Hasi dira estaltzen Europako Batzordeak tax lease sistema baliogabetu izanak euskal ontzigintzan utzitako zuloetako batzuk. Zumaiako Balenciaga ontziolak jakinarazi du kontratu bat lortu duela petrolio plataformak hornitzeko baliatzen diren bi itsasontzi egiteko. 60 milioi euroren kontratua da, lehenengoa tax lease-aren aurkako ebazpena iritsi zenetik. Zuzenean eta zeharka 350 lagun enplegatzen ditu ontziolak.
Pymar Espainiako Ontziola Txiki eta Ertainen Patronalaren arabera, 720.000 lanordu eragingo ditu kontratu horrek Balenciagan eta hura hornitzen duten lantegietan. Bi itsasontzi horiek ere tax lease sistema bat baliatuko dute —sektoretik kanpoko inbertsiogile batek lagundutako operazioa—, baina hau guztiz legezkoa dela baieztatu du Bruselak.
Eusko Jaurlaritza pozik azaldu da, «frogatu delako nazioartetik eskaintzen zaizkien ontziak egiteko lehiakorrak direla Euskadiko ontziolak». Gainera, kontratuak balioko du finantzaketa sistema berriari konfiantza osoa emateko, haren ustez. Horri esker aurten beste kontratu batzuk itxi daitezkeela ere ohartarazi du. Pasaiako Zamakonarentzat izango direla kaleratu dute hedabide batzuek.
'Tax lease-'aren epaiaren osteko lehen kontratua, euskal ontziola batentzat
Zumaiako Balenciagak bi itsasontzi egingo ditu, eta aurki kontratu gehiago itxiko direla espero du Jaurlaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu