Thyssenkruppek 5.000 langile kaleratuko ditu 2030erako

Beste 6.000 behargin beste postu batean jarriko ditu. Taldeak nabarmen murriztu nahi du ekoizpena altzairuaren adarrean, Asiako inportazioei aurre egin ahal izateko.

Thyssenkruppen lantegi bat Duisburgen, Alemanian, azaroaren hasieran. CHRISTOPHER NEUNDORF / EFE
Thyssenkruppen lantegi bat Duisburgen, Alemanian, azaroaren hasieran. CHRISTOPHER NEUNDORF / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko azaroaren 25a
17:15
Entzun

Milaka kaleratze egingo dituela iragarri du Thyssenkrupp Steel Europek, Thyssenkrupp taldearen altzairuaren arloko adarrak. Zehazki, ekoizpen gaitasuna murrizteko plan bat aurkeztu du konpainiak gaur, eta, azaldu duenez, 5.000 lagun kaleratu eta beste 6.000 beste postu batean jarriko ditu 2030. urtea heltzerako. Altzairugintzaren atalak 27.000 langile inguru ditu gaur egun.

Horrela, lantaldearen gastuak urtean %10 apaldu nahi ditu enpresak, «kaleratzeak eragozteko». Orain, Thyssenkruppek 11,5 milioi tona altzairu egiten ditu urtero, eta, eskarira egokitzeko, nahi du ekoizpena 8,7 eta 9 milioi tona artekoa izatea.

Europako merkatuan izaten ari diren egiturazko aldaketei erantzun nahi die horrela, eta taldeak altzairugintzarekin duen dependentzia txikiagotu. Izan ere, Europako altzairugileentzat geroz eta zailagoa da lehiakorrak izatea, Asiatik datozen inportazio merkeen ondorioz nagusiki. «Helburu nagusia da Thyssenkrupp Steel epe luzera errentagarria, lehiakorra eta klimatikoki neutroa izatea», adierazi du konpainiak.

Thyssenkruppek joan den astean jakinarazi zuen 1.400 milioi euroren galerak izan dituela azken urtean, horietatik mila milioi inguru, altzairugintzaren adarrarekin lotutakoak. Hala ere, iaz baino %30 gutxiago da hori: taldeak 2.000 milioi euro inguru galdu zituen orduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.