Tecnaliak %64 gehiago irabaztea espero du 2015ean

Ikerketa zentroaren behin betiko egoitza non jarri ekainean erabaki nahi dutela esan du Javier Ormazabalek

Mikel Carramiñana.
Zamudio
2011ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Diru sarrerak 200 milioi euroraino igo, 550 lanpostu sortu eta taldeko hamar langiletik bi nazioarteko proiektuetan aritzea. Tecnalia Research & Innovation (TRI) ikerketa talde berriak bost urte barrurako aurreikusitako helburuetako batzuk dira, Javier Ormazabal presidenteak aurreratu duenez. Urtarrilaren 1ean zentro bakarrean bat eginda lanean hasi eta bi astera, 2015. urtera arteko plan estrategikoa diseinatzeari ekin diotela azaldu du, patronatuak ekainean onar dezan.

Europako bosgarren ikerketa talde nagusiak 1.450 langile ditu gaur egun, eta, iaz, 122 milioi euroko fakturazioa izan zuen. Aurten %8 gehiago irabaztea espero du, 132 milioi euro, eta datozen urteetan %64ko hazkundea lortzea izango da ekainean zehaztuko duten planaren egitasmo nagusietako bat.

Tecnaliaren bat-egiteak eragin duen zalantzarik handiena ere uda aurretik argitzen saiatuko dira, egoitza nagusiari dagokiona. Bizkaia eta Gipuzkoa artean erabaki behar zuen batzordeak ez zuen ebazpenik egin, «irizpide falta zuelako», Ormazabalen esanetan. Egoitza Tecnaliaren «estrategiaren arabera» ezarri beharko dutela ohartarazi du eta, era berean, ikerketa taldearen bost negozio adarretako bakoitzarentzat lurralde egoitza bat izateko aukera ere aztertuko dute.

Murrizketarik ez

TRI sortu duten zortzi zentroek duela bi urte abiatu zuten bat egiteko prozesua eta, horri esker, lanpostu murrizketarik ez dutela behar izan azaldu dute. Hurrengo urteetan, alabaina, orain arte enpresa desberdinetakoak ziren lan baldintzak «homogeneizatu» beharko dituzte.

Ormazabalek esan duenez, enpresentzako aukerak ahalbidetu eta, batez ere, «jakintza aberastasun bihurtzea» izango da Tecnaliaren helburu nagusiak. Bere patronatuan erakunde publiko ugari egon arren, taldearen diru sarreren %14 baino ez dator administrazioetatik. Gainerakoa, %86, «merkatuan lortutako baliabideei» dagokio.

Bere eremuan aberastasuna sortzeko asmoaren harira, oinarria teknologikoa duten 40 enpresa inguru sortzea sustatuko dutela eta, horien artean, 100 milioi eurotik gorako fakturazioa izango dutela jakinarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.