Traktoreak itzuli dira Iruñera

Volkswagenen ekoizpena geratu dute gauean eta eguerdian, salatu nahi dutelako Nafarroako Gobernuak jaramon handiagoa egiten diola konpainia horri nekazariei baino.

nekazariak
Traktoreak Iruñeko erdialdean, gaur goizean. JESUS DIGES / EFE
Iker Aranburu.
2024ko otsailaren 23a
10:10
Entzun

Astebeteko etenaldiaren ondoren, protestei ekin diete berriro Otsailaren 6ko plataformako nekazariek. Ostegun gauean, Iruñerriko nekazari batzuen traktoreak Volkswagenen lantegiaren ate batean batu ziren, gaueko txandan lanera sartu behar zutenei bidea trabatzera. Protesta horren ondorioz, lanera beren autoekin edo autobusez iristen diren langileek beste ate bat erabili behar izan dute, eta horrek eragin du behargin asko lanera berandu iristea, eta ekoizpena gutxitzea: sindikatuen arabera, 109 auto ez egitea eragin dute.

Goizeko txandan ere atzerapen txiki batekin hasi dira lanean, baina normal lan egin ahal izan dute ordu batzuetan. Eguerdiaren amaieran, ordea, hiriaren erdian izan diren traktoreak Landabenera itzuli dira, eta lantegiaren sarbideak blokeatzen saiatu dira. Beste traktore batzuk Arazuri-Orkoiengo industrialdera joan dira, eta VWen hornitzaile baten sarrera itxi dutena, SAS enpresarena. Hark egiten ditu autoetako aurreko panelak, baina horiek gabe ekoizpena berriro geratu behar izan dute pare bat orduz.

Bere protestari berriro Landabenen ekitea ez da kasualitatea izan. Argudiatu dutenez, horrela salatu nahi zuten Nafarroako Gobernuak tratu hobea ematen diola Volkswageni nekazariei baino.

Baina traktoreak ez dira industrialdean geratu. Eguna argitzen ari zela Iruñeko erdialdera sartu dira, eta trafikoa moteldu dute eta pilaketak eragin dituzte Zabalguneko hiribide nagusietan. Talde bat Talluntxeko industrialdera joan da, Noainen (Elortzibar), eta beste batek Landa Garapeneko kontseilaritzara jo du. Haren aurrean, plataformako bozeramaile batek salatu du Nafarroako nekazariek zerga gehiago ordaintzen dituztela ingurukoen aldean, eta gobernuak baztertu egin dituela negoziazioetatik eta soilik sindikatuekin hitz egin nahi duela. Kontseilaritzaren aurrean ordu eta erdi egon ondoren, karabanak egin dituzte hiriko erdialdeko kaleetan.

Duela astebete eten ziren nekazarien protestak Nafarroan, sektoreko ordezkariak Jose Mari Aierdi Landa Garapeneko kontseilariarekin eta Jose Luis Arasti Ogasunekoarekin bilera luze bat izan ondoren. Bilera horretan, gobernuak 49 neurri jarri zituen mahai gainean, eta horien artean zegoen BEZaren itzulerak gehienez sei asteko epean itzultzea eta kontrolak bikoiztea elikagai katearen legea betetzen dela egiaztatzeko. UAGN eta EHNE sindikatuek ontzat hartu zituzten neurriak, eta haien inguruan negoziatzeko borondatea erakutsi zuten. Otsailaren 6ko plataformako bozeramaileek ere ez zituzten neurriak gaizki hartu, arlo batzuetan motz geratu zirela esan zuten arren.

Macronen saio ustela

Gobernuaren eta laborarien arteko harremanak gatazkatsuak dira Frantzian ere. Bihar hasiko da Parisen laborantzaren azoka handia, eta haren harira gaiari buruzko eztabaida bat abiatu nahi zuen Emmanuel Macron Errepublikako presidenteak. Baina airean dago debate hori, FNSEA laborarien sindikatu nagusiak uko egin diolako parte hartzeari, gobernuak Lurraren Altxamenduak (Les Soulevements de la Terre) talde ekologista ere gonbidatu duelako. 

«Presidenteak nahi duena egin dezala. Ni ez naiz agertuko», esan du Arnaud Rousseau FNSEAko presidenteak, BFMTV telebista katean. «Onartezina» iruditu zaio talde hori gonbidatu izana, «laborarien lanabesak txikitzen» dituelako, eta gogorarazi du gobernuak legez kanpo utzi nahi izan zuela, martxoan ureztatzeko urtegi bat eraikitzea eragotzi nahi izan zuelako Saint Soline herrian, Deux Sevres departamenduan. Borroka handia gertatu zen orduan, eta dozenaka zauritu izan ziren.

Taldea desegiteko prozedura abiatu zuen Frantziako Gobernuak, baina epaitegiek bertan behera utzi zuten udan.

FNSEAren haserrea ikusita, gibelera egin du Eliseoak, eta Marc Fesneau Laborantza ministroak esan du lekuz kanpo zegoela «molotov koktelen bitartez bere burua espresatzen duen talde bat». Gerald Darmanin Barne ministroak «ekoterrorista»  deitu izan du talde hori.

Berez, Lurraren Altxamenduko bozeramaileek esan dute ez zutela eztabaidan parte hartzeko inolako asmorik. «Arnaud Rousseauk presio egin du geure aitzinean ez agertzeko, eta Macronek amore eman du. Baina lasai egon dadila: ez genuke jukutria horretan parte hartuko, baina mila esker ikuskizunarengatik!».

EBko ministroen bilera, astelehenean

Nekazarien protesten erdigunea Bruselara igaroko da astelehenean. Belgikako hiriburuan biltzeko deia egin dute EBko hainbat taldek, arlo horretako ministroak han baitira elkartzekoak. Laborarien haserrea baretzeko asmoz Europako Batzordeak landu dituen neurri batzuk aztertuko dituzte Nekazaritza ministroek. Horien artean dago ikuskatzaileek etxaldeetara egiten dituzten bisitak erdira murriztea. Bisita horien helburua da egiaztatzea laborariek arauak betetzen dituztela, baina kontrol horren zati bat satelite bidezko irudien bitartez egin daitekeela argudiatu du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak.

NPB Nekazaritza Politika Bateratuaren dirua jasotzeko ingurumen baldintzak asko zorroztu direla salatu dute nekazari talde batzuek —ez denek—, eta horretan amore emateko prest dago batzordea. Derrigorrez lugorrian utzi behar diren lurren kopurua murriztu ondoren eta pestizidak mugatzeko araua bigundu ondoren, orain bazkalekuei eusteko aginduak laxatu nahi ditu.

EHNEk eskatu du ordainketak ez atzeratzeko

Berankortasunaren aurkako Europako Batasuneko araudian nekazariei eragiten dien artikulu bat badago, eta esaten du nekazariei gehienez hilabeteko epean ordaindu behar dietela beren ekoizpena. Araudi hori Europako Legebiltzarrean eztabaidatzen ari dira, eta, EHNEk salatu duenez, eskuineko taldeek (EPP eta ECR) aurkeztutako zuzenketa sorta batek ordainketa epeak luzatuko lituzke. Kontratuak egiteko askatasuna aldarrikatu dute talde horiek, baina EHNEk dio nekazari txiki eta ertainei kalte handia egingo liekeela, «negoziazioan botererik handiena duen taldeak, gure ekoizpenen erosleak, bere baldintzak inposatuko lituzkeelako».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.