Iker Alvarez. Tiktokerra

«Tiktoken, zeharka irabazten da diru gehien»

Internet lantoki gisa erabiliz, zenbait gaztek dirua lortzeko sortzen dute edukia sare sozialetan. Horietako bat da Iker Alvarez: modari loturiko bideoak egiten ditu, eta sare sozialak ditu ogibide.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Igor Baigorri Perez
2023ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Iker Alvarez (Anoeta, Gipuzkoa, 2003) 15 urterekin hasi zen edukia sortzen. Ondoren urte bateko geldialdia izan arren, berrogeialdian Tiktok plataforman bideoak jartzen hasi zen, eta, orduz geroztik, ez da gelditu. Modari buruzko bideoak egiten ditu, zapatilei eta arropari buruzkoak, eta, gaur-gaurkoz, bizitzeko adina diru lortzen du sare sozialetatik.

Ikusi gehiago:Sare sozialak ogibide

Noiz hasi zinen sare sozialetan edukiak sortzen? Zer plataformatan?

Youtuben hasi nintzen, 2018an, anaiarekin. Ordu hartan, dibertsio hutsagatik egiten genuen. Ondoren, urte bateko geldialdia izan genuen, baina berrogeialdian Tiktok deskargatu, eta bideo laburrak eta bertikalak jartzen hasi nintzen. Zapatilei buruzko bideo bat igo nuen uda hartan, eta esaldi erakargarri bat baliatzen nuen jendeak bideoa ez zezan pasatu. Tiktoken oso garrantzitsua da jendeak bideo osoa ikus dezan lortzea. Gaur egun, Instagramen ere sortzen dut, eta etorkizunean berriro hasi nahi nuke Youtuben, blogak igotzeko.

Nola egin zenuen bideoak monetizatzen hasteko jauzia?

Orain dela urtebete pasatxo izan zen. Dolce & Gabanna enpresa nirekin harremanetan jarri zen kolaborazio bat egiteko; mugarri bat izan zen, eta hor hasi nintzen kotizatzen. Hasieran, harritu egin ninduen, diru kantitateagatik eta marka handia izateagatik. Noski, ilusio handia piztu zidan, baina normal hartu nuen, eta nire eguneroko jardunean ez zen ezer aldatu. Aurretik ere denda txikiagoekin eginak nituen hitzezko akordioak, eta denbora dezente neraman jada bideoak ekoizten; horrek asko lagundu ninduen.

Zeintzuk dira erabiltzaileak eta enpresak erakartzeko gakoak?

Denbora da garrantzitsuena, eta konstantzia. Hiru urte egon naiz huts egin gabe, bideoak etengabe igotzen, hurrengo bideoetan pentsatzen, bideo onak egiten saiatzen, eta beti sareari konektatuta. Modari buruzko bideoak egiten ditudanez, errazagoa da arropa eta zapatila markak nirekin harremanetan jartzea, horiek asko mugitzen baitira sare sozialetan. Beste era bateko bideoak egiten dituztenentzat beharbada zailagoa da kolaborazioak lortzea.

Nola lortzen da dirua sare sozialetan? Ikustaldi bakoitzeko dirua jasotzen duzu?

Tiktok plataformak oso diru gutxi ematen du ikustaldiko: hiru euro inguru milioi bat ikustaldiko. Youtubek, berriz, milioi bat ikustaldiko mila euro ere eman ditzake. Tiktok plataformatik jasotako diruari ez diot garrantzi handirik ematen, baina sare sozial oso ona da kolaborazioak eta ikusgaitasuna lortzeko. Gainera, lagun influencer-ak ditut sare sozialei esker enpresa askorentzat lanean ari direnak, haientzako bideoak egiten. Zeharka irabazten da diru gehien Tiktoken eta Instagramen: erakusleiho oso onak dira.

Noizbait eskaini al dizu beste plataforma batek berean sortzea?

Plataforma berriak etorri izan zaizkit diru gehiago eskainiz, baina mezu horiek ez ditut kontuan hartzen. Eduki sortzaile gehienok joerarekin batera mugitzen gara; lan honek hori dauka, funtzionatzen duen horri erreparatu behar diogu, eta ezin gara atzean gelditu. Instagram Reels martxan jarri zutenean, oso ondo funtzionatu zuen, eta azkar mugitu behar izan nuen; horrek aparteko lana dakar.

Zeintzuk izan dira egin dituzun kolaboraziorik handienak?

Dolce & Gabanna markarena izan zen ilusio handiena piztu zidana. Lehenengo kolaborazio handia izan zen, eta Milandik etorritako kontratu bat ikusteak asko poztu ninduen. Horrez gain, Lacoste ere jarri zen nirekin harremanetan, kolaboratzeko. Oso marka handiak dira, eta ez nuen espero horren epe laburrean horiekin kolaboratzea.

Zenbat jarraitzaile behar ditu eduki sortzaile batek sare sozialetatik bizitzeko?

Ez dago kopuru jakinik. Nik 40.000 jarraitzaile ditut Instagramen, eta, nik baino jarraitzaile gehiago izanda ere, askok ez dute nik adina irabazten. Modaren arloan, marka askok eskaintzen dituzte kolaborazioak, eta errazagoa da dirua lortzea. Egia da 200.000 jarraitzailetik gora izanda errazagoa dela marka indartsuenek zugana jotzea, baina Tiktoken eta Instagramen ez dago kopuru jakinik.

Posible izango litzateke edukiak euskaraz sortu eta sare sozialetatik bizitzea?

Nire arloan, oso-oso zaila ikusten dut. Ez zait bururatzen sareetan inbertitzeko prest dagoen euskal marka handirik. Ez dut inoiz probatu euskarazko bideorik egiten, baina eskatu izan didate halakoren bat, eta ez dakit zeri buruzko bideoa egingo nukeen. Baina ez dut baztertzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.