Telelana birusarengatik ezarri duten enpresak ez ditu lotuko lege berriak

Espainiako Gobernuak onartutako telelanaren legeak lanaldiaren eta gastuen atalak zehaztu ditu. COVID-19arengatik etxetik ari direnen kasuan ere zenbait gasturen ardura izango dute enpresek

Astero egun eta erdi baino gehiago egin behar da lan etxetik telelanaren legea aplikatu dadin. BERRIA.
xabier martin
2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Jarduera ez eteteko, langileek etxetik beharrean jarraitzea baino beste erremediorik ez dute izan milaka enpresak eta langilek Euskal Herrian. Pandemiak pertsonak bakartzea eskatu du, maila batean edo bestean, eta planifikazio handirik gabe kasu gehienetan, etxetik lanean dira milaka behargin, edo etxea eta lantokia tartekatzen. Egoera horrek bultzatu du Espainiako Gobernua telelanari buruzko lege bat lehenbailehen onartzera, enpresen eta langileen betebeharrak eta eskubideak mugatzeko. Espainiako sindikatuekin eta patronalarekin akordioa lortuta onartu du lege berria Madrilek. Eta paradoxa da: COVID-19a dela-eta telelana ezarria duten enpresak ez ditu lotuko. Horrek ez du esan nahi, ordea, etxean diharduten langileen gastuen ardura ez dutenik enpresek.

Legea zer kasutan den aplikatzekoa, gastuen banaketa, lanaldien antolaketa eta beharginen lanaldia gainbegiratzeko tresnak jorratzen ditu arau bilduma berriak.

ZER DA TELELANA?

Gutxienez hiru hilabetez eta lanaldiaren %30 etxetik eginez baino ez zaio aplikatuko telelanaren legea behargin bati. Egunero lanaldiaren erdia etxetik egitea edo lanaldi osoa noizik eta behin egitea ez du telelantzat jotzen legeak. Astero egun eta erdi oso bat behintzat egin beharko da legea aplikatu behar izateko. %20tik %30era eraman du muga Madrilek, patronalaren presioa tarteko.

GASTUAK NORENTZAT DIRA?

Enpresaren ardura da telelana egin dadin langilea beharrezko tresnez hornitzea eta haien mantentzea pagatzea. Ordainketa horien zenbatekoa negoziazio kolektiboaren esku uzten du legeak, dena den. Hau da, enpresaren erantzukizuna da telelanak eragiten dituen gastu nagusiak pagatzea, baina praktikan lantaldearekin lortzen duen akordioen menpe geratzen da zer neurritan pagatuko dituen. Internet sarea, telefonoa, argia... gastu asko egon daitezke pagatzeko; enpresak horien zer portzentaje pagatuko duen negoziazio kolektiboak finkatuko du.

ITUN BAT EGIN BEHAR DA?

Bai, langileek eta enpresek itun bat egin behar dute, eta enpresak hamar egun ditu hura jakinarazteko lan agintaritzari, betiere COVID-19az besteko telelana gauzatzen ari bada enpresa. Edukiari dagokionez, gutxieneko bat ezartzen du legeak: telelana egiteko, beharrezkoa den tresneria adieraztea, langilearen gastuak eta horiek nola pagatuko diren zehaztea, eta ordutegiak ezartzea, besteak beste.

KORONABIRUSEKOEKIN ZER?

Patronalak lortu du aparteko egoerek bultzatutako telelana legetik at geratzea, eta pandemia aparteko egoera da, begi bistakoa denez. Hala, enpresek beren itun kolektiboekin jarraituko dute, telelana COVID-19a dela-eta ezarrita baldin badaukate jadanik. Hori bai, langileak hornitu beharko dituzte beharrezkoak diren tresnez —ordenagailuak, telefonoak eta beste—, eta horien gastuak beren gain hartu beharko dituzte. Hau da, arautegi berria ez da aplikatzen, baina gastuak enpresarenak dira. Nola eta zenbat pagatuko dituen? Negoziazio kolektiboaren menpe geratzen da.

LANGILEA KONTROLA DEZAKE ENPRESAK?

Bai, baina legeak ez du argitzen nola. Langilea «gainbegiratzeko eta kontrolatzeko egokitzat» jotzen dituen neurriak hartu ahal izango ditu enpresak, betiere behargina bere lana egiten ari dela bermatzeko. Enpresak bitarteko telematikoak baliatu ahal izango dituela adierazten du legeak, baina beharginaren «duintasuna eta intimitatea» muga gisa hartuta; indefinizio handia dago, beraz. Halaber, enpresak ezingo du behartu langilea bereak diren ordenagailu, tablet edo telefonoetan programa eta aplikazio jakin batzuk instalatzera.

ORDUTEGI MALGURIK BAI?

Bai, langilearen ordutegia malgua izan daiteke, baina, aldi berean, beharginak enpresarentzat prest egon behar duen hainbat une egon daitezkeela ezartzen du legeak. Alegia, enpresak eta langileak negozia dezakete ordu jakin batzuek lanekoak behar dutela izan derrigorrez. Edonola ere, idatziak gogoratzen du deskonexio digitala jasota dagoela legedian.

BORONDATEZKOA DA?

Bai, borondatezkoa da, hala langilearentzat nola enpresarentzat. Eta biek egin dezakete atzera, lan presentzialari ekinez. Horretarako, negoziazio kolektiboan negoziatu denari baizik ez zaio jarraitu behar. Langileak ezin du telelana erreklamatu, baina enpresak ere ezin du behartu telelana egitera; enpresak telelana egiteko eskatu eta langileak horri uko egitea ez da izango kaleratzeko arrazoi objektiboa, ezta lan baldintzak aldatzekoa ere.

ESKUBIDEEI EUSTEN ZAIE?

Bai, telelana egiten duten langileek enpresaren egoitzan lan egiten dutenen eskubide berak izango dituzte. Behargin horiei ezingo zaie gutxiago pagatu edo trebatzeko ikastarorik gabe utzi, edota maila profesionalean gora egiteko prozesuetatik kanpo utzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.