Ticket Bai sistema 2026ko urtarrilean iritsiko da Bizkaiko txosnetara

Aldundiak Batuz sisteman sartzeko epeak aldatu ditu. Bi urte eta erdian, jarduera ekonomikoren bat duten elkarte guztiek atxiki beharko dute

Bilboko Aste Nagusiko jaiguneko bi txosna. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Bizkaiko Aldundiak Batuz sistemara atxikitzeko epeak aldatu ditu. Zergadunen ordezkari diren elkarteekin hitz egin ondoren, 2026ra arte malgutu ditu epeak Ticket Bai barnean duten iruzurraren aurkako sistema ezartzeko.2024ko urtarriletik aurrera sei hilabeteko bost denbora tarte irekiko dira enpresa eta langile autonomo mota ezberdinak Batuz-era atxiki daitezen. Azkenak irabazi asmorik gabeko elkarteak izango dira. Jardun ekonomikoren bat badute, txosnek esaterako, 2026ko urtarrilaren 1erako egon beharko dute izena emanda.

Baina zer da Batuz? Bizkaiko Ogasunak iruzurrari aurre egiteko eta jardun ekonomikoa kontrolatzeko indarrean jarri nahi duen sistema da, eta Ticket Bai baino gehiago da. Ticket Bai faktura elektronikoa barnean du—Araban eta Gipuzkoan indarrean dago jada—, baina beste bi ezaugarri ditu: salerosketa erregistroen kontu liburu elektronikoa, eta jardun ekonomikoaren aitorpenaren zirriborroaren bidalketa. Hura onartu edo ez zergadunaren esku gelditzen da.

Itsaso Berrojalbiz Bizkaiko Aldundiko Ogasun diputatuak azaldu duenez, hauek dira Batuz ezartzeko epe berriak. 2024ko urtarrilaren 1ean enpresa handi guztiek egon beharko dute. Horiek dira lehen epemugan atxikitzera behartuta dauden bakarrak. 7.084 dira, eta gaur egun 960k bakarrik dute Batuz. Horiei, derrigorrezkoa izan aurretik atxiki diren zergadunak gehitu behar zaizkie: 15.088 dira, denen %16,8.

Hurrengo urteko uztailaren 1erako, industrian, eraikuntzan eta garraioan diharduten enpresa txikiak eta ertainak gehituko dira, baita sektore askotako profesionalak ere: medikuak, arkitektoak, dentistak... Blokerik handiena dira, 45.000tik gora. Ondo bidean, ordurako zergadunen %58 Batuz-en egongo dira.

Ostalari eta merkatari txikien urtea 2025a izango da. Nortasun juridikoa dutenek urtarrilaren 1erako atxiki beharko dute, eta halakorik ez dutenek, uztailaren 1erako. Autonomoak-eta dira azken horiek.

Gakoa, jardun ekonomikoa

Azken epemuga 2026ko urtarrilaren 1a da. Orduan atxikiko dira irabazi asmorik gabeko erakundeak eta sozietate zerga ordaintzetik salbuetsiak daudenak. Hor sartzen dira kultur, kirol edo gizarte elkarteak, betiere jarduera ekonomikoren bat badute. Gipuzkoan eta Araban, adibidez, horiek ez daude Ticket Bai ezartzera behartuta. Bizkaiko Ogasunaren arabera, irabazi asmorik gabeko erakunde baten txosna jarduera ekonomikoa da.

Aldundian uste dute tankera horretako elkarteek izango dituztela egokitzeko zailtasunik handienak, eta horregatik eman diete eperik zabalena. Era berean, nabarmendu dute gaur egungo borondatezko epean dauden laguntza eta kenkariak hurrengo bi urteetan mantenduko direla haien derrigorrezko dataren aurretik Batuz-era atxikitzen diren zergadunentzat: %10eko ordaina errenta aitorpenean edo sozietate zergan, eta sistemara egokitzeko gastuen %30eko kenkaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.