Teknologia sektorea lanerako esku bila dabil, baina ez du behar bezala trebaturiko langilerik aurkitzen. Tomas Iriondo Gaia klusterreko buruak azaldu duenez, Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkarteko enpresek 2.000 langile gehiago kontratatuko lituzkete oraintxe bertan, eta gabezia horrek hainbat egitasmoren bilakaera oztopatu du. Zehaztu duenez, adimen artifizialean, errealitate birtualean, zibersegurtasunean eta datuen azterketa kuantikoan trebaturiko langileak behar dituzte.
Gaiak urteroko balantzea aurkeztu du, eta orduan plazaratu du bere arazoa. Sektore horretan diharduten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 313 enpresek 24.794 langile dituzte, eta urte amaieran 26.033 izatea espero dute (%5 gehiago). Baina askoz gehiago izan zitezkeen ezaugarri egokiak dituzten langileak baleude lan merkatuan. Eta zein da arazoa? Iriondoren ustez, demografiaren bilakaera, langile gazteei eskaintzen zaizkien soldatak, «1.300 eta 1.900 euro artekoak», ez direlako «txikiak», bat datoz-eta merkatuan aurkitu daitekeenarekin: «Ez gaude soldaten batezbestekotik behera, eta trebatzeko eta bide luzea egiteko aukera eskaintzen dugu». Halaber, zehaztu du Europa osoan dagoela gabezia.
Langile gabezia izanda ere, sektorea hazten ari da urtez urte, eta fakturazio datu deigarriak ditu. Sektoreko enpresek 6.560 milioi euroren salmentak egin zituzten iaz, 2022an baino %6 handiagoak. Ordukoak, halaber, 2021ekoak baino %7 handiagoak izan ziren. Alegia, bi urtetan %13 handitu da negozio bolumena.
Gaia, gainera, baikorra da etorkizunera begira, hurrengo urteetan eskari kopuruari eustea edo hura «are gehiago handitzea» espero baitu. Alde horretatik, «trantsizio digitalaren» garrantzia nabarmendu du, zeina «ezinbestekotzat» jo duen etorkizunean bilakaera ekonomiko jasangarria izateko. Iragarpen pragmatikoago bat ere egin du Iriondok: «Espero dugu teknologia digitalen eskaria asko handitzea eta datuen ekonomian bilakaera handia izatea». Halaber gehitu du teknologia berrien premia sektore guztietan egongo dela: industrian, zerbitzuetan, osasunean...
«1.300 eta 1.900 euro arteko soldatak eskaintzen dizkiegu langile gazteei. Ez gaude soldaten batezbestekotik behera, eta trebatzeko eta bide luzea egiteko aukera eskaintzen dugu». TOMAS IRIONDO Gaia klusterreko zuzendari nagusia
Elena Zarraga Gaiako presidenteak, baina, zehaztu du errentagarritasuna ez dela fakturazioa bezainbeste handitu, kostuak ere igo egin direlako. Izan ere, teknologiaren sektorean garestitze prozesu bat bizi izan zen iaz, eta hiru arlotan nabaritu zen gehien: «lehengaietan, erdieroaleetan eta langileen kontratazioan». Dena den, azaldu du euskal enpresek egoerari aurre egin ziotela, «lehiakortasunean haziz» eta «espezializazioari esker».
Horiek horrela, Zarragak goraipatu egin du sektoreak ikerketarekin konpromiso handia izatea, eta, emaniko datuen arabera, hala da. Iaz, Gaiako enpresek 184 milioi euroren inbertsioak egin zituzten ikerketan eta garapenean, 2022an baino %10 handiagoak. Aurten, berriz, 2023 milioiren inbertsioa egin asmo dute arlo horretan.