Hiru foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak abiatutako proiektu bat da Ticket Bai, iruzur fiskala eragozteko egindakoa. Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak esan du proiektuak enpresa txiki eta handien jarduera ekonomikoak gertatzen diren momentutik kontrolatuko dituela. Hala, indarrean jartzen den unetik aurrera, jarduera ekonomiko bat egiten duten pertsona fisiko eta juridiko guztiek fakturazio-software bat ezarri beharko dute beren enpresetan.
Lurralde bakoitzean komertzioek epe ezberdinak dituzte programa instalatzeko: Bizkaian, borondatez, 2020ko urriaren 1etik ezar zitekeen, eta derrigorrezkoa izango da 2022ko urtarrilaren baterako; Gipuzkoan, aurtengo urtarrilaren batetik ezar zitekeen, eta 2022ko urtarriletik sektoreka gradualki ezarri beharko dute; azkenik, Araban, pixkanaka ezarriko dute, 2022ko apirilean hasita, baina oraindik ez dago data zehatzik. Horrez gain, Peronak azpimarratu du Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba lehenak izango direla proiektu hau ezartzen Espainiako Estatuan.
Nekane Ibarguren: «Hiru urtez gaizki pasatzen egoteko, denda itxi eta etxera noa»
Enpresek derrigorrezkoa dute Ticket Bai ezartzea, eta, ez badute ezartzen, zigorrak jar dakizkieke, eta arau haustearen araberakoak izango dira: Enpresen eta autonomoen kasuan, aurreko ekitaldiko fakturazioaren %20ko isuna ezarriko da, eta gutxieneko isuna 20.000 eurokoa izango da. Arauak berriro hautsiz gero, isuna aurreko ekitaldiko fakturazioaren %30ekoa izango da, eta gutxieneko isuna, 30.000 eurokoa. Gainera, dokumentazioa aldatzeagatik, suntsitzeagatik edo ezabatzeagatik ere zigorrak ezarriko dituzte. Kasu horietan, aurreko ekitaldiko fakturazioaren %20koak izango dira, eta gutxieneko isuna 40.000 eurokoa izango da. Arauak berriro hautsiz gero, isuna aurreko ekitaldiko fakturazioaren %30ekoa izango da, eta gutxieneko isuna, 60.000 eurokoa.
Dendariek betebehar horren berri izan zutenean, merkatariek Euskal Dendak elkartera jotzea erabaki zuten, beldurrak eta ezjakintasunak bultzatuta. Euskal Dendak Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen elkarteen konfederazioa da. Elkarteko Gipuzkoako arduradun Xabier Aldalurrek azaldu du hasieran informazio saioak egin zituztela ia herri guztietan, dendarien zalantzak argitzeko. Dendariei software eskaintza asko iristen zaizkie, eta, horren aurrean, elkarteak eskaintzak aztertu, eta katalogo bat sortu du egokienak izan daitezkeenekin, laguntzeko asmoz. Peronak argitu du softwarea eros daitekeela, baina enpresaren batek inbertsio txikiago bat egin nahi badu aukera izango duela beharrezko paketea hilero ordainduz eta hodeitik jaitsiz.
Valentin Odriozola: «Denbora izango da testigu: kaleak hutsak geldituko dira»
Azalpenak eta informazio berria badiren arren, Ticket Bai-k «ondorio gogorrak» izan ditzake, Euskal Dendak-en ustez; batez ere lehendik kili-kolo zeuden dendariengan: «Negozio horiei inbertsio bat egin beharra gehituko die proiektuak, eta batzuei ixteko erabakia hartzea ekarriko die, eta beste batzuei erretiroa aurreratzeko erabakia hartu beharra». Aldalurrek argitu du normala dela erretiratzeko gertu dauden dendariek denda ixtea, batez ere orain arte inoiz ez badute modu digitalean lan egin, eta ez badaude inbertsio bat egiteko prest.
Inbertsio maila aldatu egingo da dendatik dendara, bakoitzak material ezberdina behar baitu bere negozioarekin aurrera jarraitzeko. Batzuek nahikoa dute datafono batekin, eta hori eskaintzen ari dira hainbat banku eta informatikari. Hala, datafono zaharra dutenek berri batengatik aldatuz, edo oraindik ez dutenek bat jarriz, Ticket Bai-ren sistema beteko lukete.
Baina beste hainbat komertziok inbertsio handiagoa egin behar dute; horren adibide da balantza bat behar duen edozein denda, balantzak 3000 euro inguru balio duelako, eta, horrez gain, programa eta beste osagai batzuk ordaindu behar dituztelako. Balantza gutxi erabiltzen duten dendek, berriz, orain arte erabili dituzten balantzak erabil ditzaketela argitu du Aldalurrek, balantza zaharrarekin pisua kalkulatu ondoren, nahikoa litzatekeelako Ticket Bai instalatua duen ordenagailuan informazioa sartzearekin. Peronak, berriz, azaldu du Interneterako konexioa jarri beharrak Gipuzkoako denda gutxiri eragingo diela, 2020. urtean langileen %97k baino gehiagok konexioa jarria baitzuen dendan.
Inbertsio horretarako, sistema ezartzeko laguntza ekonomikoak izango dira borondatezko aldian: Bizkaian, PFEZ edo sozietateen zerga %30 jaitsiko da; Gipuzkoan, %60ko beherapena egingo da PFEZn edo sozietateen zergan, gehienez 5.000 eurokoa, borondatezko aldian eta 2021eko azaroaren 1a baino lehen ezarriz gero. Eta, jarri beharreko epean ezarriz gero, %30eko beherapena. Oraingoz, Araban ez dute zehaztapenen berri eman.
Digitalizazioaren kontrola ikusita, dendari asko haserre daude, eta Aldalurrek azaldu du Euskal Dendak elkarteari kexak iritsi zaizkiola: «Ticket Bai inposatu egin digute; derrigortu egiten gaituzte sistema hau jartzera, eta, gainera, guk bakarrik egin behar dugu dena; ez dator Ogasuneko inor komertzioei laguntzera; etor dadila Ogasuna laguntzera». Dirua aurreratu beharra ere ez dute ongi hartu dendariek: «Nahiz eta gero diruaren zati bat berreskuratzeko aukera dugun, horrek ez luke horrela izan behar».
TICKET BAI: PLAN BERRI, DUDA UGARI
Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako enpresa handi eta txikiek mundu digitalean sartu beharko dute Ticket Bai proiektuaren bidez. Iruzur fiskala eragozteko programa berria ezarri beharrak aurkakotasuna sortu du dendarien artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu