Tesla, auto elektrikoaren merkatua iraultzeko bidean den ekoizlea, Europara begira dagoela hedatu da azken asteetan. Lantegi bat zabaldu nahi duelako zurrumurruek indar hartu dute. Haren autoa Europako merkatuan izaten ari den harrera onak bultzatuko luke fabrika handi bat kontinente zaharrean irekitzea. AEBetako etxe sonatua erakartzeko aukeraren bat ba ote du Euskal Herriak? Ez du ematen erraza denik, Arantza Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuak atzo esan zuenez. Asia edota AEB nahiago duela azaldu zuen Tapiak, ez duela «interes handirik» Europan fabrika bat zabaltzeko. Baina, badaezpada, autogintzaren euskal klusterra hasi da mugitzen, eta aurki Kaliforniara (AEB) joango dira hango ordezkariak Teslaren jabeekin aurrez aurre egoteko. «Lehen eskutik» entzun nahi dute «horrelako inbertsioak erakartzeko benetako aukerak dauden edo ez».
Entzutera bakarrik ez, Jaurlaritzarekin batera, klusterra proposamen bat lantzen ari da Kalifornian mahairatzeko. Hala jakinarazi zuen atzo Tapia sailburuak EH Bilduko legebiltzarkide IkerCasanovaren galdera bati erantzunez. «Auto elektrikoarekin lotutako inbertsioak» aipatu zituen Tapiak, eta azaldu autogintzaren klusterrarekin batera energiarena ere erakarri nahi zutela SPRI lantzen ari den proiektura.
Beste aukerak
Tesla da auto elektrikoaren alorrean aurrea hartu duen marka munduan. AEBetako etxeak abiadura, autonomia eta luxua elkartu ditu motor elektrikodun autoetan erabat ohiz kanpokoa den neurrian. Tesla erakartzea prestigioa emango lioke euskal klusterrak garatu duen azpiegitura eta ezagutza sareari, baina hura izan gabe badaude beste aukera batzuk ere: Mercedes eta Volkswagen, esaterako. Batak zein besteak planta handi bana dute Euskal Herrian; Mercedesek, Gasteizen, eta Volkswagenek, Iruñean, eta haiekiko harremana etengabea da. «Dela Mercedes, dela Volkswagen, dela Tesla, auto elektriko horien ekoizpena da jarraitu behar dugun bidea hemendik aurrera», esan zuen atzo Tapiak.
Aspaldian dute begiz joa elektrikoaren merkatua auto ekoizleek, baina uste baino beranduago gertatzen ari da motor horien heldutasuna. Iazko urrian, Zornotzako AIC zentroan motor elektrikoa gurpiletan daraman autoaren teknologia aurkeztu zuten Tecnaliak eta klusterrak eraiki duten AIC zentro teknologikoak. Europako hainbat bazkiderekin garatutako euskal teknologia hori fabrikatzaile handiei eskaintzen zaien tresna da, «hiru edo lau urtean merkatuan egon dadin».
Kontua da lehertu gabeko merkatua dela hori. Urrezko garaia oraindik oso urrun duen merkatua da, Jose Esmoris Acicae autogintzaren klusterreko presidenteak duela hilabete batzuk BERRIAri esan zioenez. Auto elektrikoa badabil, baina oso poliki, oztopo gehiegirekin, gasolina eta gasolio motorrekin alderatuta. EEE Energiaren Euskal Erakundearen kalkuluen arabera, gaur egun, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 450 eta 500 ibilgailu elektriko artean dabiltza errepideetan.
Kontua da oraindik inon ez duela arrakasta handirik izan bateria elektrikoa duten autoak, Teslaren kasua salbu. Munduko ibilgailuen %0,08 baino ez dira; halere, 700.000 auto elektriko inguru daude mundu zabalean. Europan, 75.331 auto elektriko saldu ziren 2014an, aurreko urtean baino 20.200 gehiago; merkatu osoaren %0,60 da hori. Tesla hasi da egoera aldatzen. Model 3 aurkeztu zuen apirilean, eta egun berean 115.000 auto saldu zituen, 30.900 eurotan bakoitza; 350 kilometroko autonomia dauka autoak.
Tesla erakarri nahi dute Jaurlaritzak eta autogintzaren euskal klusterrak
Auto elektrikoaren alorreko proposamen bat lantzen ari dira, nazioarteko inbertsioak erakartzeko. Klusterreko ordezkariak Kaliforniara doaz Tesla bisitatzera, benetako aukerak ote dauden jakiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu