Talgoren mataza

Korapilatsua da tren egilearen egoera. Industria proiektua bermatuko liokeen bazkide bat behar du, baina interes ekonomikoek eta politikoek talka egiten dute bide horretan.

Talgoren fabrika bat, Madrilen. J.P. GANDUL / EFE
Talgoren fabrika bat, Madrilen. J.P. GANDUL / EFE
aitor biain
2024ko irailaren 1a
05:00
Entzun

Askatzen zaila dirudien mataza batean dago Talgo. Trenen ekoizlea ez atzera ez aurrera dago, trenbidearen zein noranzko hartu zalantzan. Daukan lan guztiari aurre egin ezinik dabil, itota, eta ez daki nola atera egoera horretatik. Egoera are gehiago korapilatu da asteon, Hungariako Magyar Vagon-Gaz Mavag konpainiari Espainiako Gobernuak Talgo erosteko jarri dion betoaren ostean; izan ere, tren egilearen etorkizuna argitzetik are urrunago jarri du erabakiak.

Magyar Vagonek 617 milioi euro eskaini zituen Talgo erosteko (bost euro akzioko), baina erretiratu egin du eskaintza publikoa, Madrilen ezezkoaren ostean. Hungariako taldeak, halere, tren ekoizlea erosteko nahiari eusten dio, eta ez du baztertu akzioen %100 erosteko beste eskaintza publiko bat aurkeztea aurrerago. Oraingoz, baina, iragarri du helegitea aurkeztuko duela Espainiako Auzitegi Gorenean. Europako Batasunera ere jotzeko prest dago, nahiz eta Bruselak Madrilen erabakia babestu duen.

Auzitegietako korapiloa askatu artean, Talgoren teilatuan dago pilota orain. Haren esku dago alternatiba bat bilatzea. Industria proiektua bermatuko luketen bazkideak edo bat egiteko prest egon litezkeen konpainiak bilatu ditzake. Txekiako Skoda Transportation tren ekoizlea, hain zuzen ere, prest dago horretarako. Espainiako Gobernuak sustatu du elkarren arteko fusioa, baina Talgoren zuzendaritzak berak baztertu zuen.  

Matxuren krisia

Talgok lan karga ziurtatuta dauka gutxienez 2030era arte; are gehiago, beste enpresa askok nahi luketen eskaera zorroa dauka, 4.000 milioitik gorakoa. Baina ezinean ari da horri aurre egiteko, eskulan eta lantegi nahikorik ez duelako. Egin ditzakeenak baino tren gehiago zor ditu konpainiak. Espainiarako ez ezik, Danimarkarako eta Alemaniarako ere egin behar ditu trenak.

Alemaniari dagokionez, esaterako, Deutsche Bahn trenen konpainiak 100 tren egiteko eskaera egin zion, 2.300 milioi euroren truke. Kontratuaren arabera, lehen aleak iaz ziren martxan jartzekoak, baina epez kanpo dabil. Lanak izan ditu bere bezero nagusiari, Renferi, saldu zizkion trenak ere garaiz egiteko; ia lau urteko atzerapena izan du inoiz izan duen eskaerarik handienari erantzuteko. Eta horrek krisi sakona sorrarazi dio Espainian.

«Talgok eskaini zuen tren berriak batez besteko ekoizpen kostua baino %40 merkeago egitea. Merkeegiak ziren, baina Talgoren helburua zen negozioa mantenuarekin egitea» 

EKAIN MUNDUATE Tren ingeniaria

Izan ere, Renfek maiatzean jarri zituen martxan Talgoren abiadura handiko tren berriak, Avril izenekoak, baina matxura ugari izan dituzte harrezkero. Askotarikoak izan dira matxura horiek, trenetan ingeniaria eta aditua den Ekain Munduatek azaldu duenez: «Pantografoekin izan dituzte arazoak, ERTMS seinalizazio eta segurtasun sistemarekin, balaztekin, ateekin, trakzioa kontrolatzeko softwarearekin ere, eta baita gurpilen zabalera aldatzeko sistemarekin ere».

Bostehun intzidentzia baino gehiago zenbatu dira denera. «Arazoak denetarikoak izan dira, orokorrak, eta horrek eragin du kezka, matxurak ez baitira zehatzak». Munduatek zehaztu du «konplexutasun handiko» trenak direla, halere, abiadura handian trenbide zabalera ezberdinetara egokitzeko gaitasuna dutelako, eta Europako beste trenek baino bidaiari gehiago garraiatzeko modua dutelako. «Orain arte homologatuta daudenak 250 kilometro orduko abiadurara iristen diren trenak dira, baina Talgok lortu du orduko 330 kilometroan doazenak homologatzea».

Talgok Renferi saldu zion tren bat, Galiziako geltoki batean. SALVADOR SAS / EFE
Talgok Renferi saldu zion Avril tren bat, Galiziako geltoki batean. SALVADOR SAS / EFE

Tren merkeegiak

Krisiaren jatorria, baina, 2016an dagoela gogorarazi du Munduatek, megakontratu sonatuaren adjudikazioa egin zenean, alegia. 2.600 milioi euroko kontratua lehiaketara atera zuen Renfek, 30 tren berri egiteko eta 40 urtean haien mantentze lanak egiteko enkarguarekin. Talgok irabazi zuen lehiaketa hura, besteak beste CAF, Alstom eta Siemens atzean utzita.

Askok zalantzan jarri zuten, ordea, Talgoren eskaintza, trenak lehiakideek baino askoz merkeago egitea eskaini baitzuen. «Talgok eskaini zuen tren berriak batez besteko ekoizpen kostua baino %40 merkeago egitea. Merkeegiak ziren, nire iritziz, baina Talgoren helburua zen negozioa mantenuarekin egitea», azaldu du Munduatek.

Hori aski ez, eta fidagarritasun nabarmen handiagoa eskaini zuen Talgok, Renferen adjudikazioa lortzeko. «Lizitazioan, Talgok esaten zuen bere abiadura handiko tren berriek %99,09ko fidagarritasuna izango zutela; aldiz, Siemensen trenek %94koa zuten, eta CAFenek, %91koa», nabarmendu du Munduatek. «Talgoren kasuan, ikusi da ez dela esandakoa bete».

Hain zuzen, Oscar Puente Espainiako Garraio ministroak berriki adierazi du «oso arriskutsua» izan zela lehiaketa hura Talgori adjudikatzea; besteak beste, berrikuntza ugari zituen prototipo bat besterik ez zelako haren trena. Ministroaren iritzi berekoa da Munduate ere: «Kontratu publikoen adjudikazioa nola egiten den birpentsatu beharko litzateke: merkeenari emateak halako arriskuak ekar ditzake».

Trenbide zabalera, funtsezkoa

Trenetan izandako huts teknikoen ondorioz, Renfek ezin izan du zerbitzua behar bezala eman, eta salatu egin du Talgo. Dozenaka milioi euroko ordaina eskatu dio, nahiz eta matxura gehienak konpondu dituen dagoeneko, eta maiatzean eman zizkion 22 trenetatik 21 martxan dauden. Aurrez, entregak atzeratzeagatik salatu zuen konpainia, eta 166 milioi euroko isuna jarri zion.

Baliteke dirutza horri aurre egin behar izateak are gehiago korapilatzea Talgoren egoera, eta are gehiago sakondu krisia. Ikusteko dago, halaber, zer ondorio eragiten duen Renferekin historikoki izan duen harreman onean. Izan ere, Munduatek nabarmendu du Talgok «ekarpen handia» egin diola Renferi, besteak beste, hari esker berritu dituelako trenak eta trenbide sarea.

«Talgorekin gertatzen ari denak zer pentsatua eman behar dio Espainiari, teknologia jakin batekiko dependentzia handia eragiten baitio» 

EKAIN MUNDUATE Tren ingeniaria

Baina Talgo estrategikoa da Madrilentzat, batez ere abiadura handiko trenen fabrikatzaile nagusia delako. «Trenbide zabalera ezberdinetara egokitzeko gai diren trenak ekoizten dituen bakarra da Espainian. 1960ko hamarkadan jarri zituzten martxan aurrenekoak», gogorarazi du Munduatek. Eta hori da, hain justu ere, Espainiako trenbide sareak egun duen «puntu beltzik handiena».

«Talgorekin gertatzen ari denak zer pentsatua eman behar dio Espainiari, teknologia jakin batekiko dependentzia handia eragiten baitio», esan du Munduatek. «Orain, Talgo eta CAF gai dira horri erantzuteko, baina, kanpoko enpresa batek erosten baditu, arazoak izan ditzakete».

«Ustekabean harrapatu gaitu guztiok»
KEPA ALKAINE, TALGOKO LANGILE BATZORDEKO KIDEA (CCOO)

Talgo enpresako langilea eta CCOO sindikatuko kidea da Kepa Alkaine. Azaldu du «ezjakintasunean» murgilduta daudela langile guztiak: «Ez dakigu zer gertatuko den, baina plan industrial sendo bat behar dugu».

Kezkatuta zaudete enpresaren egoeraz?
Oraintxe bertan, dena da ezjakintasuna. Zuzendaritzari bilera bat eskatu diogu, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso. Prozesua luzatuz joan da, eta orain oporretan harrapatu gaitu asko.

Zein da zuen kezka nagusia?
Ez dakigula ezer; ez nor etorriko den, ez zer egingo duen. Nola edo hala, nahi dugun bakarra plan industrial egonkor bat da. Berdin digu nork egiten duen, eta ez da gure ardura nork egingo duen erabakitzea, baina fabrika eta lanpostuak bermatzeko plan bat izan behar du. Ez digu balio lau edo bost urtez fabrika mantentzen ahaleginduko den erosle bat izateak eta gero lantokia beste herrialde batera lekualdatu nahi izateak.

Prozesu guztian zer informazio eman dizuete langileoi?
Enpresak une oro izan gaitu jakinaren gainean, eta Hungariako taldearekin ere bildu ginen behin. Baina Espainiako Gobernuaren erabakiak ustekabean harrapatu gaitu guztiok. Askok hedabideen bidez izan dugu gertatutakoaren berri. Bagenekien trabak jartzen ari zela, baina ez genekien zeintzuk izango ziren. Imajinatzen dut erabaki hori hartu badute ondo egongo dela, eta arrazoiak izango dituztela horretarako.

Presiorik sentitzen duzue eskariei erantzuteko astirik ez duzuelako?
Ez dugu presio zuzena sentitzen, baina ohartzen gara, noski, material eta espazio faltaz. Filigranak egiten ibiltzen gara, eta postuaren arabera, are gehiago. Azkenean, fabrikak edukiera jakin bat du; ditugun eskaera guztiekin, lan karga handitu da, eta ez gara iristen. Fabrikak handitzea behar dugu.

Eusko Jaurlaritzarekin eta Espainiako Gobernuarekin bildu zineten uda aurretik. Zer esan zizueten?
Adi egongo zirela esan ziguten, eta laguntzen saiatuko zirela. Azken batean, Talgo Arabako enpresa garrantzitsuenetako bat da, eta 700 langilek baino gehiagok lan egiten dugu bertan, azpikontratetakoak eta bestelako kontratuak dituztenak kontuan hartu gabe. Dagoeneko bilerak eskatu dizkiegu sindikatuaren bidez ministerioei eta zuzendaritzari, baina zain gaude oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.