Ternuak artilea erabiliko du, isolatzaile termiko gisa

Gaur egun ardien ileak ez du erabilerarik, eta Euskal Herrian 200 tona inguru alferrik galtzen da urtero

2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
DONOSTIA. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ternua enpresak ardi artilearekin egindako kirol jantzietarako isolatzaile termiko bat garatzeko egitasmoa aurkeztu dute. Latxa Artile du izena, eta Iletegia eta Muturbeltz enpresekin batera garatu dute. Sustatzaileek azpimarratu dutenez, proiektuaren helburua da gaur egun alferrik galtzen den ardi latxaren artileari irteera ekonomiko bat ematea.

Egitasmoaren aurkezpenean nabarmendu dutenez, ehungintzaren sektorean zuntz sintetikoak izan duen gorakadak eta etxaldeen sakabanaketak eragin dute azken hamarkadetan artilea erabilerarik gabe geratu izana. Ardi latxaren artilearen kasuan «larriagotu» egiten da hori, artile hori astuna eta lantzen oso zaila delako.

Artilea prozesatzen espezializatutako Sarako (Lapurdi) Iletegia enpresaren arabera, Euskal Herrian 2.000 tona inguru sortzen da urtero. «Urteak daramatzagu artilearekin zerbait fabrikatzea bilatzen, baina beti erantzun negatiboa jaso dugu. Hori horrela, erronka gure gain hartu dugu».

Ternuan ere 2009tik ari dira materiala ikertzen. Artileshell izena jarri diote teknologia berriari, eta hala diseinatutako lehenengo arropei, Artile Jacket. Irailetik aurrera dendetan egongo dira, 230 eurotan. Jaka bakoitzak 400 gramo artile eramango ditu.

Antzuolako Lamariano azpikoa baserriko ardiekin egingo dituzte. Egitasmoak ingurumenarekin duen lotura azpimarratu du Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak: «Beharrezkoa da industriek beren prozesuak aldatzea eta jasangarritasuna eta klima aldaketaren aurkako borroka negozio ereduen erdigunean kokatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.