Trump eta bankuen poza

Donald Trumpen garaipenarekin pozarren daude bankuak, erregulatzaileek ezarri nahi zizkieten kapital eskakizunetatik libratuko direlako. Gordailuen aseguruetarako agentziak kentzeko aukera ere aipatu dute Trumpen aholkulariek.

Donald Trump, artxiboko irudi batean. JUSTIN MERRIMAN / EFE
Donald Trump, artxiboko irudi batean. JUSTIN MERRIMAN / EFE
Irune Lasa.
2024ko abenduaren 26a
05:00
Entzun

Gauza gutxi beldurgarriagorik guztia ―baita oinarrizko-oinarrizko adostasunak ere― ostiko batez hankaz gora jartzeko erokeriarekin mehatxu egiten duen gizon boteredun gupidagabe bat baino. Hori izan zen, neurri batean, Donald Trumpen jokaera bere aurreko agintaldian, gizon indartsu gisa agertzeko.

Usteko du besteak beldurtuz eta ahulduz lortzen dela indarra, edo horrekin mehatxu eginez behintzat. Baina horrela irabazi ditu berriz ere hauteskundeak, eta horrela dabil oraindik Etxe Zurira aldatzeko tenorean.

Denentzat dauka: polioaren kontrako txertoa auzitan jartzen duen norbait jarriko du herrialdeko osasungintzaren kargu; AEBek Panamako Kanala berriz bereganatu behar dutela esan du; Kanada AEBen 51. estatua izan daitekeela.

Kontua da rol horretan iragarritako astakerietatik baten bat egin egin beharko duela, mehatxuren bat bete beharko duela, gizon indartsuaren irudi horri eusteko.

Gordailuen asegurua

Ekonomiaren ikuspegitik ere, Trumpen neurri-mehatxuen zerrenda luzea da. Nola ez, muga-zergak daude sailkapenean lehen. Bere lehen agintaldian ere ezarri zituen, harro. Eta orain, nazioartera begira, haren mehatxu nagusia dira: «Halako edo besteko egiten baduzu, edo egiten ez baduzu, muga zergak jarriko dizkizut».

Baina AEBen barruan The Wall Street Journal-ek duela pare bat aste plazaratu zuen beste mehatxu ero batek piztu du beldurra: bankuen erregulaziorako agentzien buruzagitzetarako hautagaiak aukeratzeko prozesuan, Trumpen aholkulariek egindako galderen artean zegoen ea zer iruditzen zitzaien FIDC Gordailuen Asegururako Agentzia Federala desagerraraztea (Federal Deposit Insurance Corporation) eta agentziaren funtzioetako batzuk Altxorreko Departamentuaren egitekoetara gehitzea.

Alegia, banku batek kiebra joz gero aurreztaileari han gordetako diruak 250.000 dolarreraino segurtatuak dituela bermatzen dion agentzia ezabatzeko aukera duela buruan Trumpen administrazioak.

Hauteskundeen aurretik, Citigroup, Bank of America, JPMorgan Chase eta beste bankuek lobbygintza indartsuarekin lortu zuten hein batean kamustea Erreserba Federalak Basilea IIIko arauak ezartzeko zuen asmoa

Pentsatzekoa zen Trumpen garaipenak arintzea ekarriko zuela finantzen arloko arauetan. Horregatik, hain zuzen, bankuak izan ziren azaroan Trumpen garaipenarekin berehala pozik agertu zirenetako batzuk.

Badute poztasunerako arrazoirik: badakite Etxe Zuriko aldaketarekin, besteak beste, Erreserba Federalak jarri nahi zizkien arau batzuetatik libratu ahal izango direla.

Hauteskundeen aurretik, dagoeneko, Citigroup, Bank of America, JPMorgan Chase eta beste bankuek lobbygintza indartsuarekin lortu zuten hein batean kamustea Erreserba Federalak Basilea IIIko arauak ezartzeko zuen asmoa.

Orain, Trumpek kargua hartu arte izoztuta geratu dira arau berri kamustu horiek. Kapital eskakizunak ziren batez ere, bankuek beren arriskuaren zenbateko jakin bat estaltzeko adina kapital izatea. Adibidez, Erreserba Federalak nahi zuen etxebizitza hipoteka jakin batzuen arriskuaren pisua handitzea.

Hain zuzen, bankuentzako kapital eskakizun horiek dira FIDC existitzearen eta aurreztaileek beren gordailuak —kopuru bateraino— bermatuak izatearen ifrentzua.

Arriskua

Tratu bat da, nolabait: bankuek ez dute bezeroen gordailuetako dirua guztia izaten likidoan; gehiena aktibo ez-likidoetan izaten dute. Hori ez da arazoa izaten normalean, baina gertatzen bada bezero askok edo guztiek aurrezkiak batera atera nahi izatea bankutik, arazo handia —batzuetan eramanezina— sortzen zaio diru hori guztia esku artean ez duen bankuari. Eta arazoa beste bankuetara ere kutsa daiteke.

Kutsatze hori eta bankuen porrot orokortua eragozteko sortu zen, hain zuzen, FIDC, 1930eko urteen hasieran AEBetan milaka bankuk kiebra jo ostean. Agentziak bilioika dolar aseguratzen ditu herrialdeko ia banku eta aurrezki elkarte guztietan. Horrela, bankuren batek dena delakoarengatik porrot egiten badu, bezeroak ez dira presa larrian joango ilaran beren bizitza guztiko aurrezkiak ateratzera.

Hori bai, trukean, saihestu behar da bankuek, jakinda azken buruan gordailuen asegurua hor dagoela, arrisku gehiegi hartzea negozioetan. Eta hortik erregulatzaileen kapital eskakizunak, bankuak beren diru propioa arriskatzera behartzeko.

Dirudienez, FIDC ezabatzea ia-ia ezinezkoa izango luke Donald Trumpek. Neurriak Kongresutik iragan beharko luke, eta hor ordezkari errepublikano asko izango lituzke kontra, agentziaren inguruko babesa orokorra baita herrialdean.

Hala ere, Trumpen asmo, iradokizun, mehatxuen atzean, argi dagoena da banku eta finantza entitateek arrisku gehiago —gehiegi?— hartzeko gogoa dutela, prest daudela abagunea baliatzeko.

Eta, hori ikusita, galdera pizten da ea mehatxu eroan dabilen gizon indartsuaren atzean nork duen egiazko indarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.