Corrugadosen balizko itzuleraren harira, gogortzen ari da tirabira Azpeitiko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean. Fabrikak itxi arte zuen lekuan berriro jarduera hastea ez dela posible argudiatu du Nagore Alkorta alkateak (EH Bildu), herriko hirigintza plan berriak ez duelako aukerarik ematen. Baietz erantzun zion atzo Arantxa Tapiak, ez dagoela «hirigintza arazorik», baizik eta « arazo politiko bat».
2013an onartu zuen Azpeitiko Udalak Hirigintza Plan Orokorra, EH Bilduren eta EAJren botoekin. Plan horren 112. orriak argi dio Corrugadosek 2013 arte bete zuen eremuak, Amue izenekoak, industria izaera galduko duela. Herrigunetik gertu dagoenez, han etxeak egitea zen udalaren asmoa, oraingo instalazio zaharkituak bota ondoren. Industriari lotutako jardunak, berriz, Trukutxon kokatu nahi ditu, Zestoara doan errepidearen ondoan. Jabier Larrañaga Gipuzkoako Sustapen Ekonomikorako diputatuak esan du proposamen hori ez dela «egingarria» eta enpresak baztertu duela.
Udalaren gaineko presioa handitu du Tapiak. «700 lanpostu arriskuan» jartzea leporatu dio, eta erabaki bat bizkor hartzeko eskatu du, Corrugadosen oraingo jabeak, Cristian Lay taldeak, duela hilabete azaldu zuelako interesa. «Jarduera hori egin nahi duen pertsona erantzun baten zain dago, eta ezin diogu gehiago itxaronarazi, halako aukerak hartu behar direlako pasatzen direnean».
Azpeitiko Udalak batzar ireki bat antolatu zuen asteazkenean Corrugadosen harira. Korapiloa askatze aldera, herri galdeketa bat egiteko aukera aipatu zuen herritar batek. Josu Labaka Hirigintza zinegotziak ez zuen aukera baztertu, baina orain ezin dutela egin erantzun zuen, ez dutelako proposamen zehatzik.
Tapia: «Corrugadosen ez da hirigintza arazorik; politikoa da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu