Tiktoken aurkako auzia artxibatu du Bruselak, erabilera saritzeko programa kendu duelako

Sare sozialak apirilean abiarazi zuen Tiktok Lite Euskal Herrian, eta pantaila aurrean pasatutako denboraren araberako puntuazio programa bat zeukan. Hura kendu, eta zin egin du ez duela berriz erabiliko.

Tiktok, eskuko telefono batean. ANDY RAIN / EFE
Tiktok, eskuko telefono batean. ANDY RAIN / EFE
joxerra senar
2024ko abuztuaren 5a
17:10
Entzun

Europako Batzordeak jakinarazi du bertan behera geratu dela Tiktoken aurkako auzietako bat. Salaketak ikusirik, sare sozial horrek erabaki du erabilera saritzeko puntuazio programa erretiratzea. Adikzioa eragin zezakeela leporatzen zioten.

Txinako Byte Dance konpainia da Tiktoken jabea, eta harekin erlazionaturiko beste bertsio bat jarri zuen martxan apirilean Euskal Herrian, Espainian eta Frantzian, Tiktok Lite izenekoa.

Alta, berehala kezka piztu zuen ea urratzen ote zuen Europako Zerbitzu Digitalen Legea. Lege horrek erabiltzaileen eskubideak biltzen ditu, eta lehia askerako eremu juridikoa mugatzen.

«Gazteen denbora erabilgarria ez da sare sozialetan egoteko truke txanpona, eta ez da izango. Saritze programa hori kentzea lortu dugu»

THIERRY BRETONEuropako Batzordeko Barne Merkatuko komisarioa

Bruselan alarmak piztu, eta prozedura ireki zuten. Tiktoken enpresa jabeari leporatzen zaio haren arriskuak aztertu aurreko txostena izan aurretik merkaturatu zuela Lite bertsioa. Pantailaren aurrean pasatutako denboraren araberako puntu programa zeukan, erabilera saritzeko: atsegin dut botoia sakatzeagatik, eduki sortzaileei jarraitzeagatik eta aplikazioan bat egitera gonbidatzeagatik, besteak beste.

«Gazteen denbora erabilgarria ez da sare sozialetan egoteko truke txanpona, eta ez da izango. Saritze programa hori kentzea lortu dugu», nabarmendu du Thierry Breton Barne Merkatuko komisarioak. Lehen aldia da Europako legedia aplikatuz prozedura bat bertan behera geratzen dena.

Tiktokek Lite bertsioari eutsi dio, baina sariak eta puntu programak kentzea erabaki du, eta zin egin du ez duela horrelako sistemarik berriz jarriko. Europako Batzordeak iragarri du erne zainduko duela ea konpromiso hori betetzen duen.

Beste prozedurak

Gainera, zabalik dago otsailaren 19an irekitako beste prozedura. Auziak zerikusia du adingabeen babesarekin, publizitate gardentasunarekin, ikertzaileentzako datuak eskura izatearekin, diseinu erakargarriak sor dezakeen adikzio arriskuarekin eta eduki kaltegarriekin.

Beste prozedura batzuk ere badaude hainbat sare sozialen aurka, ustez Zerbitzu Digitalen Legea urratzeagatik: X, AliExpress eta Meta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.