Trenetan badute lan karga

Bonbardierrek eskari handi bat eman dio Trapagarango lantegiari: abiadura handiko 23 trenen motorrak egingo dituzte han. COVID-19aren krisia hasi zenetik, hiru kontratu lortu ditu

Langile bat, tren batentzako propultsio sistemako pieza bat ekoizten, Bombardierrek Trapagaranen duen lantegian. LUIS TEJIDO / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Argiago ikusten dute beren geroa Bombardierrek Trapagaranen (Bizkaia) duen fabrikako beharginek. Lan kontratu berri bat lortu dute: 23 trenen propultsio sistemak garatuko dituzte han. ILSA taldearentzat izango dira: enpresa hori osatzen dute Trenitalia Italiako konpainia nagusiak eta Operador Ferroviario de Levante espainiarrak. Kontratuaren balioa 797 milioi eurokoa izango da.

Italian diseinatuko eta egingo dituzte trenak, eta Trapagarango lantegian egingo dituzte motorrak. Tren horiek guztiak Espainiako abiadura handiko lineetan ibiliko dira. Izan ere, Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileak ILSA aukeratu du Espainiako abiadura handiko merkatuko lehen operadore pribatuetako bat izateko. 2022. urtetik aurrera, enpresa horrek zerbitzuak eskainiko ditu Madril-Bartzelona, Madril-Valentzia/Alacant eta Madril-Sevilla/Malaga lineetan.

COVID-19ak eta hari aurre egiteko hartutako neurriek gehien jo duten sektoreetako bat izan da garraioa, eta, horren barruan, trenen ekoizleek ere nabaritu dute kolpea, baina Trapagarango fabrikak ongi erantzun dio: pandemia zabaltzen hasi zenetik, tamaina handiko hirugarren eskaria du atzo ezagutarazitakoa.

Ekain amaieran, Bombardierrek iragarri zuen bi kontratu egin zituela Frantziako SNCFrekin, eta horiei esker 27 tren egingo dituela Normandiarako. 407 milioi euroren balioa dute lanek, eta trenen propultsio sistemak Bizkaiko plantan egingo dituzte. Aurretik, apirilean, Kanadako ekoizleak beste akordio bat egin zuen Frantziako operadorearekin, Trapagaranen beste hemeretzi trenen motorrak egiteko —176 milioi euro—. Eskari horiek oxigenoa emango diote Ezkerraldeko lantegiari eta lan karga bermatuko diote tarte baterako: 200 bat beharginek jarduten dute han, eta urtean 120 milioiko negozio bolumena sortzen du.

Tuneletik irten nahian

Trapagarango plantarentzat urte ona den arren, Bombardierrek uste baino emaitza okerragoak izan ditu lehen seihilekoan: Kanadako konpainiak 170 milioi euro galdu ditu; iaz, epe berean, 203 milioi euro irabazi zituen. Hala ere, Frantziako Alstomek enpresa horren trenen adarra erosteko asmoa du oraindik —uztailaren 31n, Europako Batzordearen baimena jaso zuen—, baina hasierako helburuak berrikusiko ditu, eta pentsatzekoa da otsailean egin zuen 6.200 milioi euroko eskaintza murrizten saiatuko dela.

Ikusteko dago horrek nola eragingo duen taldearen berregituraketan. Alstomen ustez, Bombardierren kontuek «ustekabeko bilakaera negatibo bat» izan dute urte honetan, eta azpimarratu du hori kontuan hartuko duela Kanadako konpainiarekin datozen asteetan egingo dituen elkarrizketetan. «Bombardierrek bere negozioaren errentagarritasuna eta etekin komertziala epe ertainean berrezartzeko gaitasunean konfiantza dugu», azpimarratu du Frantziako taldeak. Bombardier erosita, Alstomek 15.500 milioi euroko fakturazioa izango duen talde berri bat eratuko du, 75.000 milioi euroko eskaera zorroarekin eta 76.000 pertsonako lantaldearekin.

Aldaketa garaia bizi du sektoreak; konpetentzia handitu da, eta enpresen kontzentrazioa gertatzen ari da. Konpainia handiekin lehiatu beharko direnen artean dago CAF. Beasaingo (Gipuzkoa) ekoizleak ere seihileko zaila izan du: 35 milioi galdu ditu —aurreko urteko epe berean 25 milioi irabazi zituen—. Baina uste du badituela oinarriak urtea amaitu baino lehen egoerari buelta emateko. Ekainean, esaterako, Espainiako Renfek 258 milioiko kontratu handi bat eman zion, 37 tren egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.