Gurutzatzeko laguntzarik gabe

Japoniako emakumezko enpresariak aitzinera egiten ari dira, emakume ekintzaileen belaunaldi berri bat agertu den honetan, nahiz eta ez dituzten beti behar bertze ulertzen, ezta laguntzen ere.

Emakume batzuk Tokion, Shinjuku  barrutian. FRANK ROBICHON / EFE
Emakume batzuk Tokion, Shinjuku barrutian. FRANK ROBICHON / EFE
Josep Solano
Tokio
2024ko maiatzaren 26a
05:00
Entzun

Telebista aurkezle izateko ametsa beti buruan zuela, Aya Yasudak produktu garatzaile gisa abiatu zuen bere lan ibilbidea, Japoniako Kanebo Cosmetics kosmetika enpresa handian, eta hiru berrikuntza kosmetiko patentatu zituen postu horretan ari zela. Los Angelesera joan zelarik Nazioarteko Merkataritzako ikasketak egitera, aukera izan zuen kirol aurkezle aritzeko AEB Ameriketako Estatu Batuetan. «Han ohartu nintzen emakume asiarren betileak ez zirela mendebaldarrenak bezain deigarriak, eta, beraz, betile maskara emateko eskuila irregular bat sortu nuen, asiarren betileak harrapatu eta luzatzeko modukoa», kontatu du Yasudak.

Halaxe hasi zuen Yasudak bere enpresa abentura, poltsan 5.000 euro zituela, anitz zorpetu behar ez izateko abentura gaizki ateraz gero. «Sekula gainditu behar izan dudan probarik arriskutsu eta arriskugarriena izan zen, baina fidatzen nintzen nire produktuaz; bertzerik gabe, neure buruarengan konfiantza izan nuen, salmenta helburuak bete nituen, eta probako lehenbiziko salmentan arrakasta izan nuen», xehatu du. «Gero, eskuilaren patentea eskuratu nuen AEBetan eta Japonian, eta 2.690.000 saldu dira jada mundu zabalean».

«Estualdi anitz pasatu nituen, gizon batzuek irain egin baitzidaten lan esparruan, baina, bertzerik gabe, ez nien gailentzera utzi: altxatu, eta nola lan egiten dudan erakutsi nien». AYA YASUDAEnpresaburua

Baina bidea ez da beti eztizkoa izan enpresari japoniar horrentzat: «Estualdi anitz pasatu nituen, gizon batzuek irain egin baitzidaten lan esparruan, baina, bertzerik gabe, ez nien gailentzera utzi: altxatu, eta nola lan egiten dudan erakutsi nien. Horri esker, gauzak nabarmen aldatu ziren», adierazi du Yasudak. Nolanahi ere, Yasudak gehitu du «emakume ekintzaileak errespetatzeko joera bat» nabari zela bere enpresa abiarazi zuelarik, eta «zorte onekotzat» dauka bere burua, «gizonezkoen enpresa munduan onartu» zutelako.

AYA YASUDA
Aya Yasuda.

Fuminobu Okabe Lan Zuzenbideko eta Gizarte Segurantzako irakaslea da Sokako Unibertsitatean, eta, haren hitzetan, ez da erraten ahal negozio bat abiatzea berez zaila edo erraza den emakumeentzat. Azaldu duenez, «Japoniak jada promulgatuak eta aplikatuak ditu Lanean Aukera Berdintasuna Izateko Legea, Gizartean Genero Berdintasuna Lortzeko Oinarrizko Legea eta Emakumeen Jarduna Sustatzeko Legea, helburutzat hartuta emakumeek eta gizonek aukera berberak izatea lan egiteko eta enpresak sortzeko orduan». 

Halere, zera ere aitortu du: «Munduko Ekonomia Foroak argitaratutako Genero Arrakalaren Indizearen arabera, funtsean oraindik ez dago berdintasunik gizonen eta emakumeen artean, ez bizi sozialean, ez ekonomikoan». Indize horretan, hagitz gibelean dago Japonia: 155 herrialderen artean 125.a da; Espainia, errate baterako, 18.a da. Okaberen ustez, «argi dago japoniar emakume anitzek lana utzi nahi izaten dutela ezkontzen direlarik edo haurrak izaten dituztelarik». 

Yasudak dio berak ez duela arazo hori izan, lana pasio gisa ikusten baitu, bere biziaren ardatz gisa: «Ez ditut bi arlo horiek orekatzen; bertzerik gabe, gogoz aritzen naiz bietan, biak ere zirraragarriak iruditzen baitzaizkit».

Bertze diskriminazioak

Florenda Corpuz Dang editoreburua da Filipino-Japanese Journal hedabidean, eta, haren erranetan, «erronka» izan daiteke oreka atzematea, «baina egiten duzun horrek pasioa pizten badizu, errazagoa da: niretzat, idaztea eta Japoniako filipinar komunitatearen zerbitzuan aritzea ez da lan soila, pasioa baizik, bultzada bat».

Florenda Corpuz
Florenda Corpuz

Corpuz kazetari filipinarra hagitz gaztetatik bizi da Tokion, eta azaldu du orain zuzentzen duen komunikabidea blog gisa abiatu zela, 2011n, Japoniari eta Filipinei lotutako gai nagusiak ardatz hartuta. Halere, 2016an, papereko abenturari ekin zion, Din Eugeniorekin, hau da, hedabidearen bertze fundatzailearekin batera. «Hasieratik, albiste eta ikuspuntu iturri fidagarria izan da Japonian bizi diren filipinarrentzat», azpimarratu du Corpuzek.

«Ez dut arrakalarik sumatu emakumezko ekintzaile atzerritar gisa, baina kazetari atzerritarra naizen aldetik bai, lehen urteetan, albisteen berri ematera joaten ginenean».FLORENDA CORPUZFilipino-Japanese Journaleko editoreburua

«Hasieran pentsatzen nuen ezin izanen nuela nire hedabide enpresa propioa Japonian abiarazi, ez baitakit ez japonieraz solasean ez idazten: paper pila bat bete behar zen legezko enpresa gisa erregistratu aitzin», esplikatu du Corpuzek, gero moldatu zen arren bere bazkideari esker. «Gibelera begiratuta, badira zortzi urte Filipino-Japanese Journal argitaratzen duen enpresa sortu genuela, eta iragarleen eta irakurleen artean nola ezagutarazi asmatzea, horixe izan zen erronkarik handiena guretzat», zehaztu du Corpuzek.

Atzerritarra izanda ere, filipinar kazetariak ez zuen anitzik pentsatu Japonian dauden genero arrakala ugariei buruz: «Iruditu zitzaidan Japoniako gizartea eboluzionatzen ari zela kultura aniztasuna lortzeko bidean, atzerritarrei ateak irekitzen pausoz pauso», dio Corpuzek. «Japonian genero arrakalek eta lan kultura tradizionalak hor dirauten arren, hasiera hartan ikusi nuen aniztasuna gero eta handiagoa zela, eta horrek aukerak ematen zizkigula gure hedabidea zabaltzeko», gehitu du.

«Ez dut sekula arrakalarik sumatu emakumezko ekintzaile atzerritar gisa, baina kazetari atzerritarra naizen aldetik bai, lehen urteetan, albisteen berri ematera joaten ginenean. Halere, uste dut hasieran diskriminatu gintuzten horien errespetua erdietsi dugula, gure profesionaltasuna erakutsita atzerriko lur honetan», azaldu du Corpuzek. 

Bi traba handi

Corpuzen kasua bat dator estatistikekin, adierazten baitute gero eta emakume gehiagok sortzen dutela beren enpresa propioa Japonian: «Pentsatzen dut Interneteko negozioen eta enpresa txikien eskaria handitu delako gertatu dela hori, eta bertzeren kontura lan egitea ez delako eraginkorra», nabarmendu du Okabek.

Akademikoaren aburuz, bederen bi traba handi izaten dituzte enpresa munduan sartu nahi duten emakumeek: «Batetik, denbora mugak: izan ere, emakume anitzek haurrak hazten, norbait zaintzen eta bertzelako etxeko lanak egiten eman behar izaten dute beren denboraren parte handi bat, eta, horregatik, denbora gutxiago dute beren enpresen kudeaketan buru-belarri aritzeko».

Bertzetik, finantza arloko mugak daude, Okabek dioenez. «Enpresa bat abiarazi nahi duten emakume anitzek beren abileziak eta zaletasunak baliatzen dituzte oinarri gisa Interneteko negozioak edo negozio txikiak sortzeko», baina, akademikoak gaineratu duenez, «zaila izaten da babes ekonomikoa lortzea» eta, beraz, «zailtasunak izaten dituzte beren negozioa garatu eta handitzeko, eta, aldi berean, enpresa hestea bertze aukerarik ez dute izaten istripuren bat izanez gero».

Yasudak nabarmendu du lan esperientzia hagitz ona izan zuela estatuak emandako laguntzei zegokienez, eta uste du funtsezkoak izan zirela enpresak arrakasta izateko. «Anitzetan baliatu nintzen gobernuaren maileguez, eta anitz lagundu zidaten», erran du tokiotar enpresariak. Corpuzek, bertzalde, aitortu du doako aldizkari bat zuzentzeak «erronka ekonomikoak» dakartzala, eta are, «estualdiak» ere eragin dizkiela batzuetan. Halere, zera gaineratu du: «Gure iragarle leialen babesari esker, lortu dugu traba horiek gainditzea eta zortzi urtez jardunean segitzea».

Instituzioekin kritiko

Emakumeek lidergo postuetan duten parte hartzea hizpide hartuta, Yasuda kritikoago mintzatu da instituzioez. Enpresari tokiotarraren erranetan, enpresa munduaren egiturak ideia jakin bat du oinarrian: gizonek, fisikoki, ahal handiagoa dutela emakumeek baino eta horregatik dituztela emakumeek baino abantaila gehiago. «Orain eginahalean ari gara egitura hori arrunt aldatzeko, baina hagitz zaila da: emakumezko enpresaburu edo lider politiko ikoniko bat behar dugu, gizarte hau xehatzeko», azpimarratu duenez.

«Munduko Ekonomia Foroak argitaratutako Genero Arrakalaren Indizearen arabera, funtsean oraindik ez dago berdintasunik gizonen eta emakumeen artean, ez bizi sozialean, ez ekonomikoan». FUMINOBU OKABE Sokako Unibertsitateko Lan Zuzenbideko irakaslea

Sokako Unibertsitateko irakaslearen ustez, gero eta enpresa gehiagotan izanen dira emakumezko exekutiboak eta zuzendariak: «Hala gertatuko da etorkizunean, halabeharrez. Japoniako lan politika bideratzeko orduan, xede gisa hartu dute Japoniako langileak izateko bideak bermatzea —lanerako eskuak falta baitira—, etxe gehiagotan bi soldatapeko izatea soldata tasen apaltzea dela eta, eta erretiro funtsak bermatzea —ikusita Japoniako biztanleria zein agudo zahartzen ari den—; eta, helburu horiek bultzatuta, zenbait ekinaldi eta neurri paratu dituzte martxan emakumeek parte hartze handiagoa izan dezaten lantokian, eta emakumezko exekutibo eta zuzendari gehiago izan daitezen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.