2022. urtea ez zen ona izan Baionako portuarentzat. Energia krisiari batu zitzaion Ukrainako gerraren kaltea, eta horren ondorioz %15,1 urritu da trafikoa Lapurdiko portuan. Guztira, 2,05 milioi tona iritsi dira portura edo handik atera dira.
Euskal Herriko portu handienetan hirugarren da Baionakoa, Bilbokoaren (563,5 milioi tona) eta Pasaiakoaren (3,3 milioi) atzetik.
Celsaren altzairutegiak ekoitzitako altzairuzko totxoak izan ohi dira Baionako portuaren karga nagusia, baina aurten %35,8 jaitsi da haien mugimendua, eta horrek markatu du hein handi batean trafikoaren beherakada. Halaber apaldu da petrolioaren produktu finduen inportazioa (-%39,8) eta ongarriena (-%29,6).
Emendatu egin da, berriz, artoaren trafikoa, Baionako portuko produktu nagusia bilakatzeraino: 397.000 tona, 2021ean baino %5,4 gehiago. Inguruan landatutako artoa esportatzeko portua izan da aspaldian Baionakoa, baina aurten, lehortearen ondorioz, lehen aldiz, artoa inportatu du, inguruko industria batek eskatuta.
Portuan 30 milioi euroren inbertsioak agindu dituzte haren kudeatzaileek, Akitania Berria eskualdeak eta Baionako Merkataritza Ganberak.