Torres: «Bitxia da zergak jaisteko eskatzea enpresek inoizko irabazirik handienak dituzten honetan»

Sozietate zerga %17tik %15era jaisteko patronalak egindako proposamena aztertuko dutela esan du Etxanobek, baina baztertu egin du ondare zerga ezabatzea.

Mikel Torres Jaurlaritzako Ekonomia eta Enplegu sailburua, kargua hartu zuen egunean. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
Mikel Torres Jaurlaritzako Ekonomia eta Enplegu sailburua, kargua hartu zuen egunean. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
Iker Aranburu.
2024ko uztailaren 17a
13:20
Entzun

Confebaskek sozietate zerga %17tik %15era jaisteko eskaera egin zion atzo Eusko Jaurlaritzari, eta hark jada erantzun dio, ez hitzik gabeko ezezko batekin, Mikel Torres lehendakariordearen bitartez. «Enpresek inoizko emaitzarik onenak dituzten urte batean gaude, eta bitxia izan daiteke enpresek, bankuek eta korporazio handiek irabazi errekorrak dituzten honetan zerga jaitsiera bat eskatzea», esan du Ekonomia, Enplegu eta Lan sailburua ere badenak, Herri Irratian.

Torresek, ordea, ez dio aterik itxi Confebaskek bezperan egindako beste proposamen bati: zerga kenkariak handitzea «kalitatezko» enplegua sustatzen duten enpresei eta ingurumena babesten dutenei.

Berez, zerga kontuei buruzko eskumena ez da Eusko Legebiltzarrarena, baizik eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiena, baina erakunde horietan guztietan nagusi dira EAJ eta PSE-EE, eta, hortaz, pisu handia du Jaurlaritzan sozialistek duten kargurik inportanteenaren iritziak. Eta alde horretatik garbi utzi du PSEren asmoen artean ez dagoela zerga jaitsiera orokorrik, «baizik eta enpresek eta pertsonek bidezko zergen bitartez finantzatzea zerbitzu publikoak».

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak (EAJ), ordea, ez du erabat baztertu Confebasken proposamen nagusia. Radio Euskadin, ziurtatu du «aztertu» egingo dutela enpresek beren irabazietatik ordaintzen duten zatia %17tik %15era jaistea. Baina, aldi berean, errotik moztu du patronalaren beste eskaera bat: ondare zerga ezabatzea: «Eskaera hori ez dugu kontuan hartuko».

Zerga erreforma zintzilik geratu zen azken legealdian, baina oraingoan bai egingo dutela ziurtatu dute foru erakundeek. Erakunde bakoitza zerga aldetik burujabea den arren, erreforma koordinatua izango da, eta urte honen amaierarako onartzea da asmoa. Aldaketa sakonik ez da espero, oro har, zerga sistemaren funtzionamenduarekin gustura direlako erakundeak eta haiek gidatzen dituzten alderdiak.

CONFEBASKEN ESKAERAK

  1. Sozietateen gaineko zergaren gutxieneko ordainketa %17tik %15era murriztea.
  2. Erregistratutako galeren kenkariaren muga ezabatzea. Gaur egun, zerga oinarriaren %50ean dago.

  3. Ondarearen gaineko zerga kentzea.

  4. Errenta tarteak inflazioaren zenbateko errealean deflatatzea, eta errenta tasa marjinalak Europako eta Espainiako autonomia erkidego batzuetako tasetara egokitzea.

  5. Start-up-etan izandako galeren monetizazioa baimentzea, I+Garen ondoriozko kenkarian baimentzen den bezala.

  6. Berrikuntzarako pizgarri fiskalaren erakargarritasuna hobetzea. Gaur egun, %15ean dago.

  7. Kalitatezko enplegua sustatzeko kenkari bat sortzea, eta enpleguko BGAEetarako ekarpenetarako zerga kenkariak jartzea.

  8. Deskarbonizazioari lotutako kenkari berri bat sortzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.