Enplegu sorreraren premiak herritarren artean duen pisuaren itzalean, Azpeitiko (Gipuzkoa) Corrugadosen auziak urrats gehiago egin ditu azken orduetan, EAJ eta EH Bilduren adierazpenen bidez, eta betiere xextra politikoa gaiztotzeko norabidean. EH Bilduko parlamentari Iker Casanovak salaketa gogorrak egin ditu Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuaren aurka. Jakitera eman du Tapiak onartu egin duela Nagore Alkorta Azpeitiko alkatearen aurrean ez dagoela proiektu errealik, «literalki». «Ez dago proiektu industrialik Corrugados irekitzeko». Horiek izan ei dira Tapiaren hitzak, EH Bilduko kidearen arabera.
Casanovaren adierazpenen aurretik, Tapiak aurkakoa esan du hain justu, «oraindik» badela «aukera bat» Corrugados zabaltzeko: «Enpresaren borondatea hor dago oraindik; Jaurlaritzaren eta aldundiaren borondatea ere hor dago. Udalak nahi badu, gu prest gaude». Adierazpen horiei erantzun die EH Bilduko parlamentariak. «Errespetu arau guztiak hautsi ditu Tapiak, ez bakarrik erakundeen artean», kritikatu du. Halaber, sailburuari «ausardia» eskatu dio modu pribatuan esan omen duena «jendearen aurrean esateko».
Tapiak, baina, segurutzat jo du Corrugadosen enplegua sor daitekeela oraindik ere, CL taldeko buruak ETBn herenegun eta Efe agentzian atzo eginiko adierazpenei erreparatuz. Izan ere, Extremadurako (Espainia) Cristian Lay taldeak berretsi egin du proiektu «sendoa eta bideragarria» duela Corrugados zabaltzeko. Gainera, enpresak uste du udalaren hirigintza arauek ez dutela zertan oztopo izan fabrika zabaltzeko, eta Cuatrecasas abokatu zerbitzuaren txosten bati erreparatu diote baieztapen hori egiteko. Edonola ere, Tapiak ez du aztertu nahi izan Azpeitiko Udalaren erantzunak oinarririk duen ala ez. «Hau ezin da izan erakundeen eta alderdien arteko eztabaida bat», nabarmendu du, aste hasierako salaketa gogorrak atzean utzi nahian.
Bistan da: Corrugados auzian zer gertatu den finkatzeko kontakizunean nor baino nor gehiago ari dira Jaurlaritza eta Udala, edo EAJ eta EH Bildu, berdin dio. Eta agertoki horretan EH Bilduk tramiteak abiatu ditu Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak erakuts ditzaten Corrugadosen plan industrial bat dagoela frogatuko luketen agiriak. «Jaurlaritzak enpresa bideratu du urratsak egiten joateko, jakinda errealitatearekin egingo zuela topo», esplikatu du Casanovak; «EH Bilduri proiektua oztopatzea egotzi ahal izateko» egin ei dute hori EAJko arduradunek. Izan ere, parlamentariak esan du gobernuak «gaur bertan» atera ditzakeela Corrugadosi buruzko agiriak, eta ez badu horrela egiten «kea saltzen ari dela» ulertuko dutela herritarrek. «Ez dago plan industrialik, ezta udal hirigintza arauekin egokitzeko legezko modurik ere».
Alkatea babesteko deialdia
Azpeitiko hainbat herritarrek Alkorta alkateari babesa emateko ekitaldi bat antolatu dute biharko, 12:00etan, herriko plazan. Sare sozialetan zabaldutako bide batean jakinarazi dute ekitaldiaren zergatia: «Une zail hauetan gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi dizkiogu Azpeitiko Udalari. Bereziki, Nagore Alkorta alkateari. Corrugados auzian gure alkatea gardentasunez eta profesionaltasun handiz aritu dela defendatu nahi dugu». Haien hitzetan, «asko dira» alkatearekin bat egiten dutenak, eta babes hori kalean erakusteko unea delakoan deitu dute ekitaldira.
«Corrugados auzia eztabaida politiko eta mediatikoaren erdian kokatu da. Hitz egin dute politikariek, hitz egin dute kazetariek, eta hitz egin dute enpresarien patronalek. Uste dugu herritarroi ere badagokigula hitza hartzea», azaldu dute bideoan. Izenik aipatu gabe, adierazi dute «asaldatuta» daudela «ardura handiko politikariek herriaz, udalaz eta, bereziki, Nagore Alkorta alkateaz esandakoekin». Haien hitzetan, alkateak informazioa eman du, zalantzak argitzen saiatu da, eta aurpegia eman du «une oro». Gainera, gaia ezagutzen duela eta koherentziaz jokatu duela nabarmendu dute larunbateko ekitaldira deitu dutenek.
«Kez eginiko gazteluak saltzen dabiltzanei», berriz, mezu bat bidali nahi izan diete: «Denak ez du balio. Gezurra eta manipulazioa jarrera itsusiak dira, politikan eta bizitzan». Giroa nahastea, gezurretan aritzea eta «ilusio faltsuak» ematea leporatu die herritar talde horrek Corrugados irekitzeko proiektua badela esan dutenei.
Auziari buruz hitz egin duen beste eragile bat LAB sindikatua da. «Ustezko» proiektuaren agiriak erakusteko eskatu du, eta alderdien arteko xextra amaitzeko. Sindikatuena ez dela inolako informaziorik iritsi jakinarazi du.