«[Trump] Zaunka asko egiten ari da, baina apenas egiten duen koskarik. Egiaz, Txinako salgaien gaineko %10eko muga zergak bakarrik ditu indarrean», esan zuen Bloomberg TVko esatari batek, bizpahiru kazetari espezializaturekin solasean ari zela, komentatuz nola AEBetako presidentearen mehatxuek ia ez zuten eraginik merkatuetan (burtsan).
Orduz geroztik, muga zergen inguruan gutxienez beste bi aldiz—erraza da kontua galtzea— egin du mehatxu Trumpek, eta bart berriro egin du hori, esan baitu AEBetara inportatzen diren autoei %25eko muga zergak ezarri nahi dizkiela. Ez du erabat argitu apirilaren 2an ezarriko dituen edo egun horretan neurriari buruzko xehetasun gehiago emango dituen.
«Ziurrenik apirilaren 2an esango dizuet hori, baina muga zerga %25 ingurukoa izango da», esan du Trumpek Mar-a-Lagon. Galdetu diote antzekorik ezarri nahi ote dien sendagaien eta txipen inportazioei, noizbait aipatuak baititu. «%25ekoak edo handiagoak izango dira, eta handituz joango dira urtea igaro ahala».
AEBetako presidenteak esan du enpresei «herrialdean sartzeko astia» eman nahi diela, muga zerga gehiago iragarri aurretik. «AEBetara datozenean, lantegia hemen daukatenean, ez dago muga zergarik, eta aukera txiki hori eman nahi diegu».
Maros Sefcovic Europako Batzordeko Merkataritza komisarioa AEBetan da egun hauetan. Gaur izango du lehen bilera Howard Lutnick AEBetako Merkataritza idazkariarekin
Gainera, Trumpek adierazi du Europako Batasunak jada adostu duela AEBetako autoei ezarritako muga zergak murriztea. Haren ustez, horrek erakusten du elkarrekiko muga zergen mehatxua funtzionatzen ari dela.
Dena den, negoziazioek aurrera jarraitzen dute, eta Maros Sefcovic Europako Batzordeko Merkataritza komisarioa AEBetan da egun hauetan. Gaur izango du lehen bilera Howard Lutnick Merkataritza idazkari estatubatuarrarekin.
europarrek zergatik ez dituzte auto estatubatuarrak erosten?
The New York Times egunkariak egiten zuen galdera orain pare bat aste, Donald Trumpen galdera batetik abiatuta: «Zenbat Chevrolet edo Ford ikusten dituzu Munich erdialdean?». Trumpen ustez, «[europarrek] ezinezkoa bihurtu dute Europako Batasunean autoak saltzea».
Baina badaude beste bi arrazoi auto estatubatuarrek arrakastarik ez izateko kontinente zaharrean, segurtasun eta kutsadura arauez gain: Europako hiri eta herrietako kale estuak eta aparkalekuak. Alegia, AEBetako konpainien autotzarrak, SUV handiak eta pick up direlakoak esaterako, ez direla kabitzen Europako kale batzuetan, ezta aparkalekuetan ere.
Horrez gain, halako auto handiek erregai mordoa erretzen dute, eta Europan erregaiak ez daude AEBetan bezain merke.