Teknologia berrien sektoreko enpresen fakturazioa %7,5 handitu zen iaz, eta, langile trebatuen gabeziarengatik ez balitz, bilakaera positibo hori %10etik gorakoa litzateke. Gaia klusterrak emaniko datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egun 23.500 langilek dihardute Jakintza Industrien eta Teknologia Aplikatuen sektorean, eta 2.000 lanpostu inguru daude bete gabe. Gabezia horien arrazoiak aletzean, onartu dute soldata apalak oztopo direla, eta nabarmendu dute horri aurre egiteko profesionalen ahalegina hobeto ordaindu beharko litzakeela. Besteak beste, lizitazio publikoen sistema hobetuz: «Ezin daitezke enkante huts bat izan».
Teknologia berrietan trebaturiko langileen premia areagotzen ari da urtez urte. «Profil oso berezituetan larriagoa da. Baina ez da gure arazoa bakarrik: mundu osoan gertatzen ari da, eta bereziki Europan», azaldu du Angel Etxeberria Gaiako presidenteordeak.
Iaz, sektoreko enpresek 1.350 langile kontratatu zituzten (%6,2 gehiago), baina 1.500 eta 2.000 lanpostu artean daude betetzeko oraindik. Hutsunerik handiena espezializazio handiko sektoreetan dago; zibersegurtasunarekin, adimen artifizialarekin eta datuen kudeaketarekin harremana dutenetan, hain zuzen.
Soldatak arazo al dira? Ingeniari askok, esaterako, hezkuntza lehenesten dute. Etxeberria zintzoa izan da: «Bai», eta gero zehaztu egin du bere erantzuna: «Ez da arrazoi bakarra, baina bai garrantzitsuenetakoa. Bezerook ezagutza hori baloratzen ikasi behar dugu, eta guztion artean profesionalei ordaintzen dieguna berrikusi». Diagnosiaren ondoren, baina, erakunde publikoei dei egin die Sabin Anunzita Gaiako zuzendaritzako kideak: «Zaila da langile bat asetzea haren soldata behean badago. Baina denon ardura denez, administrazioen lizitazioei ere erreparatu behar zaie. Onenak irabazi beharrean lehiaketa publikoa merkeenak irabazten badu, oker gabiltza». Dena den, Tomas Iriondo idazkari nagusiak gehitu du EAEn Espainiako inguruko erkidegoetan baino soldata hobeak daudela, eta ez direla arazo bakarra: «Industria ingeniaritzan gehiago ordaintzen dute, eta han ere eskulan gabezia dute. Eta, hala ere, ingeniaritza fakultateetako ikasle kopurua ez da handitu».
Gabezia horri aurre egiteko, bi bide daude: hezkuntza eta «talentuaren erakarpena». Hezkuntzaren bidetik STEM ikasketak bultzatu behar direla esan dute, eta onartu dute ez dutela ulertzen nola den posible proportzionalki gero eta pisu txikiagoa izatea hezkuntza eskaintzan. Alegia, sortzen diren ikasketa ibilbide berrietan, unibertsitate publikoetan zein pribatuetan, ez dituztela lehentasuntzat. Erakarpenerako, berriz, «lurralde erakargarria» izateko pausoak emateko eskatu dute: bizitza kalitatea, lan ingurune aproposa, hezkuntza aukerak... Ez dituzte aipatu, baina aditzera eman dute zerga neurriak ere ongi etorriak liratekeela.
BPGaren %8
Eta nola eragiten dio langile gabeziak negozioari? Nabarmen. Etxeberria: «Sektoreko enpresen fakturazioa %7,5 handitu zen iaz; urte bikaina izan zen, inoiz izan dugun onenetarikoa. Baina langile horiek bagenitu, datu horiek lau edo sei puntu hobetuko genituzke. Oraintxe bertan eskaria eskaintza ahalmena baino askoz handiagoa da». Gaiako enpresak315 inguru dira, 6.140 milioi euro fakturatu zituzten iaz, eta horietatik 2.580 milioi esportazioak izan ziren.
Hazkunde baldintzatua izan zen, gainera, txipen eta beste lehengai teknologikoen gabeziaoraindik ez baita konpondu. Hala ere, aurtengorako hazkunde datu apalagoak espero dituzte, %5 ingurukoak. «Apalagoa da, baina handia da era berean; are gehiago, azken zortzi urteetan hazi egin garela kontuan hartuta», azaldu du Etxeberriak. Haren arabera, aurreikuspen horiek beteko balira, EAEren BPGaren %8 inguru ere sortuko lukete.
Teknologia sektoreak onartu du soldata txikiak arazo direla langileak erakartzeko
Gaia klusterreko enpresak 2.000 lanpostu berezitu bete ezinda dabiltza Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta hutsune hori dagoeneko oztopo da negozioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu