Tobin tasaren bide malkartsua

Finantza salerosketak zergapetzeko prest daude oraindik EBko hamar herrialde, baina ez 2016a baino lehen

Oxfam gizarte erakundeko ekintzaileen protesta, Tobin tasaren alde, Bruselan. CARALP MARINE / EFE.
Ivan Santamaria.
2014ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Europako Batasunean Tobin tasa bat ezartzeko prozedurak aurrera jarraitzen du, baina bide luze eta malkartsua izaten ari da. Finantza salerosketak zergapetzeko prest dauden herrialdeek beste urtebetez atzeratu dute tasa indarrean jartzeko garaia: ez da izango 2016. urtea baino lehen. Bitartean, proiektua babesten ez duten herrialdeen kritikak geroz eta ozenagoak dira.

Finantza espekulazioak krisi ekonomikoaren hasieran izan zuen ardura ikusita, trabak jartzeko beharrari buruz asko hitz egin da urteotan. Haatik, hitzetatik ekintzetara pauso bat ematera ausartu den bakarra da Europako Batasuna, eta zalantza askorekin. Inspirazioa James Tobin ekonomialariak orain dela berrogei urte egindako proposamen batean aurkitu zuen. Diru mugimendu orori tasa bat jartzea proposatu zuen Tobinek.

Finantza salerosketak zergapetzeko teoriak aldeko eta kontrako argudio ugari eragin ditu. Hortaz, espero zitekeen halako zerbait indarrean jartzeko saioekin, eta hala izan da Europan ere. Batasuneko 27 herrialdeetatik soilik 11 gobernuk erabaki zuten tasarekin aurrera egitea. Atzo, indarrean jartzeko borondatea berretsi zuten horietatik hamarrek, adierazpen labur baten bidez. Esloveniak alde batera geratzea erabaki du oraingoz, joan den astean Alenka Bratusek lehen ministroaren dimisioak sortu duen barne krisiaren ondotik.

EBko Ecofin Ekonomia ministroen kontseilua baliatuz, oinarrizko akordio bat aurkeztu zuten hamar herrialde horiek. Horien artean, euroguneko lau ekonomia nagusiak: Alemania, Frantzia, Italia eta Espainia. Adierazpenak epemuga ezarri du, 2016, eta baita zerga «mailakatua» izango dela ere. Hots, ez zaie hasieratik kobratuko finantza truke guztiei, eta soilik akzioekin eta deribatu batzuekin hastea da asmoa.

Horrez gain, ezer gutxi aurreratu dute tasaren bultzatzaileek. Ez tasaren ezaugarriak, ez kopurua, ez nola kobratuko den salerosketa indarrean ez duten herrialde batean gertatzen denean. Europako Batzordeak arau zehatza proposatu zuen iazko otsailean, 2014. urtean hasteko, baina ezarpena bi urte atzeratu da dagoeneko.

Arazoak arazo, Algirdas Semeta Europako Batzordeko Zerga komisarioak ontzat jo du orain arteko bidea: «Egia da plangintza eta erritmoa ez direla Batzordeak proposatu zituenak bezain handinahitsuak, baina aurrera egiten den urrats bakoitza esanguratsua da». Halaber, EB halako tasa bat ezartzen «aitzindaria» izango dela azpimarratu du.

Kritika geroz eta zorrotzagoak

Finantza sektoreko mesfidantzari ez ezik, batasuneko beste kideen kritika geroz eta zorrotzagoei ere aurre egin behar diete Tobin tasa defendatzen duten gobernuek. Horien artean aktiboena izan da Erresuma Batua. Londresen finantza sektoreko zentro handi bat dago, eta hari kalte egingo liokeen edozein araudiren aurka jotzeko prest dago David Cameronen gobernua.

Lehen saioan huts egin du Londresek, ordea. 11 herrialderi proiektuarekin aurrera egitea baimendu zien Europako Kontseiluko erabakiaren aurka jo zuen auzitara. Haatik, EBko Justizia Auzitegiak helegitea ez onartzea erabaki zuen joan den apirilaren 30ean. Epaileek ez dute eman tasaren inguruko iritzirik; soilik kontseiluak emandako baimena jo dute legezkotzat. Alegia, 11 herrialdek eskubidea dutela lankidetza indartzeko, hala nahi badute.

Auzitegien bidearekin mehatxu egin zuen atzo George Osborne Erresuma Batuko Finantza ministroak, Ecofinen bileran: «Ez dugu izango zalantzarik lurraldez gaindiko efektuak dituen eta Erresuma Batuari kalte egiten dion tasa baten aurka egiteko».

Proiektua babesten ez duten herrialdeen iritzia ez dela aintzat hartu da kritika nagusietako bat. Herbehereak Tobin tasarekin bat egiteko prest egon daitezkeela argudiatu zuen Jeroen Dijsselbloem ministroak, baina, oso informazio eskasa jaso dutenez, uste du ezin dutela halakorik egin. Suedia ere oso kritikoa izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.