Koronabirusa. Ostalaritza

Trago bat gasolindegian

Batik bat garraiolariak eta joan-etorrian dabiltzan langileak baliatzen ari dira zabaldu diren gasolindegietako jatetxeak. Terraza batzuetan badira trago bat hartzera joandakoak ere, aisialdian.

Donostiatik oso gertu dagoen gasolindegi bateko terraza beterik, atzo. BERRIA.
xabier martin
2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Bere hartan jarraitzen du pandemiari bideak ixtekoezarritako debekuei izkin egiteko batzuen tradizioak. Ostalaritza ixtea izan da agintarien azken neurri traumatikoa Euskal Herrian, eta badira, jadanik, modu bat aurkitu dutenak etxetik kanpo trago bat hartzeko: garraiolarientzat zabaldu berri dituzten gasolindegietako jatetxeetaraino joatea.

Donostia aldeko gasolindegi ezagun bateko terrazan ez dago lekurik eguerdi atseginean; eguzki izpiak aurpegian sentitzea oparia da azaroan. N-1 errepidean, Donostiarako norabidean doazen garraiolariek bete dute jatetxearen barrualdea; izan ere, ez da zaila hura betetzea: bi mahaitik batean bakarrik zerbitzatzen dute, sei mahaitan guztira. 15:30ak dira, eta oraindik bazkaltzen daude hamar bat langile.

Zerbitzariak bezero bati ohartarazi dio terrazako mahairen bat libre egon arte ezin dela kanpora atera, eta barrako tarte finko batetik ez mugitzeko. Segurtasun neurriek ez dute zerikusirik itxiera aurretik taberna gehienetan egon direnekin. Areto guztia dago seinalez beteta, bezeroak non egon daitezkeen garbi gera dadin. Komunera abiatu den beste bezero bati jakinarazi diote kaletik joan behar duela, han ere badela ate bat. Mezularitza enpresa ezagun bateko gidariak ez du ongi hartu abisu ozena: «Bakarrik komunera noa!».

Eta nola dago terraza? Kanpoko sei mahaietan ere laneko elastikoekin eta jertseekin jantzitakoak ikus daitezke, baina baita kaleko jantzitakoak ere, binaka, hirunaka eta baita launaka ere, kafe bat edo garagardo bat hartzen. Erraz suma daiteke batzuk ez direla haraino joan beren autoak erregai egarri direlako; ez dute presarik, lagunarteko solasalditxo batean daude, telefonoari begira tarteka. Horientzat ez da astunagoa izan gasolindegiraino joatea okindegiko ilaran egotea baino, kaleko banku baten zain; lagun batekin trago bat hartzeko lana ez da lana.

Kafetxo bat baino ez

Autoa gelditu dute Beasainera doazen lankide bik Tolosa igaro ondoren dagoen beste gasolindegi batean. Donostiatik datoz, eguneko lanaldia bukatu ondoren. Emakumeak kafe bat hartzen ari dira etxera iritsi aurretik; 16:00ak dira, ordu egokia terraza batean kafe bat hartzeko bazkaldu ondoren. Gasolindegiko jatetxeak aukera eman die horretarako, autoak erregaia behar ez duela ere. «Kafe azkar bat eta etxera», esan dute. Izenik ez dute eman, baina azaldu dute estreinakoz egin dutela geldialditxo hori. «Nori egiten diogu kalte, ba?».

Zerbitzariak berretsi du ez dela aspertzen egun hauetan; joan-etorrian dabiltzan beharginak dira «gehien-gehienak» bere bezeroak, baina lanean ez daudenak ere badatozela uste du. «Guk ezin diegu eskatu karneta jakiteko garraiolariak diren ala ez», dio, barraren atzean.

Barruko jangela beteta dago bazkaltzen ari diren beharginekin. Jertseetan erakusten dituzten enpresa logoek ez dute zalantzarako tarterik uzten. Mahaitik mahaira bi metro inguruko tarteak daude, eta egongela osoa seinalez beteta dago: barratik mahaira nondik joan behar den azaltzeko, barrako zer eremutan eska daitekeen argitzeko eta abar.

Kanpoko terrazan, hutsik daude zurezko mahai batzuk; beste batzuk ez. 16:00ak jo dute, eta garagardo bat hartzen ari dira bi gizon. Haien alboan, emakume bat kafe batekin. Zigarreta piztu du. Hutsik geratu berri den beste mahai batean lau gizon gazte egon dira garagardo batzuk hartzen; autoaren motorra piztu dutenerako, zerbitzaria haien mahaia garbitzen ari da desinfektatzeko produktu batekin. Donostialdekoan bezala, enpresa ibilgailu eta kamioiak bezainbeste dira auto pribatuak gasolindegiaren parkinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.