EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk akordioa lortu dute Trantsizio Ekologikorako Legearen inguruan

Jatorrizko proiektua «hobetuta», trantsizio energetikorako «zoru sendoa» jarriko dutela ziurtatu dute. Energia berriztagarrien instalazioei kanon bat ordainaraziko zaie, eta erregai fosilen «desinbertsiorako» plan bat egin beharko du Jaurlaritzak.

TRANTSIZIO ENERGETIKOAREN LEGEA
EH Bilduko Mikel Otero, EAJko Unai Grajales eta PSE-EEko Alberto Alonso. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
edurne begiristain
2024ko urtarrilaren 19a
08:15
Entzun

«Lege on bat lortu dugu». EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk akordioa lortu dute Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako Legearen inguruan, eta pozik agertu dira adostutakoarekin. Hiru taldeek nabarmendu dute trantsizio energetikorako bidean «zoru sendoa» jarriko duela legeak. Hilaren 29an onetsiko dute testua batzordean, eta otsailean onartuko dute legea behin betiko, osoko bilkuran.

Akordioaren berri emateko agerraldi bateratua egin dute gaur hiru alderdiek Eusko Legebiltzarrean. Legealdi honetako lege «garrantzitsuenetarikoa» dela nabarmendu dute Unai Grajalesek (EAJ), Alberto Alonsok (PSE-EE) eta Mikel Oterok (EH Bildu). «Anbizio handiko lege bat izango dugu, helburu handiagoak ezarriko dituena, bizi dugun egoera klimatikoarekin eta krisi klimatikoari aurre egiteko premiarekin bat datorrena», esan du Grajalesek. Akordioa «negoziazio prozesu luze» baten emaitza izan da, baina «giro onean» joan dira negoziazioak, eta hiru alderdiak gai izan dira jatorrizko lege egitasmoa «hobetzeko» eta «aberasteko», Oterok azpimarratu duenez. «Eta etxeko lan ugari jarri dizkiegu hurrengo gobernuei», erantsi du.

Joan den urteko maiatzean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak lege proiektua, helburu nagusi batekin: 2050erako klima neutraltasuna lortzea. Helburu horri begirako jarduera planak proposatu zituen, egungo industria eredua deskarbonizatzeko neurriak jaso, eta industriaren lehiakortasuna sustatzeko zerga hobariak proposatu.

«Gai izan gara jatorrizko lege egitasmoa hobetzeko eta aberasteko. Eta etxeko lan ugari jarri dizkiegu hurrengo gobernuei».


MIKEL OTEROEH Bilduko legebiltzarkidea

Ia urtebeteko tramitazioa egin du arauak legebiltzarrean, eta, eragileen ekarpenak jasotzeaz gain, alderdiek zuzenketak aurkeztu dizkiote egitasmoari. Oposizioko taldeek gabeziak atzeman zizkioten legeari, eta bide horretan aurkeztu zizkioten zuzenketak. Baina adostasunerako tartea bazela agerian geratu da tramitazioan, talde batek ere ez baitu osoko zuzenketarik aurkeztu. Osoko zuzenketarik ez, baina partzial ugari jarri zizkioten: EH Bilduk, 115; Elkarrekin Podemos-IUk, 116; PPk, 50, eta C’s-k, bederatzi. EAJk eta PSEk ere zuzenketak aurkeztu zizkioten testuari: 117 denera.

Kanona eta «desinbertsioa»

EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa garrantzitsuenak txertatu egingo dituzte legean. Ez da EH Bilduk nahiko lukeen lege bat, baina jatorrizkoa «hobetzea» lortu dute, Oterok nabarmendu duenez. Azaldu du koalizioak zehaztutako lau ardatz nagusiek isla izango dutela arauan: emisioak eta energia kontsumoa murriztea, «gobernantza markoa» hobetzea, energia berriztagarriekiko finantzaketa handitzea, eta erregai fosiletan inbertsioa egiteko bidea moztu eta «desinbertsio plan bat» jasotzea.

Legeak helburu zehatzak jaso ditu isurien murrizketa eta energia berriztagarriak ezartzeari dagokionez. Hala, 2030erako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekoizten den energiaren %32k berriztagarria izan beharko du, eta emisio kutsagarriak %45 murriztu beharko dira 2030erako. Oterok azaldu du kontsentsuaren mesedetan «erdibideko helburuak» ezarri behar izan dituztela, «anbizioa eta errealismoa» uztartuta, eta orain adostutako gutxieneko helburuak handitzeko aukera egongo dela etorkizunean.

Gobernantzari dagokionez, besteak beste, Batzorde Zientifiko bat eta Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskal Bulegoa sortuko dituzte. Energia berriztagarrien finantzaketan ere izango da berritasunik, adostu baitute Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren %2,5 klima aldaketaren alde bideratzea.

Gainera, 2025etik aurrera, enpresek kanon bat ordaindu beharko dute azpiegiturak ezartzeagatik, eta diru hori herrian edo eskualdean bertan inbertsioak egiteko erabiliko da. Eta ekimen pribatuko edo publikoko instalazio bat martxan jarri nahi duenak gutxienez jabetzaren %20 eskaini beharko die eraginpeko eremuko herritarrei edo enpresei. Halaber, baliabide fosilen «desinbertsiorako» bide orri bat zehaztu beharko du Jaurlaritzak 2030erako, eta haren bidez Energiaren Euskal Erakundeak hidrokarburo eta erregai fosiletan dituen inbertsio publikoak alde batera utzi beharko ditu energia berdeen mesedetan.

Tapia pozik; EP-IU ez

Hiru alderdiek akordioa erdietsi eta berehala iritsi dira erreakzioak. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak «herri akordio» gisa jo du adostutakoa, eta adierazi du gaur egungo erronkei «modu egokian» erantzuteko lege bat dela: «Urrats eraldatzaile bat da». Haren iritziz, EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk erdietsitako akordioari esker, trantsizio energetikoa «jasangarria» ez ezik «bidezkoa» ere izango da. Hiru alderdiek egindako lana txalotu du, planteamendu «errealista eta posibilista» bat egin dutelako, baina helburuei «anbizioz» eutsita.

«Legeari esker, trantsizio energetiko jasangarria eta bidezkoa izango da. Planteamendu errealista eta posibilista bat egin dute, baina helburuei anbizioz eutsita».

ARANTXA TAPIA Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua

Akordioarekin oso kritiko agertu da Elkarrekin Podemos-IU. Ohar bidez, salatu du EAJk, PSEk eta EH Bilduk lortutako akordioa ona dela «korporazio energetikoentzat». David Soto legebiltzarkideak Petronorren eta Eusko Jaurlaritzaren esparru ideologikoa «erostea» egotzi dio EH Bilduri: «Euskadiko instalazio eoliko eta eguzki instalazio handien eredua blindatuko dute, eta korporazioen eta Eusko Jaurlaritzaren nahiak inposatuko dizkiete herritarrei eta udalei». Gainera, salatu du hiru taldeek baliabide fosilen «desinbertsiorako» adostutako bide orriak ez duela eraginik izango eremu pribatuan.

Gainera, Elkarrekin Podemos-IUrekin negoziatzeko borondaterik ez izatea egotzi die hiru taldeei. Izan ere, EP-IUk aurkeztutako 116 zuzenketetatik bakarra onartu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.