Europako Batasunak Mercosurrekin egindako merkataritza akordioak berriro protesta egitera bultzatu ditu nekazariak. Atzo, FDSEAko kideek Grand Basque biribilgunea blokeatu zuten Baionan, itun hori salatzeko eta laborarien arazoentzat irtenbideak galdegiteko. Gaur, berriz, Iruñera iritsi da protesta, Semilla y Belarra elkartearen bitartez. Hark deituta, 50en bat traktorek Nafarroako hiriburua zeharkatu dute, baina, aurreko protestetan ez bezala, ez dira geratu eta ez diote trafikoari traba handirik egin.
Iazko otsailean sortu zuten Semilla y Belarra elkartea UAGN eta EHNE sindikatuen jokabidearekin ados ez zeuden nekazariek. Haiek eta beste talde batzuek sortu dute Lehen Sektoreko Elkarte Independenteen Batasun Nazionala —UNASPI gazteleraz—, eta talde horren ikurrak ikusi ahal izan dira Iruñeko gaurko protestan.
Protestara deitzeko hedabideei igorritako agirian, Semilla y Belarra taldeak ziurtatu du EB-Mercosur itunak lehen sektorearen aurkako neurriak dakartzala. «EBko kalitate estandarrak bete behar ez dituzten produktuak sartuko dira. Ez gaude merkatu librearen aurka, baina denentzat joko arau berdinak eskatzen ditugu [...] Musean haiek zortzi erregerekin jokatzea eta guk bakar batekin ere ez jokatzearen modukoa da».
Manifestazioaren ondoren, hedabideei mintzatu zaie Alberto Aletxa Semilla y Belarrako presidentea. Azaldu du iazko mobilizazioak eten zituztela beren eskaerei erantzuteko denbora beharko zelako, baina berriro kalera atera dira «politikariei eta gizarteari gogorarazteko ez gabiltzala soilik landa eremuko bizitzaren alde borrokatzen, baita elikadura subiranotasunaren alde baizik».
Deitoratu du burokrazia asko jasan behar dutela eta askotan ez dakitela zer arau bete behar dituzten: «Arauak aldatu egiten dira, eta a posteriori inposatzen dizkigute. Ongi dago natura, landa eremuko langileak eta animaliak babestea, baina ez dakigu arauak zeintzuk diren. Europan gutxieneko batzuk jartzen dira, eta Madrilen gehiago estutzen dute. Nafarroan edo beste probintzia batean beren interpretazioa egiten dute, eta normalean are murriztaileagoa da». Aletxak gaineratu du arau horiek ez zaizkiela eskatzen «kanpotik etorritakoei».
Salaketa horiei erantzun nahi izan die Europako Batzordeak, eta ziurtatu du EBk inportatzen dituen produktu guztiek osasun eta ingurumen arauak bete beharko dituztela, eta hori hala dela egiaztatzeko kontrolak izango direla.
Manifestazioa Madrilen
Azalpen horiek ez dituzte asebete Europako nekazariak, eta itunaren aurkako protestak ugaritzen ari dira. Astelehenean, Madrilen elkartzera deitu dute Asaja eta COAG koordinakundeek. Lehenengoaren kide dira UAGN eta ENBA, eta bigarrengoarena, berriz, EHNE. «EBk egin dituen merkataritza librerako akordioak sekulako mehatxua dira geure sektorearentzat. Mercosurreko, Txileko, Marokoko, Zeelanda Berriko nekazaritza produktuen inportazioak, geure produkzio kostuen azpiko prezioekin eta EBko ekoizpenen arauak bete behar izan gabe, kalte larria egiten die Espainiako eta Europako nekazariei, eta, galera onartezinak ekartzeaz gain, etxaldeak itxi beharra ekartzen dute».
25 urte behar izan ditu EBk Mercosurrekin merkataritza ituna lotzeko. Oraindik ez dago indarrean, eta ezin da ziurtzat jo hori gertatuko denik. Orain, EBko hizkuntza ofizialetara itzultzen ari dira ituna, eta, gero, Europako Parlamentuak eta Europar Kontseiluak onartu beharko dute. Kontseilu horretan biltzen dira Batasuneko gobernuak, eta Frantzia akordioa blokeatzeko aliatuen bila ari da. Horretarako, EBko biztanleen %35 biltzen dituzten estatuen botoak behar ditu, baina oraingoz badirudi %30 dituela; Frantziarena berarena, Poloniarena, Herbehereena eta Irlandarena. Italia eta Errumania limurtu nahian ari da Paris.