Bizkaiko Aldundiak Batuz sistemara atxikitzeko epeak aldatu ditu. Zergadun elkarteekin hitz egin ondoren, Ticket Bai barnean duten iruzurraren aurkako sistema ezartzeko epeak malgutu ditu. Hasieran ezarri zen borondatezko epea urte amaieran amaituko da, eta, gaur egun, zordunen %16,8 atxiki dira —15.088 guztira—. Epe berriekin, zergadun blokerik handienak 2024ko uztailaren 1erako egon beharko du atxikita. Azkenak, aldiz, irabazi asmorik gabeko elkarteak izango dira. Jardun ekonomikoren bat badute, 2026ko urtarrilaren 1ean egon beharko dute izena emanda.
Baina zer da Batuz? Bizkaiko Ogasunak iruzurrari aurre egiteko eta jardun ekonomikoa kontrolatzeko indarrean jarri nahi duen sistema da, eta Ticket Bai baino gehiago da. Ticket Bai faktura elektronikoa barruan du —jada Araban eta Gipuzkoan indarrean dagoena—, baina bi ezaugarri nagusi gehiago ditu: diru erregistroen liburu elektronikoa, eta jardun ekonomikoaren aitorpen zirriborroaren bidalketa. Hura ezartzea derrigorrezkoa da jarduera ekonomikoren bat duen elkarte ororentzat.
Batuz ezartzeko epe berriak hauek dira: 2024ko urtarrilaren batean enpresa handi guztiek egon beharko dute Batuz-en. Horiek dira urtarrilean atxikitzera behartuta dauden bakarrak —7.084 dira guztira—. Hurrengo urteko uztailaren 1erako, industrian, eraikuntzan eta garraioan diharduten enpresa txikiak eta ertainak gehituko dira, baita sektore askotako profesionalak ere: medikuak, arkitektoak, haginlariak... Blokerik handiena dira, 45.000tik gora. Ondo bidean, ordurako zordunen %58 Batuz-en egongo dira.
Ostalari eta merkatari txikien urtea 2025a izango da. Nortasun juridikoa dutenek urtarrilaren 1erako atxiki beharko dute, eta halakorik ez dutenek, uztailaren 1erako. Autonomoak-eta dira azken horiek. Azken epemuga 2026ko urtarrilaren 1a da. Hor sartuko dira falta direnak, besteak beste, irabazi asmorik gabeko erakundeak edo sozietate zerga ordaintzetik salbuetsiak daudenak. Eta hor sartzen dira kultur, kirol edo gizarte elkarteak, betiere jarduera ekonomikoa badute. Gipuzkoan eta Araban, adibidez, horiek ez daude Ticket Bai ezartzera behartuta.
Eta irabazi asmorik gabeko erakunde batek txosnetan egiten duen jarduera hori ekonomikoa al da? Bada, Bizkaiko Ogasunaren ustez, bai. Aldundian uste dute tankera horretako elkarteek izango dituztela egokitzeko zailtasun gehien, eta horregatik eman diete eperik malguena. Era berean, nabarmendu dute egungo borondatezko epean dauden laguntza eta kenkariak hurrengo bi urteetan mantenduko direla haien derrigorrezko dataren aurretik Batuz-era atxikitzen diren zordunentzat.