Konpainia teknologiko handiek, nuklearrei bai

Datu lantegien argindar beharra azkar ari da handitzen adimen artifizialaren goraldiarekin. Zerbitzu horiek eskaintzen dituzten konpainia teknologiko handiak —Google, Amazon eta beste— SMR erreaktore nuklear txikiagoen garapenean inbertitzen hasi dira.

Three Mile Islandeko zentraleko 1. erreaktorea berriz piztuko dute Microsoften datu lantegiak hornitzeko; 2. erreaktorean istripu nuklear larria izan zen 1979an. JIM LO SCALZO /EFE
Three Mile Islandeko zentraleko 1. erreaktorea berriz piztuko dute Microsoften datu lantegiak hornitzeko; 2. erreaktorean istripu nuklear larria izan zen 1979an. JIM LO SCALZO / EFE
Irune Lasa.
2024ko urriaren 22a
05:00
Entzun

Datu lantegien neurria megawattetan neurtzen da. Horrek erakusten du argindarra zenbateraino duten berebizikoa konputazio zerbitzariak abian izateko, eta batez ere haiek hotzak mantentzeko, lan betean asko berotzen baitira.

Jakinekoa zen hori, baina adimen artifizialak areagotu egin du datu lantegien argindar egarria. Datu zentro bateko zerbitzarien apal bakar batek 10 kilowatt behar baditu, adimen artifizialerako txip aurreratuez betetako apal batek 100 kilowattetik gora behar ditu. «Azpiegituren ikuspegitik, magnitude ordena bat intentsiboagoa da hori», azaldu berri du Raul Martynek DataBank konpainiako buruak orain gutxi elkarrizketa batean.

Sare sozialei, bideo streamingari, webeko bilaketei zerbitzua ematen diete datu lantegi nagusiek. Eta konpainia teknologiko handiek —Microsoft, Google, Amazon...— adimen artifizialaren etorrera eta hark dakarren argindar egarria bateratu behar dute haien konpromisoekin. Pentsatu behar dute energian gero eta intentsiboago bihurtzean nola beteko dituzten berotegi efektuko emisioak hutsera murrizteko hartutako konpromisoak.

Emisioetan garbiak

Googlek, esaterako, iragarria du 2030erako izango dela zero emisio garbiko konpainia. Adibidez, bere sare guztietan ordu guztietan erabiltzen duen argindarraren adinako elektrizitate berriztagarriaren erosketak egiten ditu. Amazonek, berriz, 2040. urtea jarria du helburu, emisioetan garbia izateko.

Baina hori guztia adimen artifizialaren goraldia iritsi aurretik zen. Eta hortik dator konpainia teknologiko handiek emisiorik gabeko beste argindar iturri batekin, energia nuklearrarekin egiten duten apustua.

Microsoft da horietako bat. Irailean iragarri zuen bere datu lantegiak hornitzeko luzerako argindar erosketa akordioa egin duela Constellation Energyrekin. Hitzarmenarekin, 2028an berriz martxan jarriko da Three Mile Island-eko zentral nuklearra, Pennsylvanian (AEB). Zentral horretan jazo zen historiako istripu nuklearrik larrienetako bat, eta, gerora, istriputik libre geratu zen 1. erreaktorea 2019an gelditu zen.

Three Mile Islanden itzulera energian nuklearraren beraren berpiztearen sinboloa al da? IEA Nazioarteko Energiako Agentziako zuzendariak Fatih Birolek, adibidez, nuklearren loraldi bat datorrela iragarri berri du. «Energia nuklearra itzulera egiten ari da, itzulera indartsua. 2025an inoiz baino energia nuklear gehiago sortuko da, eta munduko toki desberdinetan zentral nuklear gehiago eraikiko direla uste dugu».

5

2023an zenbat erreaktore berri piztu zituzten IEArenak dira datuak: Iaz, bost erreaktore berri piztu zituzten: Bielorrusian, Txinan, Korean, Eslovakian eta AEBetan; aurten, erreaktore berriak Txinan, Indian, Emirerrietan eta AEBetan jarri dituzte martxan, eta zazpi gehiago eraikitzeko lanak hasi dira (bost Txinan, bat Egipton eta beste bat Errusian).

Hori bai, ikusi behar da zentral horiek eraikitzeko denborak eta inbertsioak zenbaterainokoak diren. Ildo horretan ohiko zentral nuklearrek dituzten zailtasunen erakusle garbia da, esaterako, Frantziako Flamanvilleko zentrala. Irail honetan bertan piztu dute 3. erreaktorea, zeinaren eraikuntza 2007. urtean hasi zen.

Zentral berrien inguruko planak hainbat tokitan atzeratu dira, edo ezerezean geratu. AEBetan ere, soilik bi erreaktore eraiki dira azken hamarkadetan, Vogtle zentralean (Georgia), eta biek iragarritakoa baino askoz ere diru eta urte gehiago behar izan dituzte.

Horregatik, energia nuklearrarentzako itxaropena batez ere erreaktore txikiago eta malguagoetan oinarritzen da. SMR deitzen zaie (Small Modular Reactor, erreaktore txiki modularrak).

Teorian, erreaktore txikiago horiek merkeagoak eta errazagoak izango dira eraikitzeko. Haien diseinua sinpleagoa delako eta osagaiak fabrikan mihizta daitezkeelako eta unitate gisa eraman ezarpen tokira

Emisiorik ez izateaz gain, balukete beste abantaila bat SMRek: argindar iturria datu lantegien gunera eraman ahal izatea, izan ere, datu lantegi horiek, —batez ere handiak— toki jakinetan kontzentratzeko joera dagoelako, besteak beste, hozte sistemetarako ur asko ere behar izaten dutelako.

SMRetan murgildu dira, hain zuzen, konpainia teknologiko handiak, emisiorik gabeko argindarrez hornitzeko haien datu lantegiak. Adibidez, Bill Gates Microsoften sortzaileak bere inbertsio propioa egin du energia nuklearretan, eta 1.000 miloi dolar jarri ditu Terrapower start up-ean.

Gates ez da bakarra izan. Googlek eta Amazonek joan den astean bide bera hartu dute. Googlek akordioa egin du Kairos Power star up-arekin, hark egingo dituen SMR-etatik sortutako argindarra erosteko. Amazonek, berriz, X Energyren erreaktore txikien garapenean inbertituko du.

Garapen fasean

Teorian, erreaktore txikiago horiek merkeagoak eta errazagoak izango dira eraikitzeko. Haien diseinua sinpleagoa delako eta osagaiak fabrikan mihizta daitezkeelako, eta unitate gisa eraman ezarpen tokira. Analista batzuen arabera, halako bat eraikitzea 1.000 milioi kosta daiteke, eta, adibidez, Kairosek espero du bere lehen SMRa 2030. urtean jartzea martxan.

Izan ere, SMRen ezaugarrietako bat da oraindik ez direla errealitatea. Teknologia hori oraindik garapen fasean dago. Egia da, hori bai, konpainia teknologiko handien inbertsioek erosketek bultzada handia eman diezaioketela garapen horri, haiek dira horretara dirutza jartzeko ahalmen gehien dutenak.

Edonola ere, kritikoek badute argudiorik SMRen kontra. Zalantzak hor daude, segurtasunari buruz, kostuei buruz, eta duda gutxi dago gauza batekin: SMRekin ere hondakin nuklearren arazoak hor dirauela.

THREE MILE ISLAND, AEB-ETAKO ISTRIPU NUKLEARRIK LARRIENA

Microsofti esker berriz abian jarriko da Harrisburg hiritik hurbil (Pennsylvania, AEB) dagoen Three Mile Island zentral nuklearra. Han gertatu zen AEBetako istripu nuklearrik larriena 1979ko martxoaren 28an. 

Diseinu akatsek, matxura teknikoek eta giza hutsegiteek, guztiek izan zuten partea ezbeharrean. Matxuratutako punpak, zabalik edo itxita egon behar zuten balbulak bestela egoteak... Azkenean, hozte sistemek huts egin zuten, eta 2. erreaktorean nukleoaren fusio partziala gertatu zen. Ordu batzuk behar izan zituzten egoerarik okerrena kontrolatzeko, eta lehen egunean ihes kritiko gehiago eragoztea lortu zuten. Hala ere, bi egun behar izan zituzten dena kontrolpean izateko. Hori bai, hamalau urte iraun zuten erreaktorea garbitu eta hondatutako erregai nuklearra erretiratzeko lanek. 

Ingurura barreiatutako erradiazioa ez zen oso handia izan; unean bertan ez zen biktimarik izan, eta azterketa gehienek diote istripuak ez zuela inor hil gerora ere, nahiz eta ikerketa batzuek ondorioztatu eremu hartan minbizi kasuak igo egin zirela. Zentraleko 1. erreaktoreak, martxan jarraitu zuen, eten batzuekin, 2019ra arte. Microsoften akordioarekin 2028an da berriz martxan jartzekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.