Amurrioko TR Tubos Reunidos konpainiak Premium Threads planta inauguratu zuen atzo, Langraiz Okan (Araban), Subillabide industrialdean, eta iragarri zuen lehenengo fasean 80 lanpostu «egonkor eta kualifikatu» sortuko dituela; gehienbat, jende gaztearentzat. Enpresak 30 milioi euroko inbertsioa egin du planta berria martxan jartzeko, eta, dagoeneko, 22 pertsona ari dira han beharrean. Arantza Tapia Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburuak TR-ren apustua txalotu zuen, «petrolioaren prezioren merkatzea jasan arren, etorkizunera begira dagoelako konpainia».
2014ko udatik gaur arte petrolioaren prezioa erdira jaitsi izanak bete-betean harrapatu du TR, eta, iaz, 16,1 milioi euroren galerak izan zituen. Izan ere, petrolio konpainiek inbertsio proiektuak geratu egin dituzte, eta Arabako enpresak egiten dituen soldadura gabeko hodien eskaera gutxitu dute. Enpresak aldi baterako erregulazioa proposatu die azken hilabeteetan Amurrioko (Araba) eta Galindoko (Trapagaran, Bizkaia) lantegietako 1.100dik gora beharginei.
Aliantza estrategia
Bada, dosierra aurkeztu duen Amurrioko plantatik 40 kilometrotara ireki du lantegi berria, Japoniako Marubeni Itochu Steel konpainiarekin aliantzan. Enpresak azaldu du, hain justu, Amurrioko plantatik gertu egoteak ahalbidetuko duela produktuak lehenago iristea bezeroengana, bezeroen beharrizan zehatzetara errazago moldatzea eta kostuak txikitzea. 15.000 metro koadroko lantegian, petrolio eta gas zulaketak egiteko OCTG Premium produktuak ekoitzi, komertzializatu eta hornituko dituzte.
TRk Euskal Herrian zabaldutako bosgarren ekoizpen planta da Langraizkoa, eta Enrique Arriola konpainiako zuzendariak azaldu zuen 2005. urteaz geroztik 400 milioi euro bideratu dituztela inbertsioetara. «Inbertsioak dira, hain zuzen, gure plantentzako etorkizuneko bermea». Arriolaren arabera, «historikoa» da bi enpresen arteko lankidetza, eta azpimarratu zuen aliantzak «etorkizunari baikortasunez begiratzea» dakarrela, «badakigulako inbertsioa emaitzak ematen hasten denean, batez ere gasaren sektorean, Tubos Reunidos prestatuago egongo dela garai ona aprobetxatzeko».
Gauza bera nabarmendu zuen Tapia sailburuak ere inaugurazio ekitaldian, epe luzerako inbertsioek konpainiaren lehiakortasuna hobetuko duela. «Apurka-apurka, pausoz pauso, ikusten ari gara euskal industria sendotzen ari dela». Industriako sektore batzuk petrolio merkearen kalteak sufritzen ari direla aitortu zuen sailburuak, baina gaineratu zuen euskal enpresak gai direla «egunean eguneko arazoei aurre egiteko eta, aldi berean, etorkizunerako planifikazioari ere begiratzeko».
TRk 80 lanpostu sortuko ditu Langraizko planta berrirako
Japoniako Marubeni Itochu Steel enpresarekin aliantzan sortu du lantegi berria. Amurrion eta Galindon aldi baterako enplegu dosierrak ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu