak» izatea leporatu dio EBri. «Bada arrazoi bat Alemaniak guk saltzen dizkiegunak baino auto gehiago saltzeko, eta ez da manufakturaren kalitateagatik edo AEBetako diseinuagatik. Merkataritza praktika desleialengatik besterik ez da, eta hori hilgarria da. Muga zerga ezkutua da», adierazi du.
Bereziki elikaduraren sektoreari, farmazia industriari eta autogintzari eragin diezaieke zerga berriak. Adibidez, Europako Batasunak AEBetan ekoitzitako ibilgailuei %10eko muga zerga ezartzen die. Kontrako zentzuan, Europan ekoitzi eta ozeanoaren beste aldean saltzen direnek %2,5ekoa dute. Justu, Europak bertako sektorea babesteko hartu zuen neurria, Trumpen lehen agintaldian.
Astearen hasieran, AEBetarako altzairu eta aluminio inportazioei %25eko muga zergak ezarri zizkiela jakinarazi zuen Trumpek —martxoaren 12an sartuko dira indarrean—.
Ostiral honetan, Bruselak adierazi du «irmo eta berehala» erantzungo diela Trumpek iragarritako muga zerga berriei, iritzita ez dutela «justifikaziorik» eta «norabide txarrean egindako urratsa» dela.