Tolosako (Gipuzkoa) hiltegiko 11 langileek greba mugagabea hasi dute azken soldatak jaso ez dituztela salatu eta azpiegituraren kudeaketa kaskarra azaleratzeko. Hamar egun dira ENBA nekazari sindikatuak deialdi arriskuaren berri eman zuela, eta, eguna iritsita, langileek protesta hasi dute. Hiltegiak Goierri eta Tolosako 400 abeltzaini eta 75 harakini ematen die zerbitzua.
Hiltegiko langileek hiru hilabete pasa daramatzate soldatarik jaso gabe, eta azpiegituraren kudeatzaile Industrias Carnicas del Oria (Incarosa) jotzen dute erruduntzat. Hiltegiaren jabea Tolosako Mankomunitatea da, eta, ENBAk jakinarazi duenez, kudeatzaileak urteak daramatza erabilera kanona eta alokairua ordaindu gabe. Nekazari elkartea harrituta agertu izan da baldintza horietan jarraitzen utzi zaiolako.
Arazoak aspalditik datoz. Hiltegiaren erabiltzaileek salatu dute azken bi urteetan enpresa ahulduz joan dela, hala giza baliabideen nola baliabide materialen aldetik. Langile kopurua murriztuz joan da —hamalautik 11ra—, eta kamioia kendu egin dute; horrek nabarmen okertu du haragiaren banaketa. Langileei ez ordaintzea egoera muturrera eraman duen azken tanta izan da.
Hamar urterako kontratua
Incarosak 1995ean hartu zuen hiltegiaren ardura, eta beste hamar urterako kudeaketa kontratua du oraindik. Enpresak kanpoko kudeatzaile bat jarri zuen azpiegitura zuzentzeko, eta hark iazko abenduan utzi zuen kargua. Esan bezala, zor handiak ditu Mankomunitatearekin. Bi aldeen arteko bilerak hasiak ziren kontratua eteteko.
Grebaren deitzailea ELA sindikatua da, eta hark eta ENBAk konponbidea bizkortzeko eskatu diote Mankomunitateari. Prozesu horrek, baina, txosten juridikoa, txosten ekonomikoa eta Mankomunitatea osatzen duten 45 udalen oniritzia behar du. Bi sindikatuek gertuagoko kudeaketa eskatu dute etorkizunean, egungo egoera «kontrolik ezaren» ondorio delako haien ustez.
ENBAk, halaber, argi utzi du Tolosako hiltegiaren etorkizunaren gaineko planteamenduak egiteko orduan zerbitzua «bertako abeltzainen beharretara» egokitu behar dela, «eta ez kanpoko handizkarien animaliak hil eta gure merkatuan gure haragiari konpetentzia egingo dion azpiegitura bat diseinatu».