Trumpek baieztatu du muga zergak jarriko dizkiela Mexikori, Kanadari eta Txinari

Migratzaileen eta fentaniloaren sarrera ez oztopatzea egotzi die AEBetako presidenteak bere auzoei. Petrolioaren kasuan txikiagoa izango da muga zerga, AEBetako findegiek Kanadako petrolio astuna prozesatzen dutelako.

Donald Trump AEBetako presidentea, ostiral honetan, Etxe Zurian. YURI GRIPAS / EFE
Donald Trump AEBetako presidentea, ostiral honetan, Etxe Zurian. YURI GRIPAS / EFE
Iker Aranburu.
2025eko otsailaren 1a
15:00
Entzun

Gerra komertzialak hastear da Donald Trump. Ostiral honetan zehaztu du Kanadaren eta Mexikoren aurkako %25eko muga zergak jarriko dituela, eta %10koak Txinari, eta iragarri du gaur sartuko direla indarrean; horretarako, dekretua sinatu behar du, baina oraindik ez du egin.

Trumpek esan du kobreari eta altzairuari ere muga zergak jarriko dizkiela, baita Europako Batasuneko produktuei ere. Horretarako, hainbat epe ditu buruan: otsailaren 18a, petrolio eta gasarentzat. Altzairurako, aluminiorako, «hil honetan, edo datorrenean». Kobrearen kasuan, «denbora gehiago beharko da». Erdieroaleak eta farmazia produktuak ere zergapetu nahi ditu.

EBko produktuen kasuan, ez du ezer zehaztu, baina muga zergak ezartzeko prest dagoela ere adierazi du. «Europan gaizki tratatzen gaituzte. Ez dituzte gure autoak onartzen, ez dituzte gure nekazaritza-produktuak onartzen, ez dute ia ezer onartzen»

Argi dagoena da Mexiko, Kanada eta Txinako produktuak gaur ez bada laster zergapetuko dituela. Ondorio handiak izan ditzakete tarifa horiek, besteak beste, Kanada eta Mexiko baitira AEBen bazkide komertzial handienak, eta zenbait sektoretan, autogintzan esaterako, ekoizpen kateak erabat lotuta baitaude.

Ostiral arratsaldeko agerraldian, Trumpek onartu du bere planek «epe laburreko gorabeherak» eragingo dituztela merkatuetan, baina garrantzia kendu dio horri. «AEBetako herritarrek ulertuko dute». Zergek AEBen defizit komertziala murrizten lagunduko duela gaineratu du. «Eta horrek oso aberats eta indartsu egingo gaitu».

AEBetako presidenteak hiru arrazoi eman ditu horretarako. «Lehenengo arrazoia da hainbeste eta hainbeste jende hain modu izugarrian sartu dela gure herrialdean. Bigarren arrazoia drogak dira; fentaniloa eta beste gauza guztiak. Hirugarrena, [merkataritza] defiziten bitartez Kanadari eta Mexikori ematen ari garen diru laguntza guztiak dira», esan zuen.

Mexikotik batez ere autoak eta haren osagaiak, material elektriko eta elektronikoak, eta elikagaiak inportatzen dituzte AEBek. Kanadaren esportazioetan, berriz, autoen osagaiek eta makinek pisua badute ere, Albertako petrolio gordina da produktu nagusia. 2024ko lehen hamar hilabeteetan egunean lau milioi upel esportatu zituen Kanadak AEBetara, eta beste 400.000 upel Mexikok.

findegia
Phillips 66 findegia, Kalifornian. ALLISON DINNER / EFE

Upel horiek gabe konpondu daitezkeela adierazi zuen Trumpek ostegunean: «Ez ditugu haien produktuak behar. Behar duzun petrolio guztia daukagu. Behar dituzun zuhaitz guztiak dauzkagu».

Dena den, Kanadaren aurkako muga zergetan salbuespen bat aurreikusten du: herrialde horretako petrolioak %10eko tasa izango luke, %25eko tasa orokorra beharrean.

Azken hamarkadan, AEBak munduko petrolio ekoizle nagusia bilakatu dira, Saudi Arabiaren eta Errusiaren aurretik, fracking teknikarekin Texasko Permian eskualdean ustiatutako putzuei esker batez ere. Hala ere, kontsumitzen duen petrolioaren bosten bat kanpoan erosten du oraindik, eta horretatik %60 dator Kanadatik. Izan ere, AEBetako findegi asko Kanadako petrolio astuna fintzeko egokituta daude, eta ez Texasko petrolio arinagoa. AEBetako Mendebalde Ertaina eskualdean fintzen duten petrolioren hiru laurden datoz Kanadatik.

«Ez ditugu haien produktuak behar. Behar duzun petrolio guztia daukagu. Behar dituzun zuhaitz guztiak dauzkagu»DONALD TRUMP AEBetako presidentea

Gauzak horrela, petrolioa %25eko muga zergetatik salbuetsita egon daitekeela ere iradoki zuen Trumpek ostegunean: «Prezioaren arabera jokatuko dugu. Prezio egokia baldin badauka, orain ez bezala, ongi tratatzen bagaituzte...».

Prezio hori merkatukoa baino apalagoa dela erantzun dio Kanadako Atzerri ministroak, Melanie Jolyk, eta ohar bat ere egin dio: «Gurea ez bada, Venezuelakoa izango da. Ez dago beste aukerarik mahai gainean, eta administrazio horrek ez du Venezuelarekin lan egin nahi». Joly Washingtonen izan zen atzo, muga zergak eragozteko azken bidaia batean. Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariarekin eta Kongresuko kideekin bildu zen. Haiei esan zien Kanadak tarifekin erantzungo ziela AEBen tarifei, eta denak izango zirela galtzaile, baina batez ere Errepublikanoak nagusi diren estatuak.

Trump baretze aldera, Jolyk erakutsi nahi izan zuen mugak zorrotzago kontrolatzeko ahaleginetan dabilela Ottawako gobernua. Azken asteetan Black Hawk helikoptero, txakur eta drone gehiago bidali ditu muga zaintzera, eta berak ere interesa daukala nabarmendu du, «kezkatuta gaudelako AEBetatik datozen armekin eta iritsi daitezkeen legez kanpoko etorkinekin». Kontuan hartu behar da, nolanahi ere, munduan ez dagoela Kanadaren eta AEBen artekoa bezain muga luzerik: ia 9.000 kilometro da, eta haren zati handi bat lurralde basatia da, eta, hortaz, kontrolatzeko zaila.

Fabrikak, Mexikora

Mexikoko Gobernua ere muga zergen aurka mintzatu da, baina Trumpi ohartarazi dio bera ere antzeko neurriekin erantzuteko prest dagoela. Mexikok asko dauka galtzeko, azken urteetan multinazional andana bat kokatu baitira han, produkzio kostu txikiagoak baliatu eta AEBetako merkatua hornitzeko. Enpresa horietako askok Trumpen lehen agintaldian jo zuten Mexikora, presidenteak Txinarekin merkataritza gerra bat hasi zuelako eta beren burua babestu nahi zutelako. Txinako enpresak ere joan dira Mexikora, handik AEBetako merkatua eskuratzeko asmoz.

Trumpen ustez, AEBen berrindustrializazioa bultzatzeko tresnak dira muga zergak; izan ere, inportazioak garestitzen dituzte, eta, horrela, barne ekoizpenean lehiakortasuna areagotzen da. Hala ere, Erreserba Federalak kaleratu duen txosten batean dioenez, Trumpen lehen agintaldian indarrean jarritako tarifek industrian enplegua galtzea eragin zuten.

Muga zergen beste ondorioetako bat inflazioa izan ohi da: inportatzaileek gehiago ordaindu behar dutenez, kostu gehigarri hori —edo horren zati bat— kontsumitzaileei ordainarazten diete. Horrek bete-betean egiten du talka Trumpek inflazioa murrizteko egindako promesarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.