Toñaren dimisioa nahi dute

ELAk eta LABek Jaurlaritzaren agiri bat erakutsi dute, eragin mugatuko itunak sustatuz «gehiengo sindikala baztertzen duena». Agiria bat dator BERRIAk argitaratutako Confebasken agiriko edukiarekin

Ainhoa Etxaide (LAB) eta Adolfo Muñoz (ELA) atzo, Bilbon, Jaurlaritzaren agiria erakusten eta azaltzen. M. RAMIREZ / ARP.
xabier martin
Bilbo
2016ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak gehiengo sindikalari «sabotajea eginda» eragin mugatuko itunak orokortuko lituzkeen estrategia bat duela salatu zuten atzo ELAk eta LABek, Lakuaren agiri bat erakutsita. «Elkarrizketa Sozialerako Mahaira bidaltzen den idatzian, gutxiengo sindikalarekin akordioak orokortzea proposatzen dute, negoziazio kolektiboa zuzentzen duten joko arau demokratikoen alternatiba gisa». Ainhoa Etxaide eta Adolfo Muñoz elkarrekin azaldu ziren Bilbon, «demokraziaren logikatik kanpo» dagoen agiria salatzeko, eta Angel Toña Enplegu sailburuaren dimisioa eskatzeko, «agiriak jasotzen duen eduki antidemokratikoaren larritasunak» behartzen dituelako horretara.

Sindikatu abertzaleek agerraldia bukatu eta berehala aitortu zuen Jaurlaritzak lantzen ari diren zirriborro bat dela ELAk eta LABek erakutsitako agiria. «Elkarrizketa Sozialerako Mahaiko kideen artean lantzen ari den zirriborroetako bat da», zehaztu zuen Enplegu Sailak. «Aztertu diren beste testu batzuek bezala», helburu argi bat duela esan zuen Lakuak: «Gure langile batzuen lan baldintzak okertzea dakarten egoerak desblokeatzea». Enplegu Sailak Elkarrizketa Sozialerako Mahaian parte hartzera gonbidatu zituen ELA eta LAB, gune horretan, «eguneroko lana eta dokumentuen edukia osorik jakinda», ekarpenak eta proposamen berriak egin ditzaten.

Sindikatu abertzaleek ezagutarazitako informazioa bat dator herenegun BERRIAk argitaratu zuen Confebasken agiriko edukiarekin. Elkarrizketa Sozialerako Mahaiko beste kidearen idatziak honako haudio: «Eragin orokorreko akordioak egitea ezinezkoa den esparruetan, baina eragin mugatuko akordioak egitea posible denean, Elkarrizketa Sozialerako Mahaiko enpresarien elkarteek eta sindikatuek konpromisoa hartzen dute eragin mugatuko akordioei ahalik eta zabalkunde eta aplikazio handienak emateko». Muñozek azaldu zuen «BERRIAk kaleratutako agiriak patronalaren nahiak jasotzen dituela», eta atzo sindikatuek erakutsitako agiriak Jaurlaritzaren proposamena jasotzen duela, «nahi horiei jarraikiz».

BERRIAren informazioa

Hain zuzen, ELAk eta LABek atzo ezagutarazitako informazioaren oinarria haren haritik doa. «%59,20 ordezkatzen dugu ELAk eta LABek; %29,74 gutxiengo sindikalak. Jaurlaritzak argi erakusten du langileek modu demokratikoan hautatu duten ordezkaritza baztertzeko eta ukatzeko borondatea duela», esan zuen Muñozek .

Areago, Etxaide ren eta Muñozen ustez, «Confebask sindikatu abertzaleak legez kanporatzen saiatu zeneko segida da» Elkarrizketa Sozialerako Mahairako jorratzen ari diren estrategia. Orduan, Jaurlaritzak «ezer gertatu ez balitz bezala» egin zuela gogoratu zuten idazkari nagusiek. «Orain proposatutakoak patronala egoera ezin hobean utziko luke negoziazio kolektiboaren atalean: gehiengoari muzin egiteko arazorik gabe, mintzakideak aukeratu ahal izango ditu akordio merkeak egiteko, langileak pobretzea beste helbururik ez duen bidean aurrera egiteko».

«Eraso» hau ikusirik sindikatu abertzaleak nola sentitzen diren adierazteko, galdera bat egin zion ELAko idazkari nagusiak Andoni Ortuzar EAJko presidenteari: «Zer pentsatuko luke Ortuzarrek esango baliote EAJko 27 legebiltzarkideek ez dutela balio? Zer esango luke UPDk egingo balitu aurrekontuak? Bada, hori egiten ari dira gurekin».

Elkarrizketa Sozialerako Mahaia gehiengo sindikala alboratzeko eta haren indarra indargabetzeko tresna bihurtu dela salatu zuten, halaber, sindikatu abertzaleek. «Ez dira bateragarriak ELAk eta LABek aldezten duten Lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua eta Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk partekatzen duten gune hori; eta ez da mahai horretan langileen baldintzak hobetuko dituzten aldarrikapenak baztertu egiten direlako». Labur eta garbi esan da: «Ez dago euskal esparrurik joko arau demokratikoak ez badaude».

Elkarrizketa aurreratuak

Egunkari honek kaleratutako Confebasken agirian «euskal negoziazio kolektiboa edukiz betetzeko eta hura babesteko» apustua egiten dela gogorarazi zion kazetari batek Etxaideri, «iristen ari diren lehentasun handiagoko beste itun batzuen aurrean euskal esparruak babes handiagoa beharko lukeela» esaten duela patronalak. «Aitzakia merkea da gutxiengoarekin akordioak egiteko. Horrek ez du balio estatalizazioa gerarazteko», erantzun zuen LABeko idazkari nagusiak. Muñozek azaldu zuen eragin mugatuko akordioak orokortzeko «elkarrizketak oso aurreratuak egongo liratekeela, BERRIAk kaleratutako dokumentua eta gaur [atzo] erakutsitakoa kontuan hartuta».

ELAren eta LABen arteko harremanak gorabeherak izan ditu azken urteetan, besteak beste, negoziazio kolektiboaren atalean diagnostiko desberdinek eraginda. Ekintza batasuna hurbilago ote da? «Desadostasunak ditugu, baina baita haiek gainditzeko borondatea ere», esan zuen Muñozek. «Eta batzen gaituen patronal bat aurrez aurre», erantsi zuen Etxaidek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.