Tren loturen gabeziak oztopo handi bihurtu direla salatu du Bilboko Portuak

Arazo horrekin lotu du edukiontzi kopurua %5 jaitsi izana, eta ezinbestekotzat jo du Bilbo hegoaldeko tren saihesbidea eraikitzea. Halere, fakturazioak %16,8 egin du gora, batez ere petrolio eta gasolio trafikoarengatik.

Bilboko portuko edukiontzien lautada, eta itsasontzi bat haiek kargatzeko zain. ARITZ LOIOLA /FOKU
Bilboko portuko edukiontzien lautada, eta itsasontzi bat haiek kargatzeko zain. ARITZ LOIOLA /FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Santurtzi
2024ko uztailaren 30a
15:15
Entzun

Bilboko Portua «oso arduratuta» dago egun dituen tren loturekin, eta jada sumatzen hasiak dira azpiegituraren lehiakortasunean duten eragin negatiboa. Aurtengo lehen seihilekoa oso oparoa izan azpiegiturarentzat: mugituriko zama %10 igo da iazko tarte berarekin alderatuta, eta fakturazioa %16,8 —33,6 milioi eurotik 39,2 milioira—. Datu onek, baina, itzala ere badute, edukiontzi bidezko garraioa %5 jaitsi baita, eta, hala, azken urteetako joera sakondu egin da. Bilboko Portuko Agintaritzak (BPA) hor ikusten du tren loturaren gabezia, oso zaila delako tren luzeak porturaino iristea.

BPAn argi dute edukiontziak direla portu baten «bihotza», eta haien joan-etorriak erakusten duela azpiegitura lehiakorra den ala ez. Besteak beste, kamioien joan-etorria sustatzen duelako, eta inguruko enpresek hara jo nahi dutela ikusten delako. Portuaren datu orokorrak onak dira solteko likidoei esker, baina edukiontzien joan-etorria etengabe jaitsi da azken 30 hilabeteetan: -%4,5 2022an, -%3 iaz, eta -%5 aurtengo lehen seihilekoan.

«Hegoaldeko saihesbiderik gabe ezin gara beste portuen maila berean lehiatu. Lanekin bihar bertan hasiko balira, hobe»

RIKARDO BARKALABilboko Portuko Agintaritzako presidentea

Rikardo Barkala presidenteak lehen seihilekoko emaitzen balantzean azaldu du arrazoien diagnosi bat egin dutela. Batetik, Bizkaiko golkoko beste portu batzuek edukiontziak hartzeko kaiak egokitu dituzte; Santanderren, esaterako; eta bestetik, tren loturen arazoa dago. «Azken hori da gure traba nagusia: inguruan ditugun azpiegiturekin, oso zaila da. Beste portu batzuk gai dira tren luzeagoak eta zabalagoak erakartzeko», kexatu da.

BPAk argi du zeintzuk diren konpondu beharreko arazoak: tren garraioaren kudeaketa osoa lortzea; Jundizko tren mugaren eskuduntza erdiestea, eta batez ere Bilbo hegoaldeko tren saihesbidea egitea. Azken hori da garrantzitsuena, Barkalaren hitzetan: «Hura gabe ez gara beste portuen maila berean lehiatuko. Lanekin bihar bertan hasiko balira, hobe». Hura gabe, portura doazen trenek Adifen ezkerraldeko ohiko tren zerbitzuekin bat egiten dute, eta eragozpen handiak sortzen dituzte udalerrietan. Saihesbidea izanez gero, portuak askoz askatasun handiagoa izango luke gauez eta egunez trenak mugitzeko.

datuak

%95

Gasolio mugimendua Bilboko portuak urtea ongi hasi izanaren gakoa Petronorren jarduna da. Petrolio mugimendua %18 handitu da (5,2 milioi tona) iazko lehen seihilekoarekin alderatuta, eta gasolioarena, berriz, %95 (1,8 milioi tona).

%57

Bidaia luzeak Nora doaz Bilboko portutik irteten diren ontziak? %43 Europa Atlantikora doaz, eta %57k bidaia luzeak egiten dituzte. Nabarmentzekoa da %16 Ipar Amerikara doazela eta %14 Hego Amerikara. 

700

Inbertsioak, milioitan Bilboko portuak 700 milioi euroren inbertsioak onartuak ditu, eta horien %78 pribatuak dira. Besteak beste, Petronorrek 240 milioi inbertituko ditu bi lantegitan, eta Haizea Windek 150. Inbertsiorik handienetan hirugarrena erdiko kai muturraren handitzea da: 55 milioi.

Portuak ziurtzat ematen du Jaurlaritzak urte amaieraren aurretik adjudikatuko dituela lan horiek, Barakaldoko Udalarekin ados jarri ondoren ibilbidearen inguruan. Barkalaren kalkuluen arabera, bost urte beharko dira amaitzeko, kontuan hartuta Serantes mendiko tunela egina dagoela, saihesbidearen zatirik zailena beharko lukeena. Lau kilometroko tunel horren lanak 2009an amaitu zituzten, 50 milioi euro ordainduta, eta itxita dago harrezkero. BPAk, dena den, ohartarazi du egokitzapen lan handiak egin beharko liratekeela tunelean.

Autoak, Santanderrera

Egun portura sartzen diren salgaien %28 trenez iristen dira, baina asko solteko solidoak dira (mineralak, zerealak...). Tren lotura hobeak izateak (zubi sendoagoak, tunel zabalagoak...), esaterako, auto garraioa handitzen lagunduko luke, normalean trenak oso luzeak eta zabalak izaten dira eta. Bilbotik auto gutxi irteten dira, eta gehienak Seatek Martorellen (Katalunia) duten faktoriarik iristen dira. Hori bai, portuan urtero ikusten dute Landabenen (Nafarroa) ekoizten dituzten milaka autoak nola garraiatzen dituzten Santanderretik; besteak beste, Pasaiakoaren edukiera beteta egoten baita Mercedesek Gasteiztik eta Stellantisek Aragoitik (Espainia) bidaltzen dizkion autoekin.

Edukiontziak buruhauste handia dira, baina, hala ere, urte hasiera ona izan da portuan. Esan bezala, fakturazio eta merkantzia datuak iazkoak baino hobeak izan dira. Hor agerikoa da Petronorrek duen giharra, petrolioa trafikoa %18 handitu baita, eta gasolioarena %95. Gas likidotuak, aldiz, %14 egin du behera. Barkala, baina, ez dago arduratuta: «Bi urte ezin hoberen ondoren, aurtengoa oso ona baino ez da izan gasarentzat. BBGk askoz gas gehiago hartu ahal izango luke, badu ahalmena, baina Espainiak erabaki du gasontzi batzuk Gijonera desbideratzea».

Erdiko kai muturra, 2028rako

Hegoaldeko saihesbidea egiteko irrikan dago BPA, baina hori ez da luze gabe egingo duen lan bakarra. Dagoeneko adjudikatu ditu erdialdeko kai muturra eraikitzeko lanak, eta Sacyr eta Amenabar eraikuntza enpresak arduratuko dira horretaz, ondo bidean 55 milioi euroko aurrekontuarekin. Eraikuntza epeak betetzen badira, 2027ko lehen seihilekoan amaituko dituzte ertzak —zortzi solairuko eraikin baten sakonerako zuloa urez hustu behar dute— eta 2028an beteko dute, itsasadar azpiko tunel berriaren lanetako lurrekin.

«Portuan lortuko dugun azken lur zatia izango da, eta ondo kudeatu behar dugu», ohartarazi du Barkalak. Presidenteak zehaztu du dagoeneko eskaintza «ugari» dituztela orube hori betetzeko, eta hiru motatakoak direla: logistikoak, energia egitasmoak eta industrialak. «Herri honi gehien komeni zaiona aukeratuko dugu, kontuan hartu gabe portuarentzat errentagarriena ote den». Egitasmo berriak Siemens Gamesaren biltegia izango du alboan, hara mugitu baitute.

Andima Ormaetxe eta Rikardo Barkala
Andima Ormaetxe Bilboko Portu Agintaritza estrategia zuzendaria eta Rikardo Barkala presidentea. BERRIA

Barkala, jarraitzeko asmoz

Rikardo Barkala BPAko presidenteak postuan jarraitzeko asmoa du. «Uztaileko nomina ordaindu didate, eta abuztuaren amaieran hemen egongo naiz», esan du, umorez ,karguaren inguruan galdetu diotenean. 69 urteak beteak izan arren, esan du ez duela erretiroa hartzeko asmorik, eta Jaurlaritza berriarekin izandako bileretan ez diotela proposatu bere karguaren inguruko aldaketarik. Halere, porturako zuzendari nagusi baten bila dabil. Aurrekoa, Carlos Alzaga, Bizkaiko Aldundiko Azpiegitura diputatu izendatu dute —Imanol Pradalesen ordez— eta Barkalak onartu du zaila egiten ari zaiela ordezko bat aurkitzea, besteak beste kargua betetzeko lege eskakizun zorrotzengatik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.