Talgok Ribabellosan (Araba) duen lantegiko beharginek elkarretaratzea egin dute gaur. Enpresak jakinarazi berri die helburuen araberako aurtengo ordainsaria ez diela emango. Arabako plantan ordezkaritza duten hiru sindikatuek —CCOO, UGT eta CSIF— batera egin dute deialdia, eta erantzun handia izan du. Deitzaileen arabera, 700 langileetatik 500 inguruk egin dute protestarekin bat; argitu dutenez, goizeko txandan dauden ia gehienek.
Ribabellosako lantegiaren zuzendaritzak joan zen astean jakinarazi zien langileen ordezkariei martxoan eman ohi duten ordainsari hori bertan behera uzteko erabakia, Renfek enpresari ezarritako isunak galerak ekarriko dizkiela argudiatuta. Izan ere, Renfek 116 milioi euroko kalte ordaina ezarri dio Talgori, abiadura handiko 30 trenen enkarguan bi urte baino gehiagoko atzerapenak egon direlako. Jakinarazi diete horren ondorioz urtea galerekin itxiko dutela eta ordainsaria ez dietela emango. Sindikatuek azaldu dute helburuen araberako ordainsari hori langile baten urteko soldataren %12 izan daitekeela.
🔴TALGO Borrokan🔴
— Industria Federazioa (@CCOOindustria) February 20, 2025
▪️No vamos a permitir que nos nieguen lo que es nuestro!
▪️Objetivo cumplido, paga lo merecido!
👉🏼Por nuestra paga de objetivos variables de 2024!
🔥Zor digutena ordaindu dezatela! pic.twitter.com/xUxZrtl3eI
Langileek, baina, uste dute atzerapen hori ez dela haien erruz gertatu, baizik eta Talgok egindako kudeaketa txarraren ondorioa dela. «Bagenekien Renferen eskaera garaiz betetzea konplexua zela, baina guk lan egin dugu. Pandemia garaian, beste lantegi batzuek itxi egin zuten, baina guk lanean jarraitu genuen. Gogor lan egin dugu, eta merezi dugu ordainsaria», azaldu du Kepa Alkaine CCOO sindikatuaren ordezkariak. CCOOk du ordezkari gehien Ribabellosan: bederatzi kide. UGTk eta CSFIk bosna ordezkari dituzte.
Sindikatuek ohartarazi dutenez, gaurko protesta lehenengoa izan da. Baina iragarri dute aztertuko dutela ekintza gehiago egitea, betiere enpresak iritzia aldatzen ez badu eta martxoan ordainsaria ematen ez badie.