Talgoko presidenteordeak dimisioa eman du, eta bidea erraztu dio Sidenorri

Jaurlaritzako Industria Sailak zera adierazi du: «Sidenorrek Talgoren parte bat erostea gertu dago. Gaur eta ondo itxi behar da operazioa».

Talgo tren konpainiaren plantetako bat. EFE
Talgo tren konpainiaren plantetako bat. EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko otsailaren 14a
10:25
Entzun

Gaur amaituko da Talgoren akzioen %29,9 erosteko eskaintzak aurkezteko epea, eta, itxura guztien arabera, Sidenor altzairutegia buru duen euskal partzuergoa izango da hautagai bakarra. Partzuergo horren kide dira, halaber, Eusko Jaurlaritza, BBK eta Vital Kutxa, eta Mikel Jauregi industria sailburuak adierazi du akordioa «oso gertu» dagoela eta «gaur eta ondo» itxi behar dela. Horren zantzu bat da Jose Maria Oriol y Fabra Talgoko presidenteordeak dimisioa eman izana gaur, «arrazoi pertsonalengatik». 

Zergatik eman du dimisioa? Oriol y Fabra, Talgoren administrazio kontseiluko kide izateaz gain, konpainiako akziodun ere bada. Bere akzioak Pegaso jabe multzoan ditu, eta multzo horretan Trilantic ere badago. Talgoren administrazio kontseiluak Sidenor eta euskal partzuergoaren eskaintza onartu ala ez erabaki behar du gaur, eta, enpresa barneko karguari eutsiz gero, interes talka egon zitekeen. Eta talka horren susmoak eragozteko eman du dimisioa. Azken egunetan, administrazio kontseiluko beste hiru kidek eman dute dimisioa arrazoi berarengatik.  

3,91

 

Talgoren akzioen balioa Talgoren akzioek 3,91 euro balio zuten atzo. Hori zen haien prezioa merkatua itxi zenean. Haien balioak %9 egin zuen behera atzo, eta gaur goizean ere behera egiten ari dira. Espainiako Gobernuak kanpoko eskaintzei bidea oztopatuko ziela jakitearen ondorio da. Lehiarik egotekoa ez bada, prezioak behera egiten du. Euskal partzuergoaren eskaintza akzioko 4,15 euro da, eta aldagai jakin batzuen arabera 4,8 eurora igo daiteke. 

Jauregik zehaztu du gaur-gaurkoz euskal partzuergo hori dela Trilanticen akzio multzoak erosteko eskaintza egin duen bakarra. Sailburuak ulertzera eman du konpainiaren egoitza Euskal Herrira ekartzea dela asmoa: «Euskal Herrian jaio zen, eta Madrilera joan behar izan zuen terrorismoaren gaitzarengatik». Dena den, zehaztu du erabaki hori Talgoren akziodun guztiek hartu beharko dutela. Talgok gaur egun 700 langileko planta bat du Ribabellosan (Araba).

Gaur amaituko da tren konpainiaren akzioen %29,9 erosteko eskaintzak egiteko epea, eta oso litekeena da euskal partzuergoarena bakarra izatea. Atzerriko inbertsiogileek pausoa ez ematea erabaki omen dute.

Presidenteordearen dimisioa aipatzean, «prozesuaren parte» dela azaldu du sailburuak. Salmenta orain «kontu pribatua» dela gehitu du, eta pertsona horrek, erabakian sartuta egon beharko lukeenez, bidetik kentzea erabaki duela. 

Era berean, Jauregik erantsi du erabateko elkarlanean aritu direla Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua. Azken egunetan Espainiako Gobernuak mugimendu diplomatikoak egin ditu talgo erosteko egon zitezkeen atzerriko eskaintzak oztopatzeko. Industria garapenerako Poloniako funts nazionalak Talgo osoa erosteko asmoa zuela jakinarazi zuen, baina azkenean atzera egin du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.