Koronabirusa

Terrazak, kate motzean lotuta

Udalek kontrola zorroztuz eta isunak iragarriz erantzun diote terrazen anabasari. Astelehenean hainbat tabernatan egondako jende pilaketarik ez da izan lehen faseko bigarren egunean

Bilbo. Ledesma tabernako terraza; izen bereko kalean atzo ireki zituzten bietako bat da. LUIS TEJIDO / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko udalek kontrola zorroztuz eta isunak iragarriz erantzun diete itxialdiaren arintze faseko lehen egunean terrazetan izandako gorabeherei. Hiriburuetako alkateak bihurtu ziren bozeramaile —terrazak udal arautegien arabera kudeatzen dira—, eta kezka adierazi zuten herenegun euren kaleetako zenbait ostaturen aurrean pilatutako jendetza dela eta. Udaltzainek terraza batzuk hustu zituzten, ostalari asko ohartarazi, eta gutxi batzuk zigortu. Halakoak berriz gertatu ez daitezen, atzo udaltzainei agindu zieten zorrotzago kontrolatzeko, eta tabernariek goizetik sumatu zuten kate motzagoan lotuko zituztela.

Jendez lepo zeuden terrazen argazkiak eta bideoak uretan eroritako pintura tanta bat bezala zabaldu ziren sakelako telefonoetan eta sare sozialetan. Konfinamendu neurrien leuntze prozesuko fase berriko lehen eguna zen astelehena, eta terraza batzuetan argi eta garbi urratu zuten mahaien artean gutxienez bi metro uzteko agindua. Atzo, berriz, egoera goitik behera aldatu zen; Bilbon, esaterako, udaltzainen presentzia handiagoa sumatu zen kaleetan. «Gaur goizean hiru aldiz pasatu dira dagoeneko, eta atzo [herenegun] arratsaldean ere hemendik igaro ziren», zioen atzo Plaza Barrian taberna duen ostalari batek.

Hiriburuetan pilatzen dira taberna terrazadun gehien, eta udal agintarien diskurtsoa erabat aldatu da egun gutxian. Iragan astean terrazen garrantziaz mintzatu ziren, baina atzo errietak iritsi ziren, jabeentzat zein bezeroentzat. «Oso arduratuta nago; bi metroko distantzia oinarrizko segurtasun araua da, eta isuna jarriko diogu betetzen ez duen orori», aurreratu zuen Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudel udalerrien elkarteko presidenteak. «Ez da unibertsitate master bat ikasi behar jakiteko gauza jakin batzuk ezin direla egin», gehitu zuen, haserre. Gasteizen, herenegun, 44 tabernak jarri zuten terraza. Bada, udaltzainek 22 ohartarazi zituzten, eta zazpiri salaketa jarri zieten. Lau salaketa jarri zituzten terraza baimenik ez izateagatik, bi ahal baino mahai gehiago erabiltzeagatik, eta bat lokalaren barruan zerbitzatzeagatik.

Udaltzainek, dena den, lan gutxiago izan zuten atzo, eta terraza guneetako giroa beste bat izan zen. Bilbon, eguraldiak txarrera egin izanak ez zituen hain erakargarri bilakatu, eta jabeek ere zorrotzago jardun zuten. Herenegun gehien zabaldu ziren irudietako bat Ledesma Bilboko kaleko goi aldeko tabernetako jende pilaketena izan zen. Atzo, baina, ez zuten ireki. Astelehenean itxi egin zituzten ateak, ezin zutelako jendea kontrolatu, eta oraingoz ez dute zabaltzeko asmorik. Kale berean negozioa ireki zuen Iñaki Burgok, Ledesma tabernako jabeak, eta lezioa ikasia zuen bezperatik. «Herenegun niri ez zidaten ezer esan, baina udaltzainek goizean argibideak eman dizkidate. Kalean izanda ere, nire negozioaren eremu fisikoan gertatzen dena nire erantzukizuna da». Hori dela eta, lokalaren mugak zinta itsasgarriz markatu zituen lurrean. Haren lokalean, dena den, ez zegoen ageriko arau hausterik.

Astelehenean, Bilboko udaltzainek ez zuten salaketarik jarri, Juan Mari Aburto alkatearen hitzetan «lehen eguna pedagogikoa eta informatiboa zelako». Epe hori, baina, atzo bukatu zen, isunena hasteko: «Osasun publikoa daukagu esku artean. Arauak bete egin behar dira. Zuhurtziaz, zorroztasunez eta erantzukizuna gure gain hartuz jokatzeko gai bagara, bigarren fasera pasatu ahal izango dugu; bestela, ez, eta damutuko zaigu». Zehazten hasita, Aburtok aipamena egin zien «beldurra galdu dutela dirudien gazte multzoei», baita «terrazetan modu arduragabean biltzen diren adinekoei» ere. Bilboko Udaleko EH Bilduren taldeak ohar bidez erantzun zion alkateari «arduratsu jokatzeko», eta «prebentzio eta pedagogia lanak egiteko» eskatu zion, isunetatik harago doazenak.

Zigor ekonomikoak

Baina zenbatekoak izan daitezke isunak? Eta nori jar dakizkioke? Jesus Bariain Iruñeko udaltzainen bozeramailea mintzatu zen garbien horretaz: «Bezeroek 600 eurora arteko isunak jaso ditzakete, eta tabernariek, 2.000ra artekoak. Araua behin baino gehiagotan hausten dutenek jasoko dituzte. Aurrenekoan ohartarazi egingo ditugu, eta bigarrenean, ohartarazi eta zigortu». Arautegia zorrotz aztertuta, ostalarientzako isunak 30.000 eurora artekoak izan daitezke, baina ez liekete utziko arauak hainbestetan hausten. Herenegun, Iruñeko tabernen %10ek egin zuten lan, eta lau tabernak jaso zituzten isunak jende kopuruaren muga gainditzeagatik.

Donostian, azkenik, udaltzainek 23 taberna ohartarazi zituzten astelehenean, eta bakarrari jarri zioten salaketa, lokalaren barruan zerbitzatzeagatik. Gaiak ekarritako soka luzeak alkate guztiak behartu zituen azalpenak ematera, eta Eneko Goia izan zen leunen mintzatu zena. Kudeatzeko «gairik zailenetako bat» dela iritzi dio, eta pedagogiarekin aski ez bada isunak jarri beharko dituztela. Halere, ez zuen orokortu nahi izan: «Herritarrek, oro har, ondo jokatzen dute, eta arauak errespetatzen dituzte. Hori gertatzen ez den kasu batzuk detektatu ditugu, baina salbuespenak dira».

Lehen fasean, ostalariek lizentziak aitortzen dizkien mahaien erdiak jar ditzakete bakarrik, eta bi metroko tartea utzi behar dute aulki batetik bestera. Horrek metro koadro gehiago okupatzera behartzen ditu, eta Goiak berretsi zuen prest dagoela ostalariei zoru zati handiagoa emateko. Alde horretatik, eta jende pilaketa posibleekin jarraituz, udalen erronka handietako bat jaiak dira, eta Goiak zehaztu zuen Aste Nagusiaren inguruan ez dagoela «ezer» erabakita: «Arazo handiak daudela badakigu, beraz, ahalik eta goizen hartu nahi genuke behin betiko erabakia».

Ipar Euskal Herrian, zain

Terrazena Hegoaldeko auzia da, Ipar Euskal Herrian ostalariek oraingoz ez baitute baimenik jarduerari ekiteko. Ondo bidean, itxialdiaren malgutzearen bigarren fasera hasi arte ezingo dute ireki. Atzerapausorik ez balego, ekainaren 2an sartuko lirateke fase horretan. Frantziako Gobernuak, dena den, oraindik ez du oso argi zehaztu zein arau aplikatuko dituen irekierarako. Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia eta Finantza ministroak neurri posible batzuk aipatu zituen duela bi aste: metro bateko gutxieneko tartea mahaien artean, asko jota zortzi pertsona elkartu ahal izatea mahai berean, eta zerbitzariek ordu erdian behin garbitu behar izatea eskuak. Neurri horiekin, ziurtzat jotzen da ostatuek zerbitzua barnean eman ahal izango dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.