Bigarren egunez jarraian, nekazarien eta abeltzainen traktoreak Nafarroako eta Arabako errepideetara atera dira, beren sektorearen egoera salatzeko.
Atzo Iruñerrian bildu ziren traktoreetako asko, eta trafiko arazoak sortu zituzten. Gaur goizean ere pilatu egin dira Buztintxuritik Orkoienerako bidean eta Talluntxeko biribilgunean, baina, atzo ez bezala, ez da arazorik Berriozar eta Iruñea arteko zatian.
Orduek aurrera egin ahala, ordea, beste eremu batzuetara mugitu egin dira ibilgailuak. Eguerdiaren atarian, A-12 autobidean daude traktore gehien. Lizarrako hegoaldeko sarrera trabatu ondoren, autobide horretan gora eta behera egin dute, eta bidea itxi dute Aiegin, Lorkan, Los Arcosen eta Urbiolan.
Hiriburutik kanpo ere, Tafalla hegoaldean blokeatuta daukate A-15 autobideko sarrera eta irteera, eta Erriberrira doan bidea ere trabatuta dago.
Hegoalderago, Martzilla inguruan ere elkartu dira traktoreak, eta hainbat minutuz itxi dute A-15 autobiderako sarreran, baina gero N-121 errepidea itxi dute, Caparroso iparradean.
UAGNk bat egin du
Whatsapp bidez mobilizatu dira azken egunotan nekazariak, eta kritikatu egin dute EHNE eta UAGN sindikatuen jarrera, haien ustez epelegia baita. Hain zuzen ere, ikusita kide batzuk protestan parte hartzen ari zela, UAGNk iragarri du protestarekin bat egingo duela, eta orain arte egindakoa defendatu du: «Sektoreari kalte egin dion guztia aldarrikatu izan dugu, eta, dena lortu ez badugu ere, gogor egin dugu lan». Eskatu dute aldaketak egiteko zergak ordaintzeko sisteman, eta Europako Batasuneko NPB Nekazaritza Politika Bateratuaren «eredu aldaketa sakona» egiteko, aurrerantzean «profesionala, malgua eta produktiboa» izan dadin.
Inportazioak hobeto kontrolatzeko eta, «lehiakideekin parekatzeko», Europako Batasuneko ingurumen eskaerak gutxitzeko ere eskatu du UAGNk. Nafarroan lur gehiago ureztatzea eta animalien ongizaterako Espainiako lege berria bertan behera geratzea ere ageri dira sindikatu kontserbadorearen eskakizunen artean.
Aldarrikapen horiek baino urrunago doaz sindikatutik kanpokoek herenegun plazaratutakoak. Hauek dira haien aldarrikapenetako batzuk: zerga arloan moduluen sistemara itzultzea eta diru sarrerak estimazio baten arabera kalkulatzea; NPBren baldintzak leuntzea, batez ere ingurumen arlokoak —hala nola lur eremuaren %4 lugorri uzteko betebeharra edo ongarrien kudeaketa—; burokrazia apaltzea; animalien ongizaterako legea kentzea; eta klima larrialdiaren inguruko 2030erako Agenda indargabetzea.
Nekazarien protestarako eskubidea baztertu ez duen arren, Maria Txibite Nafarroako lehendakariak esan du ez dagoela ados haien aldarrikapen batzuekin. Adibidez, baztertu egin du zergak moduluen bitartez ordaintzeko aukera: «Fiskalitate zuzenago baterako bidea egin behar dugu, eta moduluen sistema ez da halakoa». Halaber baztertu du isunak kentzeko aukera. Nekazariek jasaten duten burokrazia arintzeko eskaerarekin, ordea, bat egin du.
UAGAren protesta
Araban ere bigarren egunez ari dira protestan nekazariak eta abeltzainak, baina hor UAGA sindikatu nagusiak egin du deia. Atzo, bostehun traktore batu ziren Gasteizen, salatzeko nekazariak «itota» daudela.
Gaur Eusko Jaurlaritzaren egoitzara eraman dituzte beren aldarrikapenak. Horretarako, karabana antolatu dute Zurbaotik Lakuara. A-1 autobidean doaz, eta trafikoa oztopatu dute.
Aurreneko traktoreak heldu dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurrera. Ertzaintzak erabat hartua du sarbide nagusia. @berriapic.twitter.com/uhBAdQRptW
— Aitor Biain (@Aitorbi) February 7, 2024
Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean manifestu bat irakurri dute, eta gero Jundizko industrialdera jotzekoak dira, saltoki handien logistika zentroen aurrean protesta egiteko.
ELAren babesa
Bizkaian ostiralerako deitu dute protesta eguna EHNE-Bizkaiak eta ENBAk. Haien aldarrikapenekin bat egin du gaur ELAk, eta bereziki puntu batekin: bertan behera geratzea merkataritza libreko akordioak. Sindikatuaren ustez, «akordio horiek nekazaritza eredu industriala bultzatzen dute, eta konpetentziaren izenean, ez dira produktuen prezio duinak bermatzen; ondorioz, ezta nekazarien lan baldintza duinak ere». Prezioek ekoizpen kostuak bermatzeko eta prezioak erregulatzeko eskatu du ELAk, eta elikadura eredua aldatzeko, «bertakoa eta agroekologikoa izatera pasatu dadin».
Sanchezek dio elikadura katearen legea indartuko duela
Nekazarien protestari erantzuteko, hiru promesa egin ditu gaur Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak. Batetik, elikadura katearen legea «indartu» egingo du, bermatzeko inork ez duela kostuen azpitik saltzen. Bigarrenik, elikagai inportatuek bertakoen ekoizpen baldintzak bete behar izatea bilatuko du. Hirugarrenik, NPB Nekazaritza Politika Bateratu «sinpleago bat» bultzatuko du Bruselan.