Euskoak jaso duen sostenguaz pozik da Sebastien Christy. Badaki ez dutela euroa osoki ordezkatuko eta, zehaztu duenez, ez dute hori helburua: «Bi diru ditugu, bi mailatan erabiltzeko; euroa izanen da beste herriekin harreman ekonomikoak ukaiteko, eta euskoa, berriz, lurraldeari arrunt loturik».
Krisi ekonomiko zein finantzatestuingurua ikusirik, zer dakar euskoren sortzeak?
Tokiko diru batek azkartzen ditu lurralde bateko enpresa, elkarte eta kontsumitzaileen arteko harremanak. Horretaz gain, diru hori bakarrik Ipar Euskal Herrian kokatuko dela segurtatzen du ere, ez da hemendik ateratzen ahal. Hamar euro ematen direlarik, dirua ez dakizu zer bilakatzenden, ez eta ere nora doan. Aldiz, hamar euskoak segur da Ipar Euskal Herrian erabiliko direla. Elkartasun bat sortzen du ekonomian tokiko eragileenartean. Historian zehar agertzen da usu krisiak direnean direla ho- rrelako sistemak sortzen, krisi garaietan jendea berriz hurbilekoen arteko harremanei lotzen delako. Adibidez, Argentinan krisia izan zelarik, diru ofiziala arrunt baliogabetu zen eta diru paraleloak biderkatu ziren. Azkenean, konfiantza kontu bat da, ez da gehiago konfiantzarik diru ofizialean; beraz, beste batzuk sortzen dira. Suitzan ere, 1929ko krisia zela eta, enpresei mugaturiko Wir deitutako sare bat osatu zuten. Iduriz ekonomia ongi doalarik, gutxiago baliatzen dute eta, haatik, ekonomia txartzen delarik, sistema horren bidez egin trukaketak azkartzen dira.
Baina trukaturiko euroak banku batean ezarriko dituzue. Sisteman geldituko dira, beraz.
Bai sisteman gelditzen dira, baina erabaki da edozein bankutan ez ematea. Credit Cooperatifen gara, eta hor da NEF sozietatea, zeina funtsak ekonomia sozial eta solidarioan inbestitzen dabilen. Euroak hor eman ditugu, bakarrik horrelako proiektuak diruztatzeko. Bestalde, Euskal Monetak Herrikoarekin izenpetu hitzarmenaren harira, Herrikoak Eusko-Herrikoa deitu funtsa sortu du. Guk NEFi emanen diogun diru zama bera emanen dute funts horretan, Euskal Monetak aurkezten dituenproiektu batzuk diruztatzeko.
Eta ekonomia erabat mundializatua den garai honetan, badu zentzurik tokiko diru batek?
Gure helburua ez da euroa uztea, hestea eta bakarrik euskoa erabiltzea. Segur lurralde honek segituko duela beste herrialde eta herriekin trukatzen eta ekonomia orokorrari begiratuz gero euskoen pisua ahula izanen da seguru asko. Bi diru ditugu, bakoitza bere mailan erabiltzeko: euroa izanen da beste herriekin harreman ekonomikoak ukaiteko, eta euskoa, berriz, arrunt lurraldeari loturik.
Ipar Euskal Herriak bere dirua ukaiteak politikoki ere badu garrantzia.
Segur da. Hastapenetik biziki argi da Ipar Euskal Herriarentzat egina dela euskoa eta konkretuki komunikatzen denean diru honi buruz Ipar Euskal Herria da aipatzen, beti, beti eta beti. Beharbada, instituziorik gabe geldituko gara, baina gure dirua ukanen dugu!Beraz, bai, hori politikoki ez da neutroa. Euskoaren sarean abertzaleak badira, baina ere abertzale ez direnak, ingurumenari eta tokiko dinamikari interesatzen direnak. Nonbait, lurralde hori azaltzen da diruaren bidez eta abertzale ez diren horiek beharbada euskoaren bidez deskubrituko dute Ipar Euskal Herria badela. Batzuentzat, biziki naturala da Ipar Euskal Herria erratea baina beste batzuek ez dute badenik ere ikusten.
Hori ulertaraztea zuen helburuetan da?
Bederen ohartaraztea errealitate hori badela, eta gero ageriko da... eragin horren neurtzea zaila da. Lurralde baten eta diru baten artean lotura egiteak gauzak errazten ahal ditu beharbada, jakinik gainera lurraldeak ez duela ezagutza ofizialik. Errazago da pentsatzea «zergatik ez instituzio bat?» jadanik diru bat badago lurralde horretan. Hori ez da batere helburuetan, baina ondorio bat izan daiteke.
Hego Euskal Herrira hedatzea planteatzen duzue?
Jadanik ukan ditugu galdeak horri begira. Orainokoan ez da planteatzen, lehen bi urteetan segur da proiektua Ipar Euskal Herrian kokatuko dela, horrela definitua delako eta lehen bi urteetan proiektua ez delako aldatuko. Gero, bai, gerta daiteke hedatzea, edo beste tokiko diru bat sortzea hemengo esperientzia baliatuz. Hori guztia arrunt irekia da, ez da deus definitua. Baina argi da dinamikak jin behar duela lurraldetik, bestela ez da ibiltzen ahal. Ez dugu guk erraten ahal zabaltzen dugula hara edo hona, tokiko dinamika bat da, ez da gainetik egin nahi den proiektu bat.
Zer ekarriko die euskoak Lapurdi- ri, Nafarroa Behereri eta Zuberoari?
Lehenik, argi da Ipar Euskal Herriko ekonomiaren azkartze bat ekarriko duela euskoak. Ipar Euskal Herriaren ezagupen bat ere ondorioztatuko du, bertan erabilia izaki, nahi ala ez identifikatzen delako lurralde honi. Hemengoelkarte bizia sustatuko eta agerian emanen da ere, kide egiten den bakoitzak elkarte bat lagunduko duelako. Beti ideia nagusia izaki tokian tokiko harremanak eta trukaketak sortu behar direla. Beraz, Ipar Euskal Herriko elkartasun sare bat sortu behar luke euskoak.
Euskoa, Ipar Euskal Herriko dirua. Sebastien Christy. Euskoaren sortzaileetariko bat
«Tokiko dinamika bat da euskoa, ez da gainetik datorren proiektu bat»
Euskoak Ipar Euskal Herriari anitz ekarriko diola dio Sebastien Christyk, horren sortzaileetariko batek: elkartasun sare bat, lurraldearen ezagupena, elkarte biziaren sustapena...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu