Traktoreak Iruñera itzuli dira. Astelehenean bezala, hainbat traktorek erdiguneko errepide nagusia, hau da, Nafarroa Behereko etorbidea itxi dute Seminarioaren eta Vianako Printzearen plazaren artean. Gainera, trafikoa oztopatu dute iparraldeko saihesbidean, Volkswagenen fabrikan eta Agustindarren industrialdean.
Otsailaren 6aplataformak antolatu du berriz protesta. Astelehenean iragarri zuten, prentsaurreko batean, traktoreak kalera aterako zituztela berriro. Egun hartan, Iruñearen erdialdean paratu zituzten berriro ibilgailuak, baina gaur indar handiagoz itzuli dira 200 traktore inguru. Gehienak Lizarraldekoak eta Nafarroa erdialdekoak dira.
Goizean goizetik, hegoaldeko bi sarbide nagusietan zeuden traktoreak erdigunera igotzeko gertu: Nafarroa erdialdetik zetozen 50 traktore inguru Zaragoza etorbidean, eta Lizarraldetik zetozenak, berriz, Iruñea eta Zizur Nagusia arteko Arostegi etorbidean ziren. Poliki igo dira. Udaltzainek Arostegi etorbidekoak gerarazi egin dituzte, baina 11:00etatik aurrera erdigunera igo dira.
Iruñeko Udaltzaingoak jakitera eman duenez, ibilgailuen joan-etorria oztopatu dute hiriaren erdialdea zeharkatzen duen Nafarroa Behereko etorbidean, bi zentzuetan. Garraio publikoa erabiltzeko gomendatu diete herritarrei.
Gainera, aurreko astean egin bezala, Nafarroako Volkswagenek Landabenen duen fabrikara jo dute dozenaka traktorek. Plataformak kritikatu du gobernuak laborariei baino tratamendu hobea ematen diola enpresa horri. Volkswagenek arratsaldeko txandan sartuko diren langileei ohartarazi die arazoak izan ditzaketela sartzeko. Fabrikan ez ezik, Landabenen bertan ere oztopatzen ari dira trafikoa.
Berriozar inguruan, ipar saihesbidean ibili dira traktoreak, eta trafikoa trabatu dute.