Hidrogenoaren loraldiak prest harrapatu du Tecnalia. Orain hogei urte, hidrogenoaren ekonomiaren inguruko ideiak hedatzen ari zirela, zentro teknologiko horrek lerroa zabaldu zuen hidrogenoa ikertzeko. Baina apaldu ziren itxaropen haiek, harik eta energia berriztagarrien zabalkunde ikusgarriak hidrogeno berde lehiakorrerako aukera zabaldu duen arte.
Tecnalia hor egon da hasieratik, eta gaitasun horren erakusle da, adibidez, haren parte hartzearekin abiatu den H2Site konpainia, zeinak hidrogenoa tokian bertan sortzeko mintz erreaktoreak ekoizten dituen Loiun (Bizkaia). Eta beste adibide bat da gaur Tecnaliak berak Donostian aurkeztu duen mila metro koadroko hidrogenoaren laborategi berria.
Bost milioi euroko inbertsioa izan da guztira, hidrogenoaren balio kate osoko enpresekin lankidetzan. Laborategiak hainbat laguntza publiko izan ditu, hala nola Eusko Jaurlaritzarenak, Espainiako Gobernuarenak eta Europako funtsetakoak ere. Bi dira laborategiaren ildo nagusiak: batetik, teknologia berriak garatzea, eta, bestetik, hidrogeno teknologien aurrerabidea bultzatzea, industriara eramateko, hidrogenoa sortzeko, banatzeko, biltegiratzeko, garraiatzeko eta segurtasuna bermatzeko.
«Euskadi, lehen mailako laborategi berri honen bitartez, bere buruan inbertitzen ari da».
IÑIGO URKULLUEusko Jaurlaritzako lehendakaria
Gaur egun, 50 proiektu baino gehiago dituzte esku artean. Adibidez, elektrolizagailuetako materiala ikertzen dute, besteak beste elektrodoetan lur arrarorik erabili behar ez izateko; hidrogeno ihesak detektatzeko sentsoreak garatzen ere badihardute; eta hidrogenoa garraiatzeak materialetan eragiten duen nekearen arazoa gainditzeko materialen bateragarritasuna ikertzen ere badabiltza.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egin du inaugurazio ekitaldiko hitzaldi nagusia. «Ez dugu B planetarik», esan du, trantsizio energetikoaren lege berria aipatuta. «Bide berriak bilatu eta esploratu behar ditugu, gure biziraupena planetarenari lotzeko». Tecnaliaren laborategi berria ere goratu du Urkulluk. «Askotan esan dugu: herri batek nekez egingo du aurrera bere buruan inbertitzen ez badu; eta gaurkoan hori da ikusi duguna: Euskadi, lehen mailako laborategi berri honen bitartez, bere buruan inbertitzen ari da».
Nortegas
%20 hidrogenoa eta %80 gas naturala. Nahasketa hori gaur egungo gas azpiegiturekin bateragarria dela ondorioztatu du Nortegasen H2Sarea proiektuak. Gas konpainiak gaur azaldu duenez, azterketak iraun duen 12.000 orduetan %20ko hidrogenoa duen nahasketarekin ez da ihesik izan frogarako sarean, eta ezta inolako eragozpenik ere sarearen operaziotan. «Hidrogenoa gas naturalean injektatuta, nahasketa gas naturala bezalaxe portatzen da denean; nahiz eta molekula txikiagoa izan, hidrogenoak ez du ihes egiten, ezta operaziorik baldintzatzen ere». Gaur egun, %5erainoko nahasketa soilik dira legezkoak Europan.
Nortegasen arabera, %20ko hidrogenoa duen nahasketarekin Espainian 2,8 milioi tona CO2 isurtzea saihestuko litzateke. Nahasketarekin etxeetako errekuntzetan %54 CO gutxiago, %7 CO2 gutxiago eta %53 NOx gutxiago isurtzen dela ere neurtu dute. Orain, Nortegas ikertzen hasiko da nola erreakzionatzen duten gas naturalerako sareek soilik hidrogeno berdea garraiatzen badute.