Trantsizio ekologikoan eredu izan nahi du Tecnaliak, eta bide horretan mugarri izango da 2024. urtea: ikerketa eta garapen zentro horren jarduna karbonoan neutroa izango da aurten. Hau da, oreka lortuko du planeta berotzen duten gas emisioen eta isuri horiek atzemateko eta deuseztatzeko baliabideen artean. Aurreikusi dutenez, enpresaren hornikuntza katea osatzen duten guztiek ere 2030. urterako beteko dute helburu hori, Europako Batasunak ezarritako epea baino hogei urte lehenago.
Gaur eman dute zentroaren egoeraren berri Alex Belaustegi presidenteak eta Jesus Valero zuzendari nagusiak. Kontatu dutenez, esku artean dituzten lan ildo nagusiek konputazio kuantikoarekin eta adimen artifizialarekin dute lotura, baita garraio jasangarriarekin eta hidrogenoarekin ere. Azken horretan buru-belarri jarraitzeko, Donostian mila metro koadrotik gorako laborategi bat inauguratu zuten otsailean. Aurten beste hogei milioi euro bideratuko dituzte azpiegituretara.
Industrian, Euskal Herriko enpresa handienetako batzuekin elkarlanean dabil Tecnalia; besteak beste, Petronorrekin, Sidenorrekin, Tubacexekin eta Nortegasekin, «haien lehiakortasuna hobetzeko». Digitalizazioan, berriz, Sener, Gestamp, Maser eta Norbolsarekin dabil. Zibersegurtasunean aurrerapausoak emateko ahaleginetan ere badabil zentroa.
Ohikoa den moduan, hizpide izan dituzte Tecnaliak garatzen dituen zenbait proiektu deigarri. Garraioaren arloan, Crisalionen bidez, automatikoki gidatzen diren edo urrundik kontrola daitezkeen ibilgailuak garatzen ari dira. Energiarenean, berriz, aireko robot bat egin dute itsas zabalean dauden haize erroten mantentze lanak egiteko.
Fakturazioa, gorantz
Agerraldia 2023. urteko emaitzak aurkezteko ere baliatu dute zentroko arduradunek. Fakturazioa hazten ari da urtetik urtera: 2022. urtean, 128 milioi eurokoa izan zen; iaz 137 milioikoa; eta aurten 145 milioikoa izatea da helburua. Valerok aitortu duenez, oraingoz oso urte ona da, eta aurreikuspenen gainetik dabiltza. Eta hori, geopolitikak erabat baldintzatutako egoera batean. Zuzendari nagusiaren iritziz, horren egoera zailean ere Tecnaliak hazten jarraitzeak erakusten du berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua sekula baino estrategikoagoa dela.
datuak
9.800Lankideak. Ikerketa zentroak 9.800 enpresarekin lan egin du azken hamahiru urteetan.
1.520Langileak. Tecnaliak 1.520 laguneko lantaldea dauka. %1,3 hazi zen iaz. Horiei gehitu behar zaizkie zentroak parte hartzen duen enpresetan aritzen diren beste 104 langileak.
Eman dituzten datuen arabera, ikerketa funtsetatik jaso duten euro bakoitzeko hamahiru lortu dituzte, eta 2023an 746 milioi euroko BPG barne produktu gordina sortu zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Jabetza intelektualaren salmentetatik 7,2 milioi euro lortu zituzten.