Lan merkatua. Enpresak

Tapiak esan du lan eremuan ez dagoela COVID-19aren agerraldirik

Kaleratzerik ez izateko soldatak jaistea proposatu du berriz ere. Aiaraldeko alkateekin batera, eskualdeko enpresekin bilduko da

Ander Añibarro, Arantxa Tapia eta Josune Irabien, atzoko bileran. IREKIA.
Paulo Ostolaza.
2020ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
«Hasieratik erabaki genuen agerraldiak izan diren guneak eta haien inguruak kontrolatu behar genituela; horretan jarraitu behar dugu, izan aisialdi, garraio edo lan eremuak, non, gainera, ez den agerraldirik izaten ari». Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretarako sailburuak hala defendatu zuen atzo langileak beharrera itzultzeko hartu zuten erabakia, Onda Vasca irratian.

Tapiaren iritziz, frogatuta dago osasuna babestearen eta jarduera ekonomikoarekin jarraitzearen arteko oreka aurkitu behar dela, nahiz eta horrek «esfortzu ikaragarria» eskatzen dien osasun langileei: «Euskal gizarteak udazkenean izango duen erronkarik handiena da oreka hori aurkitzea».

Azken asteetan hainbat enpresak iragarri dituzten kaleratzeen inguruan, adierazi zuen Jaurlaritzak «dena emango duela» konponbideak aurkitzeko. Tapiak proposatu zituen batzuk. Batetik, ordu poltsak sor daitezkeela esan zuen, eta, bestetik, azken asteetan gehien babesten ari den aukera aipatu zuen, langileei soldatak murriztea: «Egoera txarra delako egin daiteke hori, enpresak une zail honetatik irteteko eta, berriz irabaziak dituztenean, soldatak berreskuratzeko».

Aiaraldeko alkateekin

Tapiak bilera bat ere egin zuen atzo Ander Añibarrorekin eta Josune Irabienekin, Laudioko eta Amurrioko alkateekin. Langabeziak gogorren jo dituen eremuetako bat da Aiarako eskualdea—besteak beste, han daude Tubacexen lantegi nagusiak—.

Ekintza batzuk adostu zituzten. Lehenik, eskualdeko enpresa nagusiekin bilduko dira haien informazio zehatza eskuratzeko, hala, krisiaren eraginak arintzeko ezarri beharreko neurriak zehaztu ahal izateko.

Horrez gain, erabaki zuten berriz ere abiatzea Eusko Legebiltzarrean eratutako Aiaraldeko Sozioekonomia Lantaldea, Jaurlaritzak eta udalek hartzen dituzten erabakiak koordinatzeko eta eztabaidatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.