Torres ez dator bat patronalak absentismoari buruz esaten duenarekin

Sailburuak azpimarratu du laneko osasun arazo bat dela. «Euskadirentzako gutxieneko soldata» baten alde azaldu da.

Mikel Torres Ekonomia eta Lan sailburua, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, ostiral honetan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Mikel Torres Ekonomia eta Lan sailburua, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, ostiral honetan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko irailaren 27a
15:45
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu gisa egin duen lehen osoko bilkuran, Mikel Torresek uko egin dio «patronalaren esparru kontzeptuala erabiltzeari» absentismoari buruz hitz egiteko. Esan duenez, «Euskadin, langile bat bere lanpostura joaten ez denean, ez du nahita egiten», eta azpimarratu du hori egiten duenak gaixo dagoelako egiten duela, «mediku batek baieztatu ondoren», eta eskubide hori jasota dagoela legeetan zein lan hitzarmenetan.

Modu horretan aldendu da Torres enpresaburuen diskurtsotik. Azken hilabeteotan, Hego Euskal Herriko patronalek onartezintzat jo dute gaixo daudela argudiatuta lanera joaten ez diren langileen kopurua, eta zalantzan jarri dute kasu askotan osasun arazoengatik gertatzen ote den hori. Sailburuak uko egin dio «absentismoaren kontzeptua» patronalak erabiltzen duen moduan erabiltzeari, «hitzek garrantzia baitute». «Nik ez dut absentismoaz hitz egiten, horrek esan nahi baitu langile klaseak gehiegizko eskubideak dituela, eta ez dut uste dagozkion baino eskubide gehiago dituenik».

«Nik ez dut absentismoaz hitz egiten, horrek esan nahi baitu langile klaseak gehiegizko eskubideak dituela, eta ez dut uste dagozkion baino eskubide gehiago dituenik»

MIKEL TORRESEusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua

Dena dela, Torres kezkatuta agertu da argitaratu diren datuekin, nabarmendu duenez «Euskadin Espainian baino handiagoak baitira». Horren harira, laneko osasuna hobetzeko konpromisoa hartu du. «Gai honek kezkatzen nau, zerbait gertatzen ari dela adierazten baitu».

Torresek legebiltzarreko kontrol saioan egin ditu adierazpenok, Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkidearen galderari erantzunez. Hernandezek kezka agertu du gai honen inguruan «patronalak agertu duen oldarkortasunagatik». Gogorarazi du mediku baimenak langileen oinarrizko eskubidea direla, eta hori ezin dela zalantzan jarri.

Lanaldia eta soldatak

Horrez gain, Madrilen lanaldia murrizteko egiten ari diren negoziazioez ere hitz egin du Torresek, eta gogoratu du Jaurlaritza ere gaia lantzen ari dela, eta azterketa bat eskatu diola Adegi patronalari. Esan du ez dela harritzen enpresaburuek agertu duten «aurkakotasunarekin eta erresistentziarekin», eta elkarrizketaren aldeko apustua egin du. «Hemen, Euskadin, emaitzak ekarri ditu askotan, baina, akordiorik ez badago, guk jardun egin behar dugu».

Halaber, Torresek dei egin die patronalari eta sindikatuei «lehenbailehen» negoziatzen has daitezen, «Euskadiko errealitate sozioekonomikora egokitutako» lanbide arteko gutxieneko soldata bat onartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.