Talgoren egoitza Arabara itzultzea; horixe izan zen motibazio nagusia Sidenorrek, Eusko Jaurlaritzak —Finkatuz funtsaren bidez— eta BBK eta Vital fundazioek osatutako partzuergoak Talgoren akzioak erosi zituenean. Jatorriz euskal enpresa da Talgo —1942an sortu zen—, baina duela urte batzuk Madrilera eraman zuen egoitza soziala. Lantegi nagusia, baina, Ribabellosan du (Araba).
Aste honetan, Espainiako Gobernuaren diplomazia mugimenduak eta negoziazioak etengabekoak izan dira. Sidenorren eskaintzarekin lehian ari ziren beste konpainiek —Poloniako PFR eta Indiako Jupiter— albo batera egin zuten, eta, azkenean, Talgo ez da atzerriko kapitalaren esku geratuko.
Sidenorrek azaldu duenez, bere azken eskaintza akzioko gehieneko bost eurorena izan da, helburuei lotutako akzioko 0,85 euroko sari aldagarria barne, eta orotara operazioa 185 milioi eurorena.
Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak esan du erosketa «albiste bikaina» dela eta Talgoren «sustraitzea eta garapen industriala» ziurtatuko dituela. «Operazioa lankidetza publiko-pribatuaren adibiderik onena da, Euskadiko industria indartzeko bide gisa eta, hartara, euskal gizarte osoaren ongizatea indartzeko bide gisa. Argi dugu industria dela Euskadiren motorra eta indarra, horrek bermatzen duela gure bizi maila handia, eta horrek sortzen dituela aberastasuna eta enplegua», adierazi du Jauregik.
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak sare sozialetan azpimarratu du operazioaren garrantzia. «Baterako ahaleginari esker, hemen lehiatzen eta inbertsioa erakartzen dakigula erakutsi dugu».
TALGO Euskadira iristea albiste bikaina da gure industriarentzat eta enpleguarentzat. Baterako ahaleginari esker, hemen lehiatzen eta inbertsioa erakartzen dakigula erakutsi dugu. Industria funtsezkoa da gure etorkizunerako, eta horren aldeko apustua egiten jarraituko dugu.
— Imanol Pradales Gil (@imanolpradalesgil.bsky.social) February 14, 2025 at 7:06 PM
[image or embed]
Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez ere gustura azaldu da: «Operazio honek sinbolismo handia du Arabarentzat. Talgok Arabako bihotza eta arima ditu, eta erabakigunea gure lurraldera itzultzeak gure nortasun industrialaren ezaugarrietako bat berreskuratzea dakar». Gonzalezek espero du, Talgoren errotzearen ondorioz, «gure industria ehuna indartzea, lurralde osoari eta, bereziki, Talgoren hornitzaile arabarrei mesede egitea eta gure enpresentzat aukera berriak irekitzea».
Pello Otxandiano EH Bilduko buruzagiak ere «albiste ona» dela esan du. «Bereziki balioesten dugu euskal finantza-sistema behar bezala erabiltzea lurraldean enpresa estrategiko bat errotzeko».
Begi onez ikusi dugu, hasieratik, Sidenorrek Talgoren %30a bere egiteko ekimena. Uste dugu albiste ona dela Eusko Jaurlaritzak BBK eta Vitalekin batera operazio hau babestea. Bereziki balioesten dugu euskal finantza-sistema behar bezala erabiltzea lurraldean enpresa estrategiko bat errotzeko.
— Pello Otxandiano Kanpo (@pellootxandiano.bsky.social) February 14, 2025 at 7:00 PM
Lan eskerga
Akzioen erosketa argitu ondoren, Talgok lan eskerga du aurretik. Batetik, isunak: 170 milioi euroko isuna ordaindu behar dio Renferi kontratu bat ez betetzeagatik. 2016an, Talgok 2.600 milioi euroko kontratu bat lortu zuen, Renferi abiadura handiko 30 tren berri egiteko eta haien mantentze lanak egiteko, baina ezin izan du enkargua agindutako epean bete. Gainera, tren berriek matxura ugari izan dituzte harrezkero. Bestetik, konpromiso guztiei nola aurre egingo dien. Renferekin ez ezik, trenak fabrikatzeko beste kontratu batzuk ere lotuta dauzka, baina ez du konpromiso guztiei aurre egiteko gaitasunik —lantegiak eta eskulan gehiago beharko luke—, eta eskaerak bete ezinik dago.
Horregatik, lehian pauso bat atzera egin duten beste tren konpainiak —Poloniakoa, Indiakoa eta Txekiakoa— sartuko lirateke joko eremuan. Izan ere, haien lantegiak eta eskulana beharko lituzke Talgok hartuak dituen konpromisoak bete ahal izateko.
Kronologia
- 2023ko azaroa. Hungariako Magyar Vagon taldeak konpainia erosteko asmoa agertu zuen. 2024ko martxoan aurkeztu zuen eskaintza: akzioen %100 erosi nahi zuen, akzio bakoitza 5 euroan; 619 milioi euro guztira.
- 2024ko uztaila-iraila. Skoda Transportation tren fabrikatzaile txekiarrak Talgori eskaini zion bi enpresen arteko fusioa egiteko, baina Talgoko administrazio kontseiluak aukera baztertu zuen, akziodunek erosteko eskaintza publikoa (EPP) nahiago zutelako.
- 2024/08/27. Espainiako Gobernuak betoa ezarri zion Magyar Vagon hungariarrari. Talgoko akziodunen oniritzia zuen operazioak, baina Talgok izaera estrategikoa duela argudiatuta, atzerriko inbertsioak mugatzen dituen dekretua baliatu zuen. Magyar Vagonek Viktor Orban presidente ultraeskuindarrarekin lotura edukitzeak ez zuen begi onez ikusi Espainiako Gobernuak.
- 2024ko urria-abendua. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuen lanean ari zela Talgok Euskal Herrian errotuta jarrai zezan. Lankidetza publiko-pribatua proposatu zuen gobernuak, eta, Finkatuz funts publikoarekin batera, beste enpresa batzuekin negoziatzen ari zirela aurreratu zuen. Handik egun batzuetara, Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak iragarri zuen eskaintza bat egiteko prest zegoela. Akzioko 4 euro eskaini zuen. Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso zuen.
- 2025/02/06. Eusko Jaurlaritzak —Finkatuz funtsaren bidez—, BBK eta Vital fundazioek bat egin zuten Sidenorrekin, eta Talgoren kontrola hartzeko asmotan, Jainagaren hasierako eskaintza hobetu zuten. 4,15 eurora igo zuten akzioko prezioa, eta 4,8 eurora igotzeko aukera zabaldu zuten Talgok 2027rako eta 2028rako aurreikusita dituen helburuak lortuz gero. Orotara, 177 milioi euroko operazioa: 45na milioi Sidenorrek, Finkatuz-ek eta BBKk jarriko lituzkete, eta 20 milioi euro Vitalek.
- 2025/02/08. PFR Poloniako funts publikoak (Pesa tren konpainiaren jabea) eskaintza bat egiteko prest zegoela jakinarazi zuen. Bi enpresen arteko elkarlan bat proposatu du abiadura handiko trenen sektorean «Europako txapeldun» bihurtzeko.
- 2025/02/12. Espainiako Ekonomia ministroa, Carlos Cuerpo, Varsovian (Polonia) zegoela, Poloniako prentsan zabaldu zen PFR funts publikoak berehalakoan zabalduko zuela eskaintza. Segurutzat jotzen zuten Talgoren akzioen %100 eta akzioko bost euroren truke erosteko eskaintza jarriko zuela mahai gainean, eta horrek berehalako eragina izan zuen burtsan: Talgoren akzioek %4tik gora igo ziren. Cuerpok Poloniako ekonomia, azpiegitura eta finantza arloko ministroekin bilera amaitu eta gutxira, CNVM Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak ezeztatu zuen PFRk eskaintzarik egin zuenik.
- 2025/02/13. Poloniako PFR funtsak, Espainiako Gobernuaren oniritzirik ez zuela ikusita, albo batera egitea erabaki zuen. Bide bera hartu zuen Indiako Jupiter Wagons tren fabrikatzaileak. Ondorioz, bidea libre utzi zioten Sidenorrek buru duen euskal partzuergoari.