Trantsizio ekologikoak «inoren gustuko» izango ez diren neurriak behar dituela uste du Orkestrak

Lehiakortasunaren Euskal Institutuak ondorioztatu du jasangarritasunaren aldeko apustu irmoak eragin positiboa izango lukeela epe ertain eta luzera.

Orkestra
Orkestraren txostena eta haren egileak. Marisol Ramirez / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko azaroaren 18a
05:00
Entzun

Trantsizio ekologikoa eta jasangarritasunaren bidea euskal ekonomiarentzako «ikaragarrizko aukera» direla ondorioztatu du Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak. Estrategia argi bat garatuz gero, ekinbide ekonomiko, industrial eta enpresarial berriak garatzeko aukera izan daiteke. Traba edo oztopo bezala ikusteari utzi behar zaio, baina behar bezala garatzeko gizarteak eta enpresek «inoren gustuko izango ez diren» neurriak hartu beharko dituzte.

Trantsizio ekologikoaren hertsiki loturiko jardunak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGaren %2 sortzen du eta azken urteetan 13.000 enplegu sortu ditu. Hala ere, Orkestrak aurtengo bere txostenean zehaztu duenez, kopuru horiek biderkatzeko aukera handia dago trantsizioari behar bezala heltzen bazaio. Are gehiago, euskal ekonomia eta industria sareak bilakaera hori izateko potentzial handia duela uste du James Wilson ikerketa taldeko kideak: «Historikoki erresilientzia ahalmen handia erakutsi dute, eta inplikazioa ikusi dugu gaiarekin».

«Enpresen interesa asko handitu da azken bi urteetan. Energiaren prezioaren garestitzeak prozesua bizkortu du»

JAMES WILSONOrkestra institutuko ikerketa zuzendaria

Enpresengan arreta jarrita, haien inplikazio maila %80koa dela kalkulatu du Orkestrak, eta sumatu du azken urteetan handitu egin dela haien interesa. «Lehengaien eta energiaren prezioen gorakadak prozesua bizkortu du», onartu du zintzo Wilsonek. Dena den, bide luzea egiteko dago oraindik, esaterako negutegi efektua eragiten duten gasen maila nazioarteko helburuetatik «oso urrun» dago oraindik eta birziklapenari dagokionez «bide luzea» dago egiteke.

Baita epe motzean ere


Trantsizioa modu egokian egiteak ekonomian izango lituzkeen ondorio positiboak epe ertain eta luzean ikusiko lirateke, baina paraleloki epe motzeko pausoak ere eman daitezkeela azaldu du Jorge Fernandez ikerlariak: «Elektrifikazioa aurrera eginez, energia berde iturri berriak bilatuz, hidrogenoa balioetsi... baina bideorri zehatz bat ezarri behar da, lehiakortasunean eragin gabe, hura baita ekonomiaren oinarria».

Baina egun ez al dago bideorririk? «Hamarkadak daramatzagu trantsizioan sartuta, baina Europak bizkortu egin du azken urteetan», azaldu du Wilsonek. Zentzu horretan, aurreratu du Trantsizio Ekologikorako euskal legea onartuko dela aurki, eta horrek hemezortzi hilabeteko bideorri bat abiaraziko duela deskarbonizaziorako bidean. Dena den Orkestrako ikerlariek behin baino gehiagotan nabarmendu dute funtsezkoa dela lege markoa zehaztea.

Orkestrak prozesua nola egin hausnartu du, eta sei palanka edo oinarri detektatu ditu. Haien ustez seiak aurki daitezke euskal ehun ekonomikoan. Lehenbiziko biak kapital natural eta fisiko aproposak dira. Orkestrak uste du Euskal Herriko inguru naturala eta energia garraiatzeko azpiegiturak egokiak direla kutsadura murrizteko.

Politika ausartak
 

Giza kapitalari dagokionez, trantsizioak behar dituen lanpostuak indartu behar direla uste du —26 identifikatu ditu—, eta haren bidetik ezagutza indartuko dela. Finantziazio iturriak ere indargune izan beharko luke, eta finantza sistema osoa jasangarritasunera begira jarri beharko litzakeela: «Ingurumen eta energiaren arteko harreman zainduko duen politika ausartak behar ditugu, eta haiei jarraipena emango dieten diru fluxuak. Horrela lortuko dugu enpresek deskarbonizazioa erraztea eta ikerketan inbertitu dezatela».

Trantsizioa, baina, azaldu egin beharko zaio gizarteari. Erakundeak, enpresak eta gizartea «gatazkak kudeatzeko» prest egon beharko dute. Fernandez: «Bideorri ausartak behar dira, erabaki garrantzitsuak, eta litekeena da hiritarrek edo enpresek horiek ez onartzea». Eredurik ez da ageri txostenean, baina espresuki eskatuta, Fernandez argitu du mendietan haize errotak jartzearen inguruko eztabaida erabaki horien eredu izan daitekeela. Horren harira, txostenak aholku hau jaso du: «Gizartearen formazioa eta kontzientzazioa bultzatuko luketen pausoak eman behar dira, ondorioan gizarte onarpena hobetzeko».

PRODUKTIBITATE TASA ERE GORAKA

Urteroko txostenean Orkestrak hainbat aldagai aztertzen ditu, hala gizarte mailakoak nola ekonomikoak. Esaterako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPG per capita hazi egin zen 2022an. Europako Batasuneko batez bestekoa baino %9,5 handiagoa da. Produktibitate tasa ere batasuneko batez bestekoa baino handiagoa da, eta «Alemaniarekiko tartea murriztu da».

Ongizate aldagaiak aztertuta, langabezia tasa jaisten ari da (%8,3koa da); hala ere, «bizitzarekiko gogobetetasuna maila» 6,95koa da. Alderatzen jarrita, 2018an 7,71ekoa zen batez beste. Pobrezia edo bazterketa arriskuan dauden pertsonen proportzioa %15,7koa zen 2022an, 2021ean baino %0,3 txikiagoa. Aldiz, pobrezia energetikoa pairatzen duen jende kopurua asko hazi egin zen tarte horretan: %7,2 zen 2021ean eta %9,3 iaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.