The Champions Burgerreko langileen baldintzez ohartarazi du LASek

Hanburgesen makrojaialdia Barakaldon izango da bihartik urtarrilaren 6ra arte. Sareak gogorarazi du Iruñean lau langile kaleratu zituztela lan baldintza txarrak salatzeagatik.

Jendetza ilara egiten Iruñeko The Champions Burgerren, irailean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Jendetza ilara egiten Iruñeko The Champions Burgerren, irailean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko abenduaren 11
05:00
Entzun

Euskal Herrira itzuli da The Champions Burger. Hanburgesen makrojaialdiak milaka lagun elkartu ditu aurten Donostian, Iruñean eta Barakaldon (Bizkaia), eta, hain zuzen, azken horretan izango da lehiaketaren Europako finala. Ansioko azoka eremuan egingo dute —BECen ondoan—, bihar hasi eta urtarrilaren 6ra arte.

Kaloria askoko hanburgesen eta neonezko argiekin apaindutako janari furgoneten artean, ordea, dena ez da gozoa. Barakaldon egingo den jaialdira begira, Bilboko LAS Laneko Autodefentsa Sareak gogora ekarri du langileek zer lan baldintza kaskarrak izan dituzten aurreko aldietan. Datozen asteetan lan egitea egokituko zaien beharginei eskatu die lan kontratuak arretaz begiratzeko, eta eskubideren bat urratzen bazaie sarearekin harremanetan jartzeko.

«Langileei helarazi nahi diegu prest gaudela euren eskubideen alde lan egiteko», azaldu du Unai Sainz Bilboko LASeko kideak. Badute harremana aurreko aldian Barakaldon beharrean jardundako lagun batekin edo besterekin, «baina, noski, baldintzak horren prekarioak direnez, ia langile guztiak aldatu egingo dituzte».

Aurrez, zeresan handiena Iruñeko aldiak eman du. Txapelketa irailaren 19tik 29ra egin zen, Runa parkean, eta beharginek irailaren 27an salatu zituzten ezartzen zizkieten baldintza kaskarrak, sare sozialen bidez. Iruñerriko LASen arabera, horregatik kaleratu zituzten haietako lau.

Langile bat hanburgesak zerbitzatzen Iruñeko The Champions Burgerren, irailean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Langile bat hanburgesak zerbitzatzen Iruñeko The Champions Burgerren, irailean. IDOIA ZABALETA / FOKU

Runa parkean bertan egindako agerraldi batean, salaketa politikoa egin zuten, eta egoeraren nondik norakoak kontatu. Besteak beste, eta jaialdia Nafarroan egin arren, Valentziako ostalaritza hitzarmena aplikatu nahi zieten —hangoa da Gastrosueños enpresa antolatzailea—, «beharko litzatekeen soldataren erdia» jaso zezaten —zortzi euro orduko—. Jaiegunetan eta igandeetan lan egiteagatik ere ez zieten gainsaririk ordaindu nahi. Gauez jarduteagatik ere ez, zenbait behargin 22:00etatik 06:00etara aritu ziren arren.

Salaketak, ordea, lortu zuen bere helburua. Enpresak atzera egin zuen, eta Nafarroako hitzarmenak agindutakoa ordaindu zien langileei, baita zegozkien gainsariak ere. Kaleratutako laurei ere bai. Hala baieztatu du Iñigo Rodriguez Iruñerriko LASeko kideak. 

Dena den, langileek arazo gehiago izan zituztela ere kontatu du. Esaterako, «atsedenik gabe» egin behar izan zutela lan, ez zietelako uzten legez zegokien hamabost minutuko atsedena hartzen. «Are gehiago, hainbat aldiz ukatu zieten eskubide hori», azpimarratu du Rodriguezek. Kontratuan irregulartasun gehiago ere bazeuden: besteak beste, beharginak «zerbitzarien laguntzaileak» zirela zioen, baina praktikan ez zioten inori laguntzen.

«Batzuetan, antolakuntzaren bidez ez da emaitzarik lortzen, baina oraingo honetan bai»

 IÑIGO RODRIGUEZIruñerriko LASeko kidea

Jaialdiak iraun zuen hamar egunetatik bostetan euria gogor egin zuela ere gogorarazi du LASeko kideak, eta adierazi ez zeudela prestatuta horretarako. «Barrak ez zuen sabairik, eta langileek euripean egin behar izan zuten lan». Gehitu du beharginen meritua izan zela zegokiena kobratzea: «Batzuetan, antolakuntzaren bidez ez da emaitzarik lortzen, baina oraingo honetan bai».

Horregatik guztiagatik, The Champions Burger Euskal Herrira itzuli dela ikusita, LASeko kideek diote ez dutela onartuko «langileen antolakuntzaren aurkako erasorik», eta borrokatzera deitu dute, kontra egiteko bai «miseriazko lan baldintzen normalizazioari» eta bai «enpresariek langileen antolakuntzaren aurka egindako erasoen inpunitateari».

Ohiko jokabidea

The Champions Burger ez da LASek jopuntuan jarri duen lehen makroekitaldia. Bilbon —LABek, Eraginek eta beste zenbait eragilek azken urteetan egin zuten moduan—, BBK Liveko langileen «lan baldintza negargarriak» gaitzetsi zituzten udan, eta Bilboko Udala eta Last Tour enpresa egin zituzten horien erantzule.

Last Tourrek berak antolatzen duen beste jaialdi baten aurka ere mobilizatu dira: Gasteizko Azkena Rocken aurka, hain zuzen. LASek salatu izan du langileek hamazazpi ordura arteko lanaldiak egin behar izan dituztela, bost euro baino gutxiago pagatu zaiela orduko, ordainketetan atzerapenak izan direla, lo egiteko eta jateko baldintzak negargarriak direla eta kontraturik gabeko jardunak ere badirela tartean, besteak beste. «Enpresariek, instituzioen konplizitatearekin, etekinak handitzen dituzte gure soldatak eta lan baldintzak okertuz», azpimarratu izan dute.

23 lagun kutsatu ziren iruñean

Iruñeko The Champions Burgerren orbain bakarra ez zen langileen baldintzena izan. Nafarroako Osasun Departamentuak emandako datuen arabera, gutxienez 23 pertsona artatu behar izan zituzten elikadura intoxikazio baten ondorioz, eta haietako bi ospitaleratu egin zituzten.

 

Zehazki, Escherichia coli bakterioarekin kutsatu ziren pertsona haiek, jaialdian hanburgesak jan eta gero. Dena den, gobernuak esan zuen gehienak gazteak zirela eta intoxikazioak ez ziela ondorio larririk eragin. 11 egun haietan, 150.000 lagun pasatu ziren Runa parketik.

 

Aipatutako bakterioa behien eta ardien digestio aparatuan bizi ohi da. Gizakiak kutsatu badira, esan nahi du haragia kontaminatua zegoela, eta, gainera, gutxi eginda jan dutela, bakterioa hil egiten baita haragia 70 gradutan edo gehiagotan kozinatzen bada. Kontsumitzaile askok sareetan salatu zuten haragia oso gutxi eginda zerbitzatu zietela, eta Sainzek uste du kutsatzeak festibal horrek sustatzen duen ereduaren erakusgarri direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.